Oihane Larretxea de la Granja

Kroketak ordainetan

Badira zenbait urte auzoko taberna batean sartu eta akademian ikasitako «hello!» plastifikatu batekin agurtu nindutela barraren beste aldetik. Harridura ezkutatu gabe bertakoa nintzela erantzun nion, bizilaguna alegia, eta euskaraz egiteko. Belarri batetik sartu eta bestetik atera zitzaion, jarraian plater bat eman zidalako. Bai, giriekin egiten duten moduan: plater handi bat pintxoz betetzeko.

Oraingoan nire haserrea ezkutatu gabe, bertakoa nintzela errepikatu nion, eta bi kroketa eta bi mosto baino ez nituela nahi, beraz ez nuela platerik behar. Ez dago entzun nahi ez duen baino gor handiagorik. Platera luzatzen jarraitzen zuen, insistitu egiten zuen.

Aspaldi aldatu zen Donostiako Alde Zaharra, txarrera esan nahi dut. Eta izen-abizena dute hori eragin dutenak. Diru goseak mugituta, zenbait ostalarik erosi dituzte tabernak bata bestearen atzetik, “gure betiko” tabernen identitatea lapurtuz, auzoaren arima bahituz, batzuek tabernak eta haietaz gozatzeko ulertzen ditugun moldeak prostituituz. Bai, prostituituz. Diruagatik.

Geroztik, gure auzoaren paisaia eta giroa beste bat dira, geroztik, erraz topa daitezke “besteentzat” diren tabernak. Geroz eta zailago “guretzat” direnak. Etxekoentzat. Ez gara tentagarriak; hobe esanda, haiek dira errentagarriagoak. Japoniarrak, ingelesak, frantsesak… Euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da, denek catering berdinetik ateratzen diren pintxoez hornitzen dute barra eta lokaletako dekorazioa prefabrikatua da.

Garai zailotan bereziki kezkatuta daudela pentsatzen dut. Turismoa nola egin ahal izango dugun. «Etorri ahalko dira gurera?». Ai, nola diren gauzak. Akaso orain bizilagunak, pintxoak jateko platerik nahi ez duten bezeroak, beren sostengu izango diren honetan, nik esaten diet guretzat beranduegi dela jada. Pintxoak eskuekin hartzen direla. •