Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Etxearen psikologia

Etxe-bizitza. Bizirik dagoen espazioa. Nor garen adierazten duena; non gure burua baimentzen dugun zikintasuna, utzikeria, zabarkeria, nagikeria tarteka azaltzera; non ez dugun kanporako sortu dugun pertsonaia antzeztu behar, non ez garen disimuluan bizi. Etxea, barne tolesdurak espazioratzen ditugun lekua, gure gorputza eta psikearen luzapena, gure identitatearen eraikitzaile. Eta guk geuk egunero eraikitzen dugun zerbait izanagatik, oso “gurea” sentitzen dugu gure etxearen arkitektura. “Etxean nago” sentsazioak egoera espazial bati erreferentzia egingo dio eta nork berea definituko du, goxotasun inguratzaile bat lortzen duen espazio-txokoren batean, lortutako habi edota babesleku gisa. Etxea gainontzeko espazioetatik ezberdina da, eta zeharleku bat izan daiteke; adibidez, maitalea edo laguna lehenengoz gonbidatzen dugunean etxera, orduantxe, atea igarotakoan, ari da gure maskara zulatzen.

Nahiago nuke pribatutasunaz hitz egin beharrean, etxea intimoaren esferarekin harremandu, eta ahal dela, publiko-pribatu banaketatik urrutiratu. Hori esanik ere, etxea intimitatearen espazioa baino gehiago da. Esentzia metafisiko eta biokulturalez erantsita dagoela irakurri dut. Hitz potolo horiek diote, etxea balio sinbolikoz horniturik dagoela eta etxeaz egiten dugun ulerpena ez dagoela inguratzen gaituenetik isolatuta –osatzen gaituen beste elementuekin gertatzen den bezala–, eta, beraz, garai bakoitzeko eraikuntza sozialaren influentziapean dagoela. Etxeaz egindako irudikapenek –arkaikotasun maila handiarekin– etxearen definizio arkitektoniko bat txertatzen dute gugan eta, era berean, etxea adierazteko ereduak oinordekotzan jasotzen ditugu. Etxearen arketipo horiek “etxeak izan behar duena” zedarritzen dute, egiazko etxearen ideia problematikoa eraikiz. Bide horretatik, etxearen irudi eta ulerkera “erromantiko” batez hitz egin genezake.

Norberekotasuna eta irudikapen soziokulturalak gainean ditugula proiektatzen da etxe bat. Arkitekto baten ikuspegitik, etxean biziko denarekin edo direnekin lan egiteak interes psikologiko eta antropologiko handia du, pertsona horiei buruzko informazio esanguratsuarekin lan egitea esan nahi duelako eta, aldi berean, gizarteak etxeari eskatzen dizkion behar funtzional eta sinbolikoekin. Norberaren etxeaz gogoeta egiterakoan, bizitako etxe-esperientziak pisu handia du, inpronta bat delako. Etxean islaturik ikus daiteke: kanpoko begiradari eskaintzen zaion lekua, jasotako etxe-ideiarekiko dagoen atxikimendua, erosotasuna ulertzeko modua, espazio-luxua interpretatzeko bidea, eta, noski, kultura arkitektonikoa dagoen edo ez. Zer esanik ez, maitasun ereduaren irudikapena ere igortzen dugula etxearen espaziora. Horrekin guztiarekin adierazi nahi da etxearen arkitektura egitura psikikoen adierazlea dela eta irakurketa sozial, politiko eta emozionalak egiteko iturri dela, hala nola barne hausnarketarako leku. •