Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Normaltasuna

Bat-batean lehertu da udaberria. Pantailaz bestaldera zantzu batzuk sumatu uste nituen, baina gaur astebete jabetu nintzen benetan, lore-hautsa zerutik lurrera kamera geldian jausten ikusi nuenean. Sudur-zuloetako azkurak doministiku bihurtu ziren berehala; begietako erremina eta aurpegiko azalpeko hoditeria trabatuetan pilatutako zikinek sortutako laino sentsazioa; munduaren eta nire artean kristal lodi bat jarri dutenaren susmoa.

Normala zela pentsatu nuen: sei aste etxean ezkutatuta egonda nire gorputza ahaztua zegoela munduko mehatxuekin. Babes sistema itzalita atera nintzela kalera eta inoiz ez bezala erreakzionatu zutela nire alergia ahaztuek, grabitate gabe ibiltzera ohitutako astronauten hankak berriz lurra zanpatzean okertzen diren gisan.

Normala zela pentsatu nuen, “normala” hitzaren aurka errebelatu nintzen arte. Honen aurretik ezer ez zen normala eta orain are gutxiago. Normaltasunaren pean zenbat zapalkuntza eta injustizia ezkutatu ote dira, alfonbra lodi baten azpian hondakinak gordetzen diren modu berean; “normala da” esanaz, “beti izan da hala eta beti izango da”, “normala” dela dioenak erabakimenik ez balu bezala.

Udaberria bat-batean lehertu zait gorputzean eta ez daukat egonarririk, urduri nabil etxeko txoko batetik bestera, hamar pausu bata bestearen atzetik luzatu ezinda, erretxinduta, amorratuta. Leiho ertzetik kukuka nabil; bizilagun balkoidunekin haserretzen naiz; ze eskubide ote daukate eguzkipean nik baino azalera handiagoa edukitzeko.

Kalean dabiltzanek barrenak inarrosten dizkidate nire leiho erdi itxiaren kontra kizkurtuta, trikuak bezala nire arantzetan bilduta, nire amorruaren errua norbaiti leporatzeko premiaz.

Etxean sartuta eta nire gorputzean kabitu ezinda. Estatistikak irentsi egin ditut egunez egun; albisteak oldean etorri zaizkit eta olatu baten zurrunbiloan banengo bezala sentitzen ditut zenbakiak ni inguratzen, ni arearen kontra jaurtitzen, ni itotzen. Zenbakiak sudur-zuloetan, zenbakiak eztarrian, zenbakiak biriketan. Ez naiz irentsitakoa digeritzeko gai; zenbat eta gehiago etorri gutxiago jasotzen dut.

Azalpen bila nabil, “bizitzea” esaten diogun ibili horren konpasaren bila. Neurriei buruz hitz egiten didate, eta bizitzeak neurriekin talka egiten duela erantzuten diet, neurriak puskatzea dela bizitzea: sustraiek pitzatutako asfalto zatiak eta huntzak jandako horma-pinturak. Hori da “bizitzea”.

Ez dakit niri dagozkidan erabakiak nork hartzen dituen. Pantailaz bestaldeko politikariei oihuka ari naiz, egunkarietako adituei garrasika, leihopeko poliziei biraoka. Inork ez nau ikusten ordea. Kateko zakurrak adina erabakimen daukat: jabeak nahieran askatzen eta lotzen nau eta martxoak alde egin dit, apirilik ez da etorri eta maiatzak alergia eragin dit. •