Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
La Furia
rap abeslaria

«Itxialdiak nire burutik gauza asko kendu ditu, gorrotatzeko denbora gutxiago daukat orain»

Bira berriko lehen kontzertua eta azkena eman zuen Bruselan, martxoaren 8an. Itxialdian leihoak zabaldu ditu sare sozialetan; kontzertuak, topaketak eta ahalduntze feministarako rap tailerrak.

Alarma egoerak oso une berezian harrapatu du La Furia rap abeslari nafarra (Nerea Loron, Cascante, 1983). Martxoaren 8an hasi zuen bira Bruselan, joan den uztailetik agertokietatik kanpo egon ondoren. Abuztuan erditu zen eta bere azken kontzertua zortzi hilabeteko haurdun zela eman zuen. «Erditzeko eta hazkuntzarako geratzea erabaki nuen hilabete batzuetan». Hartara, Bruselan eman zuen birako lehen kontzertua eta, oraingoz, azkena.

Bere azken lana “Pecadora Vol.1” izenekoa da, bi zatitan emateko asmoa duelako. Oraingoz hiru abesti dauzka osatuak, hurrengo diskoaren parte izango direnak. «Disko osoa batera eman beharrean, pixkanaka ematea erabaki dugu». Eta bere azken lana aurkezteko grinatsu zegoela, olatura igotzeko gogoz zegoela, jaitsi eta etxera, itxialdira. Hala ere, etxetik leihoak zabaldu ditu, Instagramen lagun dituen eta sonatuak diren emakumeekin elkarrizketak antolatu ditu eta ahalduntze feministarako rap ikastaroak ematen ari da online.

Justu bira berria hastera zihoazela, erabat geratu beharra. Nola daramazu?

Ez da erraza egoera hau emozionalki kudeatzea. Baina aurretik zure buruari begiratzeko eta zure burua zaintzeko saioak egin badituzu, erremintak dituzu egoera berri honetarako ere. Finean, hau derrigorrez eta erabat geratu beharra izan da, baina geratzea mesedegarri gerta daiteke norbere buruari begiratzeko baliatzen bada. Hausturak daudenean beti irekitzen dira bide berriak, nahiz eta batzuetan ez ditugun ikusten. Oso argi egoten saiatzen ari naiz, bide berri horiek ikusi ahal izateko.

Egia da egoera korapilatsua dela, egoera ekonomikoa ahulagoa dela, zortzi hilabeteko haurtxo bat dagoela etxean eta batzuetan lainotu egiten dela panorama.

Lainoak eta argiak, denetarik dago itxialdian, ezta?

Bai, nik fase desberdinak pasatu ditut. Une batean raparen mundua aparte utzi beharko nuela pentsatu nuen. Ni gizarte hezitzailea naiz, berdintasunean aditua, haur hezkuntzako ikasketak ere baditut… eta pentsatu nuen lana bilatzen hastea nire ikasketen inguruan. Nik ez dakit lanik egin gabe egoten eta, asko hausnartu gabe, lana topatzen hasteko behar bat sentitu nuen. Beti egiten, egiten, egiten ari naizela sentitu behar dut eta erotuta bezala hasi nintzen lana topatzen. Baina hausnarketarako tartea hartu nuenean, pixka bat gelditu eta hausnartzen hasi nintzenean, konturatu nintzen akaso niretzat oraintxe ez dela aukerarik onena gizarte langileen sektorean lanean hastea. Ordutegi luzeak dira, asteburuak lanean… eta haurtxo bat daukat etxean. Ni beti ekintzan aritu izan naiz, egiten, eta orain beste gauza batzuk ikasten ari naiz; geratu eta pentsatzen.

Koronabirusak bere partea izango du «geratu eta pentsatu» zure ikasketa horretan. Baina etxean dabilen txikiak ere badauka berea, ezta?

Bai, parte handi-handia. Amatasunagatik ez balitz, oraintxe ez dakit non egongo nintzateke lanean egunean ordu mordo batez. Nik sinisten dudan feminismoak esaten du bizitza erdigunean jarri behar dela eta niretzat amatasuna bizitza erdigunean jartzeko modu basatia izan da. Hau da garrantzitsua, hau zaindu egin behar da eta ondo zaindu behar da. Horregatik, beste modu batzuk bilatzera jo dut, beste aukera batzuk aztertzera.

Osasun alarma honetan inoiz baino garbiago ikusi da bizitza erdigunean jartzeko beharra. Honetatik lehen baino hobeto aterako garela sinisten duten baikorren taldekoa al zara?

Hasteko, jende asko asko ez da hemendik aterako, hori ez genuke ahaztu behar. Arazoak, gaixotasunak, geldialdiak... gauzak aldatzeko aukerak direla uste dut. Baina, era berean, jende askok gauzak ez dituela aldatu nahi uste dut. Kontua ez da gauzak aldatzen badakigun edo ez dakigun, zuzenean bada jende asko ez zaiona interesatzen gauzak aldatzea eta botere gehien duen jendea da hori. Egia da gure burua birpentsatzeko aukera dugula: bizi garen modua, kontsumitzen dugun modua, harremantzen garen modua… Bai, aukera bat dela pentsatzen dut, baina ez dakit modu kolektiboan aukera hori baliatuko dugun. Baina maila indibidualean jende asko aldatu egingo dela uste dut, eta, beste asko, ez.

Hausturek, muturreko egoerek, kolpeek aldaketa baterako atea ireki dezaketela diozu. Zure bizitzan konstante bat izan da hori?

Bai, nire bizitzan eta orokorrean uste dut. Nire bizitzan konstante bat izan da nire haserreen jatorria bilatzen saiatu naizela beti. Nire haserre handienen eta sakonenen kasuan urteak eta terapia kostatu zait hori egitea. Baina uste dut gakoa hori dela; minak, egonezinak eta haserreak nondik datozen jakitea. Nire kasuan haserre horiek sekulako indarra daukate, mina amorru bihurtzen da eta amorrua niretzat sekulako energia da. Baina amorrua ez da habitatzeko toki egokia. Amorruaren indarrarekin gauza asko egin ditzaket, baina gero amorru horren jatorria topatu behar dut samurtzeko, sendatzeko eta ondo egon ahal izateko. Ez dut haserre bizi nahi.

Etxetik beste leiho batzuk ireki dituzu. Ahalduntze feministarako rap tailerrak eskaintzen dituzu sarean.

Bai. Nire lanaren parte bat hori da; ahalduntze feministarako rap tailerrak eskaintzen ditut herri desberdinetan; gaztelekuetan, udaletxetako berdintasun sailen bitartez, normalean gaztetxoentzat…

Urte batzuk daramatzat horretan. Geratu eta barrura begira jartzeko prozesu horretan, nire buruari galdetu nion ea zeintzuk ziren nire indarguneak, zer eskaini nezakeen, eta konturatu nintzen normalean aurrez aurre eskaintzen ditudan rap tailerrak eskaintzeko aukera nuela. Egia esan, ez dakit nola ez zitzaidan lehenago bururatu.

Rap tailer horietan edonork eman dezake izena, edozein tokitan egonda ere. Tailerra diseinatu nuen eta sarean eskaini. Eta egia esan harrituta nago jasotako erantzunarekin. Toki guztietako eta adin guztietako jendeak idatzi dit, profil oso zabalera iritsi naiz eta oso-oso pozik nago.

Adin desberdinetako taldeak osatu dituzu.

Bai, uste dut haurren talde bat, nerabeen beste bat eta helduena osatuko ditudala. Egia esan, esperimentu txiki bat izango da. Tailerretako edukiak aurretik oso landuta daude, baina esperimentua izango da horri forma ematea.

Bi aukera daude; lau orduko tailer teorikoa edota sei ordutik aurreragoko tailer teorikoa eta praktikoa. Saio gehienak taldeka egiten dira eta batzuk bakarka eskaintzen ditut. Normalean astebeteko tailerrak dira, astelehenetik ostiralera, egunean ordubete.

Rapa ahalduntze feministarako erreminta modura. Zuretzat horrela izan al da?

Zalantzarik gabe. Ongi etorria ez nintzen toki batean nire ahotsa jartzea izan da. Emakumeen ahotsa isilarazia izan da historikoki eta niretzat rapa bozgorailu bat izan da, isilarazitako ahots batentzat bozgorailua. Rapa ahotsik gabekoen ahotsa dela esaten da. Bere jatorria hori da. Eta nik sustrai horretatik ulertzen dut hip-hoparen kultura.

Raparen bitartez politikoki zuzenak ez diren mezuak modu argian eta irmoan esan ahal izan ditut oholtza baten gainean.

Zure haserreei eta minei ahotsa jartzeko modu bat al da?

Bai, zalantzarik gabe. Gazteagoa zarenean zure arazoak zureak bakarrik direla pentsatzen duzu eta batzuetan partekatzeak berak lotsa ematen dizu, sistemak lan handia egiten baitu emakumeen minak erruduntasunarekin bizi daitezen. Baina arazo horiek beste jende baten aurrean jartzen dituzuenean konturatzen zara gehiago daukatela kolektibotik indibidualetik baino eta oinarrian emakume guztiok sufritzen ditugula, intentsitate eta errealitate desberdinez. Hori partekatzeak efektu katartikoa dauka. Nik beti esaten dut niretzat kontzertuak akelarreak bezala direla, hor gainean jartzen ditut nire minak eta kexak eta publikoak horiek jaso eta beste forma batekin bueltatzen dizkit. Eta horrek sendatu egiten du.

Rap tailerretan hori gertatzen da? Minak ahots gora esaten dira?

Tira, tailerrak ordu batzuk baino ez dira eta beti ez da hori lortzen. Baina niretzat tailerrak prozesu baten parte dira. Ahalduntze feminista ez da sei ordutan lortzen den zerbait, prozesu horrek denbora behar du.

Tailerretan, barrura begira jarri baino lehen –batzuetan horrek beldurra ematen du–, kanpora begira jartzen gara; beste emakume batzuek esaten dutena eta sentitzen dutena ikusten dugu. Hortxe erreferenteak izatearen garrantzia. Besteek sentitzen, pentsatzen edota esaten dutenak norberarena legitimatzen du. “Niri ere gertatzen zait”, pentsatzen duzu. Beraz, tailerretan hasieran erreferente aukera zabala eskaintzen dugu eta rap feministaren historiaren irakurketa bat ere egiten dugu.

Interesgarria izango da astebeteko prozesua ikustea.

Bai, zoragarria da. Baina prozesu hori norberak egiten du, nik pixka bat lagundu baino ez dut egiten. Lehen egunean jende askok esaten du “nik ez dut rapeatuko, entzutera bakarrik etorri naiz”, baina azkenean denek rapeatzen dute. Oso prozesu ederra da eta hor dago ahalduntzea. Zerbaitetarako gai ez zarela pentsatzen hasi eta oso gai zarela ikusten bukatu. Lehendik ere bazinen gai, baina ez zenekien. Hori da ahalduntzea.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Zure kontzertu bat segurtasun espazioekin… dagoeneko imajinatu duzu egoera hori?

Egia esan ez dut ariketa hori egin. Baina egia da honen guztiaren aurretik ez nuela irudikatzen kontzertuak egiteko nire modua ez zen beste modurik. Eta itxialdian online kontzertuak eman ditut, eta aurretik sekula ez nuen horrelakorik imajinatuko. Asteazkenetan eta ostiraletan zuzeneko topaketak egiten ari naiz sarean interesgarriak iruditzen zaizkidan edota lagunak ditudan emakumeekin: Ana Tijoux, Rebeka Lane, Itziar Ituño, Leticia Dolera, Irantzu Varela… Alegia, aurretik inoiz pentsatu ez nituen gauzak egin ditut, egiteko moduei buelta eman diet eta auskalo hemendik aurrera zer egingo dudan.

Baina nire ustez sareetan kontzertuak dohain ematearen formula agortuta dago. Lan handia egin dugu gure lanari balioa emateko eta itxialdian uste dut gure aukeren gainetik eskaini ditugula kontzertuak online dohain. Hala ere, ez dut asko pentsatzen gauza horietan. Oraintxe aste honetan eta hurrengoan zer egingo dudan pentsatzen dut, ez urrutirago. Niretzat modu osasuntsuena hori da, bestela antsietatea sortzen zait.

Kulturak behar duen tokiaz eta kultura kontsumitzeko moduaz hausnarketa beharko litzateke, ezta?

Bai. Norbaiten lanari balioa emateko modua bere lanari duintasuna ematea da; eskubideak, neurriko ordainketak, baldintza egokiak… Horri buruz asko pentsatu dut orain, txaloen garaian. Badakit jende askok borondate onenarekin egiten duela txalo arratsaldero, osasun langileei eta beste langile batzuei bultzada emateko asmo zintzoarekin. Baina heroiak sortzen ditugunean, norbait idolatratzen dugunean, ez gara benetan duen balioa ematen ari. Balioa emateko modua eskubideak ez murriztea eta bere lana ekonomikoki ere modu duinean errekonozitzea da nire ustez. Osasun langileen eta kulturako zenbait sortzaileren kasuan arrisku hori ikusten ari naiz, berez ez dagokien tokian kokatuak izaten ari dira eta hori ez da onuragarria. Duintasuna da lanorduak ez bikoiztu behar izatea, zure lana aitortua izatea, lan baldintza duinak izatea… Horri buruz pentsatu beharko genuke. Heroien diskurtso hori ez dut maite. Ez dira heroiak, eskubideak eta lan baldintza duinak behar dituzten langileak dira.

Egoera honetatik abesti mordoa sortuko zaizu.

Bai, seguru baietz. Dagoeneko ari naiz, baina sortzen ari zaizkidan letra gehienak ez dira norabide horretakoak. Kolaborazioak egiten ari naiz lagunekin; munduko emakumezko rap abeslariekin osatutako disko batean parte hartuko dut, Kanadako lagun rapera batekin kolaborazio bat, Irarekin abesti bat atera dut aste honetan bertan… Baina, harrigarria bada ere, egoera honetan sortzen zaizkidan letrek nirekiko maitasuna adierazten dute. Maite dudan jendearen oso ondoan sentitzen naiz egoera berezi honetan. Ez dakit, itxialdiak nire burutik gauza asko kendu ditu, gorrotatzeko denbora gutxiago daukat orain. Niretzat amorrutik idaztea erraza da, baina normalean azalean dudanetik idazten dut eta une honetan azalean maitasuna daukat.

La Furia eta Iraren arteko abestiak grina eta amorrua izango ote du.

Abestiak “A bocajarro” izena du. Pentsa, abestia ekoiztu zigunak La Furia eta Ira elkartuta beste gauza bat espero zuela esan zidan. Askoz bortitzagoa zen zerbait espero omen zuen, baina poesiara hurbildu gara eta ia maitasun abesti bat atera zaigu [barreak].

Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Madrilen okupa etxe batean ezagutu genuen elkar feminismoa modan ez zegoen garaian, pentsa. Finean, La Furiaren barruan maitasun izugarria dago eta horregatik haserretzen naiz hainbeste. Baina haserre hori maitasunak mugitzen du.