2020/05/16

Kronika
 
IL CIRCO ITALIANO ETA BEASAIN, TXIRIKORDATUTA

Il Circo Italiano Beasainen dago konfinatuta martxoaren erdialdeaz geroztik. Eta ez da lehen aldia. Duela 35 urte, zirkua Beasainen bertan zela, sekulako elurtea gertatu zen eta hantxe geratu zen aste batzuetan ez aurrera ez atzera. Eta duela zazpi urte zirkuko «nona», amama, arima Beasainen zendu zen, zirkua bertan zegoelako. «Gure zirkuari gauza garrantzitsu asko Beasainen gertatu zaizkio».

Amagoia Mujika Telleria
0516_zirkoa3

Il Circo Italianok lotura berezia dauka Beasain herriarekin, eta ez bakarrik herri horrek beti eskuak zabalik hartzen duelako. Lotura hori haragokoa da, kasik misteriotsua. Hain justu, konfinamendurako aginduak Beasainen harrapatu zuen zirkua eta hantxe ari dira alarma egoera pasatzen, Sasieta inguruan. Baina ez da zirkua Beasainen harrapatuta geratzen den lehen aldia. «Duela 35 urte, zirkua Beasainen zegoela, elurte izugarri bat gertatu zen eta ez atzera ez aurrera geratu ziren kasik hilabetez. Ni oraindik ez nengoen zirkuan, baina askotan entzun diot senarrari istorio hori», hasi da kontatzen Sonia Miranda, zirkuko zuzendari artistikoa. Barakaldarra da eta 24 urte daramatza zirkuan lanean.

Loturak baditu hari mataza gehiago. «Duela zazpi urte hil zen zirkuko nona, amama, zirkuaren arima, 11 seme-alabaren ama. Luzzana Deros zuen izena. Eta kasualitatez Beasainen hil zen, hemen geundelako zirkuarekin. Oso egun tristea izan zen denontzat, baina emanaldiarekin jarraitu genuen, gure lana hori delako. Pentsa, gure zirkuko pailazo ezagunena, Capitano, jendaurrera atera zen bere ama hil zen egun tristea izanagatik… Gure zirkuari gauza garrantzitsu asko Beasainen gertatu zaizkio. Eta, orain, koronabirusaren alarma egoerak hemen harrapatu gaitu berriro», jarraitu du Mirandak.

«Egia esan zorteko sentitzen gara konfinamenduak Beasainen harrapatu gaituelako. Herritarrak zoragarri portatzen dira gurekin eta udaletik ere harrera beroa izan dugu. Alkatea bisitan etorri zitzaigun egun batean ea ondo ginen jakiteko».

Sasietan daude, herrigunetik aparte. «Gu kontentu gaude hemen. Mendiak ditugu inguruan, bidegorria… eta uste dut hobe dela herritik urrun egotea. Finean, gure zirkua mikrogizarte bat da eta hobe da herritik aparte egotea, seguruagoa da denontzat, inor arriskuan jarri gabe».

Italia eta Katalunia lotzen dituen zirkua da Il Circo Italiano. Jatorria Italian dauka, Rossi anaiek bultzatutako proiektua delako, eta gaur egun artista gehienak Katalunia aldekoak dira. Guztira kasik 85 partaide –teknikoak, artistak, muntatzaileak, senideak…–. Aipatu bezala, horietako asko beren karabanen bueltan daude Beasainen martxoaren erdialdetik. «Zirkuko kide batzuek beren familiengana bueltatzeko aukera izan dute, itxialdia haiekin pasatzeko. Baina gehienak hemen geratu gara, Beasainen».

Konfinamenduko aste hauek entseatzeko, entrenatzeko eta ikuskizun berrirako ideiak lantzeko baliatzen ari dira. «Derrigorrezko geldialdia izan da eta erabaki dugu denborari etekina ateratzea. Alde horretatik primeran. Baina, noski, enpresa bezala kinka larrian jarri gaitu alarma egoerak, hainbeste denbora lanik egin gabe egotea oso kaltegarria baita. Lanean hasteko desiratzen gaude».

 

Ekainaren 5 da buruan daukaten data. Dena ondo joanez gero, egun horretan hasiko dituzte emanaldiak Beasainen bertan. «Beasainen egongo gara ekainaren 5etik 14ra. Hori lotuta daukagu. Noski, aldaketak izango dira gure zirkuan». Ordubete inguruko emanaldia prestatu dute, segurtasun neurri guztiak beteko dituzte eta zirkuaren edukiera erdira jaitsiko dute. «Agintzen dizkiguten neurriez gain, guk beste neurri batzuk ere hartuko ditugu. Emanaldia ordubetera jaitsi dugu. Horrela, tarteko atsedena saihestuko dugu eta jendea toki batetik sartu eta beste batetik aterako da, elkarren arteko kontaktua murriztearren», azaldu du zirkuko zuzendari artistikoak.

Hartara, publikoaren erdia sartuko da aurrerantzean eta horrek eragin ekonomiko nabarmena izango du. «Emanaldi gehiago egingo ditugu. Motzagoak eta gehiago. Bestela ez litzateke errentagarria zirkua. Langile asko gara eta soldata asko ordaindu behar ditugu. Emanaldiak ugaritu egingo ditugu eta proba fase batean sartuko gara, ea nola ateratzen den. Lan gehiago egin beharko dugu soldata bera edo txikiagoa ateratzeko. Hori onartuta daukagu. Baina nahi dugun bakarra lanean hastea da».

Eta, gero, zer? «Hor dago arazoa. Zirku bat garen neurrian, herriz herri mugitu beharra daukagu aurrera atera ahal izateko eta dagoeneko arazoak topatzen ari gara, herri askotan zirkua kontratatzearen kontra azaltzen ari direlako. Ulertzekoa da, giro berezi honetan herri askotan ez dutelako nahi kanpotik datorren jende talderik, baina guk babes neurri guztiak hartuko ditugu, erabateko segurtasuna bermatuko dugu eta hau gure lana da. Hemendik ateratzen dugu bizimodua. Ez zaigu justua iruditzen zuzenean ezetza jasotzea, orain toki askotan gertatzen ari zaigun bezala. Azter ditzatela babes neurriak, ikus dezatela zirkuak beharrezko neurriak betetzen ote dituen eta nola, eta gero har ditzatela erabakiak, baina ez aurretik. Enpresa bat gara eta, neurriak betez gero, beste edozein enpresak bezala lan egiteko eskubidea izan behar dugu», azaldu du bere kezka Mirandak.

Mirandaren hitzetan, «Il Circo Italiano familia zirkua da. Dagoeneko Rossi anaien seigarren belaunaldikoak ari dira zirkuan lanean. Eta Euskal Herrian eta Estatuan dabiltzan zirkuen artean, anbizio artistiko handienetakoa duena dela esango nuke. XXI. mendera begirako zirkua da gurea, sustrai sakonak dituena, baina egungo garaiei begira dagoena. Jakitun gara gure ikusleak XXI. mendekoak direla, ohituta daudela puntako teknologia kontsumitzera eta publiko mota horrentzat erakargarri izateko sekulako lana egiten dugu. Gure artistak puntakoak dira, profesionalak, formakuntza jaso dutenak eta teknikariak berdin. Beti ahalegintzen gara gure onena ematen, moldatzen, gainditzen. Gurea bezalako enpresa txiki batentzat erronka handiak dira horiek, baina etengabe saiatzen gara mende honetako zirkua izaten. Gaur egungo herritarrentzat erakargarria den ikuskizuna eskaintzen dugu».