2020/05/09

 
 
UDALEKUEKIN ZER? Aisialdi hezitzailea, erabateko zalantzan
Maider Iantzi Goienetxe
Pd12_aisia_irataegonaldiak

Euskal Herri osoan milaka eta milaka haur eta nerabek parte hartzen dute udalekuetan, baina aurten inork ez daki zer gertatuko den. Aisialdiko eragileek jakiteko beharra dute, ezetz edo baietz, eta zein baldintzatan, horren arabera lanean hasteko. Datorren astean agerraldi edo planteamenduren bat espero dute.

Ainhoa Epalza Atxa - Urtxintxa

 

«Aisialdi antolatu eta hezitzaile baten behar orokorra identifikatzen dugu»

 Urtxintxa Gipuzkoako udalekuen arduradunari grazia egin zion zezenketek beren hasiera data eta neurriak zehaztuak izateak eta haur eta gazteekin zer gertatzen den ez argitzeak. «Hezkuntza formalari buruz eman diren datuek zerbait bideratu gaitzaketela dirudi. Baina aisialdian lan egiten dugun eragileon kezka eta galderak asko dira, hala nola ea normaltasun berri horretan zein leku hartzen duen hezkuntza ez formalak, ea aukerarik edukiko duen eta edukitzekotan nolakoa izango den», adierazi du.

«Momentu honetako egoera erabateko zalantza eta informazio ezarena da. Duela zazpi aste bezalakoxea. Egia da momentuko edota ikasturteko egitasmoei dagokienez zenbait kasutan modu telematikoan erantzuteko aukera ikusi dugula. Haur, gazte eta familiei etxean ondo pasatzeko kurtsoak bidali zaizkie, erronkak proposatu dira, kaleko jolasak etxera egokitzen saiatu gara, baina orokorrean, beste arlo batzuetan bezala, geldirik gaude. Gainera, abiapuntua non jarri ezin jakinda».

Aisialdian berebiziko garrantzia du udak eta honek dakarren eskaintzak. Hor sartzen dira udaleku irekiak eta itxiak. Eta egoera kezkagarria da. «Gainera, informaziorik gabe, suposizioen gainean lan egitea oso zaila da».

Garapenerako tresna

Erabaki ofizialik gabe zaila da aurreikuspenak egitea, baina aisialdiaren beharra egonen dela argi eta garbi ikusten dute Urtxintxan, alde batetik, aisialdia haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenerako ezinbesteko tresna delako eta, bestetik, oro har tresna hori denbora luzez erabilgaitz egon delako. «Itxialdian haur eta gazteak erakusten ari diren jarrera zoriontzeak ez du esan nahi beharrik ez dagoenik. Haur eta gazte bakoitzaren egoera ezberdina bada ere, aisialdi antolatu eta hezitzaile baten behar orokorra identifikatzen dugu. Itxialdian bizitako poz, tristura, beldur eta emozio ezberdinak kudeatzeko eta elkarbanatzeko espazioak beharko dira, haien garapen motorra, komunikazioa eta sozializazio beharrak asetzearekin batera».

Hori dena gauzatu ahal izateko ezinbestekoa iruditzen zaio Ainhoa Epalzari aisialdi esparru antolatuak eskaintzea, haur horiek eskubidea dutelako. Mahai gainean jarri beharreko beste behar handi bat honakoa da: gurasoak lanera baldin badoaz zer gertatuko da haurrekin? «Hutsune hori betetzeko zerbitzu falta dagoela uste dugu».

Agintariek zerbait erran, egin edo erabaki dezaten aldarrikatzen ari dira hezitzaileak. Familiek ere kezka adierazi diete, haiek ere gai honi buruzko erreferentziarik gabe daudelako. Ea udalekurik egongo den eta egotekotan nola gauzatuko diren jakin nahi dute. Arduratuta dagoen beste talde handi bat hezitzaileena da. «Gazte askoren lana udako egitasmoen baitan dago eta honekin ere suposizioetan gabiltza, ezin erantzun».

«Gure unea orain da»

Ezjakintasun honek dakarren txanponaren beste aldea ere adierazi nahi du Epalzak. «Ez baditugu antolatzeko irizpideak denboraz jasotzen oso zaila egingo zaigu behar den momentuan beharrezko maila izango duen erantzuna ematea. Ehunka hezitzaileren lana kudeatu behar da eta milaka haur, gazte eta familia dira horren zain daudenak. Horregatik gaude hemen, lehenbailehen, behar den moduan, haur eta gazteen eskubideak eta ongizatea kontuan hartuta zerbait esan eta egin dezatela aldarrikatzen. Gure unea orain da. Orain da prestaketa lan handien momentua. Zero momentuan gaude».

Udaleku irekiak eta itxiak

Urtxintxak udaleku irekiak (normalean goizez izaten direnak) zein itxiak (etxetik kanpo gaua pasatzen dutenak, astebete, hamar egun edo dagokion iraupenarekin) antolatzen ditu. Urtean beste mota bateko egitasmoak dituzte, eta udaran udalekuak. «Propioak ditugu Pirata Udalekuak, Pasaiako Arrokaundieta aterpetxean egiten ditugunak. Eta udalekin beste bizpahiru udaleku itxi ere antolatzen ditugu. Udaleku irekiei dagokienez, Irunen, Pasaian, Villabonan, Urnietan eta Anoetan antolatu genituen iaz».

Lehiaketa bidez funtzionatzen dute eta batzuen kasuan alarma egoerara iritsi ginenean lehiaketen esleipenak gelditu egin ziren, beste batzuek martxan jarraitu dute. Joan den urteko udan 600 haur inguru egon ziren Irungo udalekuan, Pasaian 300, Urnietan 270 eta Anoetan ia 100. Hezitzaileei dagokienez, Irunen 90-100 izan ziren, Pasaian 50, eta Villabona, Urnieta eta Anoetan hamarna. Hau da, udaleku irekietan bakarrik 170 gazteren lana kudeatu zuten. Udaleku itxietan, Pirata Udalekuekin bakarrik, zazpi txanda antolatu zituzten, 300 haur inguruk eman zuten izena eta 10-15 hezitzaile izan ziren.

Aritz Lili Lekanda - Kokoriko hezkuntza faktoria

 

«Udalekuak egiteko aukera izango dugula pentsatuz ari gara lanean»

 Kokoriko hezkuntza faktoriak bederatzi udalerritan antolatzen ditu udalekuak: Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga eta Urduña Bizkaian, eta Laudio, Amurrio, Artziniega, Aiara eta Okondo Araban. Gutxi gorabehera 350 haurrek eta 60 hezitzailek parte hartu zuten iaz. Udaleku propioak dituzte eta eskualdeko udal udaleku batzuk ere kudeatzen dituzte. Denak irekiak dira.

Hezkuntza faktoriako arduradunak azaldu digunez, ildo ezberdinetako kezkak dituzte. «Alde batetik, momentuan aisialdi zerbitzuak geldirik daude eta udalekuak ez egiteak ondorio asko ekar ditzake ekonomikoki. Bestalde, kezkatuta egon gara orain arte ea haur eta nerabeak zelan egongo ziren beraien etxeetan. Askok esan digute ondo egon direla familian egon ahal izan direlako, baina etxe guztietan ezin izan dute mugitzeko beharra ase. Aurrera begira arduratzen gaituena da zelan egin behar horiek betetzeko, mugitzeko beharra, naturarekin harremana izatekoa».

«Formatu berri batean bada ere, uztailean udalekuak egiteko aukera izango dugula pentsatuz ari gara lanean –baieztatu digu–. Ez dakigu zein egoeratan egongo garen, baina egin ahal bada jada jarri behar dugu martxan. Orduan, lehenengo pausoak ematen hasi gara, oso txikiak, etorkizuna iragarriz. Haurren ratioak jaitsi beharko ditugu, kanpo espazio gehiago beharko dugu, ezingo ditugu talde handietako jolasak egin, baina haur horiek beharrezkoa izango dute beraien berdinekin elkartzea. Agian ezingo dute elkar ukitu, baina urruntze fisikoa da, ez emozionala. Eta aisialdia garrantzitsua da urruntze emozional hori murrizteko».

Uste dute zeozer egiten ahalko dugula haurrek kalean eta naturan jolasaz gozatzeko eta dituzten behar emozional horiek kudeatzen laguntzeko, hilabete baino gehiago etxean egon ondotik emozioak kudeatzeko beharra izango dutelako.

Epe luzerako neurriak

«Garrantzitsua da haurrek kalea berriro hartzea, neurri batzuekin. Neurri horiek epe luzerako izango direla aurreikusten dugu eta horretan hasi behar dugu. Gure balioekin bat egiten duten ekintza, jolas eta moduak aurrera ateratzeko lanean ari gara. Haurren beharretik, dagoen egoeratik eta gure balioetatik zelan egin pentsatzen. Gure ekinbidea berregokitu beharko dugu. Luzera begirako planteamendu bat izango da».

Liliren ustez, normaltasun berri horretan ohiko bilakatu beharko ditugun modu batzuk egonen dira. Hori haurren oinarrizko beharrak errespetatuz egin behar da. «Ez da hori egin itxialdiak iraun duen bitartean. Bazterrean kokatzen dira eta geroko pertsona moduan ikusten dira, baina haurra orainean bizi da, behar batzuk ditu eta erdian jarri behar ditugu». Lan horretan ari dira eta ariko dira Kokorikon.

Eñaut Aiartzaguena Bravo - Euskal Udalekuak, Goñi

 

«Zelan egin ahal da udaleku itxi bat distantzia soziala mantenduta?»

 Euskal Udalekuetako Goñiko hezitzailearentzat, kezka nagusia da ez dakitela ezer udalekuei buruz. Adibidez, «60 ume inguru batzen diren hamar eguneko udaleku itxi batean estatistika kontua da egunen batean umeren bati sukarra igotzea, beti pasatzen da, arrazoi ezberdinengatik: nekea, infekzio txikiren bat… Momentu honetan ditugun protokoloekin sukarra pixka bat igotzen denean hamabost eguneko konfinamendua agintzen dute. Horrelakoetarako zer neurri hartu beharko lirateke?».

Beste galdera bat: «Zelan egin ahal da udaleku itxi bat distantzia soziala mantenduta? Umeen garapen eta autonomiarako oso eraginkorrak dira udalekuak, baina askotan leku ezezagun batean, jende ezezagunarekin, urduri ipintzen dira eta negarrak egoten dira. Zelan kontsolatuko ditugu ume horiek ezin baditugu ukitu, besarkatu, ezin bagara gerturatu? Ezingo genuke ume horren eskubidea edo zaintza lana behar den moduan bete».

Goñiren berezitasunak

Goñin, Nafarroako herri txiki-txiki batean egiten dituzte udalekuak. «Bertako biztanleak oso nagusiak dira. Une honetan ez dago bertan Covid-19 kasurik. Udalekuetan hiru txanda egiten dira Goñin, bakoitzean gutxienez 60 pertsona joaten dira. Guztira 180 lagun badabiltza handik bueltaka, Euskal Herriko hainbat txokotakoak, horrek eragin ahal du biztanle horiek kutsatzea eta oso nagusiak direnez arrisku taldean dauden pertsonak dira. Orduan, gure erabakian hori ere kontuan hartu beharreko faktorea da».

Boluntario moduan egiten dute lan eta ez dute kezka ekonomikorik, baina dirulaguntzak jasotzen dituzte. Eta horiek udalekuak ordaintzera ez ezik, etxearen mantenura ere bideratzen dira.

«Begiraleontzat gure proiektua ezin aurrera ateratzea ere kezka iturri da. Bestetik, Euskal Herrian errealitate zeharo ezberdinak daude euskararen erabilerari dagokionez eta euskararen arnasguneak ere badira udaleku hauek. Hamar-hamabost egunez euskaraz bizi ahal izateko arnasguneak. Udalekurik ez badago, umeek ez dute arnasgune hori edukiko eta hizkuntza normalizazioan atzerapauso bat gertatuko da».

40 urtetik gorako proiektua

Euskal Udalekuena 40 urte baino gehiagoko proiektua da. Abaigarren, Bernedon eta Goñin egiten dira. Goñin eta Abaigarren hiruna txanda daude eta Bernedon lauzpabost. «Txanda horietako bakoitzean 20-30 hezitzaile inguru batzen gara. Talde handiak dira eta guztien iritziak eta kezkak jasotzea eta koordinatzea egoera honetan ez da batere erraza. Gure kasuan uztailaren hasieran egiten dugu udalekua, baina urte osoa pasatzen dugu baloratzen eta prestatzen. Urtarrilean bilera bat egin genuen, ardurak banatu genituen eta egitaraua prestatzen hasi ginen. Egitaraua ahal dugun gehien aurreratzen saiatzen ari gara, aurtengo ez bada datorren urterako balioko digulako».

Oraindik ez dute erabakirik hartu. Baina «oso zaila» ikusten dute Goñiko proiektuari alternatiba bat ematea bestelako formatu batean.

Udal batzuk galdetzen hasi dira online udalekurik egin daitekeen. «Udaleku ireki eta itxietan umeak zainduta eta balioetan hazten egongo direla bermatzen da, baina online udalekuetan nork zainduko ditu umeak eta zein aukera izango dituzte kalean jolasteko? Gai horiek ez dira erdian jartzen: hezkuntza ez formala, kontziliazioa, euskara… Oso bazterreko gaiak dira. Eta gu kezkatzen gaituztenak justu horiek dira», nabarmendu du.

«Oso zaila eta tristea» egiten zaio uda irudikatzea. «Udalekuetara joango ez naizen urte bat bezala irudikatzen dut. 31 urte ditut eta 17 nituenetik urtero joan naiz. Udaleku lokalak, irekiak, aktibatzen badira aberasgarria izan daiteke ilusioa egingo lidake parte hartzeak».

Aisialdi talde eta eragile ezberdinen artean kezkak elkarbanatzen ari dira, eta inportantea izaten ari da sare hori Aiartzaguenarentzat.

Leire San Vicente Carrillo - Txatxilipurdi

 

«Oso inportantea iruditzen zaigu kalea bera birkonkistatzea»

 Txatxilipurdi elkarteko kidearen kezka bat bada aisialdi hezitzaileak «bigarren plano batean» gelditu direla guztiz, baita eremu horrek bere baitan daukan garrantzia soziala eta ekonomikoa ere. Haurrek aisialdirako duten eskubidea, aldiz, «hirugarren mailara» pasatu da. «Euskal Herrian eragile asko ari dira lanean eta uztailean hori guztia aktibatzen da. Milaka eta milaka haur eta gazterengana iristen gara eta hori ez da lehen lerrora ekarri. Txatxilipurdiren udalekuetan 1.400-1.500 haur izan genituen iaz, eta 200-250 lanpostu».

Azaldu duenez, Txatxilipurdiren helburua batez ere soziala da: «Haur eta nerabeei gozamenezko testuinguru batean laguntza, orientazioa, aisialdia modu osasuntsu batean bizitzeko bideak ematea. Hori agintarien kezka ez izateak barrutik mugitzen gaitu. Konfinamenduan beste behin urratu dira haur eta nerabeen eskubideak. Zuzenean eragiten dieten arloetan ez diete ezer galdetu».

Kezka mordo bat dituzte. Ez aitortze horretan, ez dute aisialdi hezitzailearen baitan marko propiorik. Hortaz, euren erreferentziazko markoa hezkuntza formala da. Beste kezka bat kronograma da. «Udalekuak antolatzeko urte osoan lan egin behar dugu. Orain zerbait aktibatzen bada hilabete edukiko dugu urte osoko lana egiteko». Euren zalantzak familia, haur eta nerabe guztiek dituzten berak dira: udalekuekin zer? «Horri gehitu behar diogu guri dagokigula udaleku horiek antolatzea, orduan imajinatu zenbat zalantza ditugun… Adibidez, gure udaleku batzuk irekiak dira, besteak itxiak. Itxiak Araba eta Gipuzkoan kokatzen ditugu eta EAEko hartzaileak ditugu. Deseskalatze honetan uztailera begira probintzien arteko mugimendua baimentzen ez bada udaleku itxiak beste modu batera egin beharko genituzke».

Udalekuetan harreman afektibo-emozionalak zutabe inportantea dira. «Nola bermatu pertsonen arteko kontaktua modu seguruan egitea? Zaila egiten zaigu elkar ukitu ezin dugun udaleku batzuk irudikatzea. Osasun neurriak nola bermatu ere zalantza dugu. Beste kezka bat da ea familien beharrak ase ahal ditugun».

Irabazi asmorik gabeko elkarte bat dira eta dirulaguntzak jaso ohi dituzte. Orain zalantza dute ea laguntzarik egonen den.

Ahalik eta ohikoenak

«Udalekuak ahalik eta erarik ohikoenean gauzatzea gustatuko litzaiguke, betiere pertsonon ongizate fisiko eta emozionala bermatuz. Hori diseinatzen gabiltza, baina desinformazio handia dago eta hipotesiak egiten gabiltza. Udalekuekin aurrera egiteko aukera ikusten dugu. Egokitu egingo ditugu, horren aldeko apustua egiten dugu, inoiz baino behar handiagoa izango dutelako haur eta nerabeek berdinekin egoteko. Kalea bera birkonkistatzea oso inportantea iruditzen zaigu. Haurrek kaleari beldurra hartu diotela sumatu dugu. Nola lagun ditzakegu ‘lasai, kalea ez da arriskutsua’ esanez, aholkularitza profesional eta hezitzaile batekin, modu ludikoan?».

Lanez lepo dabiltza, A plana, B plana, alfabetoko letra guztiekin egin behar dituzte planak, komunikatu, saretu... Amarauna eta Gaztematika sareak sostengu izaten dabiltza.

Osasun adituekin harremanetan jartzeko lehen urratsak ere egin dituzte, aholkuak jasotzeko. «Sortzen, elikatzen, kontrastatzen eta borrokatzen» ari dira udalekuak egon daitezen, «haur eta nerabeek behar eta merezi dituztelako».