Xabier Izaga Gonzalez
GASTEIZKO ONTZIOLA

«Nabarra» bouaren erreplika txikia Gasteizko muinoan, uretaratzeko prest

Azken urteetako obsesioa izan da eta itxialdian bukatu du Floren Vivasek «Nabarra» bouaren maketa. Garrantzitsuena, baina, Matxitxakoko bataila ezagutzea dela dio. 15 urte baino gehiagoan hamaika itsasontziren erreplikak egin ditu, planoetatik azken xehetasuneraino, egonarri eta trebetasun handiak lagun dituela.

Laurogeita hamazazpi urte pasatxo dira Armada frankistako “Canarias” gurutzaontziak “Nabarra” boua hondoratu eta haren tripulazioko 29 lagun hil zituela Matxitxakoko batailan, euskal bouak beste hiru arrantza ontzi armaturekin batera “Galdames” merkantzia ontzia babesteko gerraontzi espainolari aurre egin zionean. Bermeoko museoan ez dago hondoratutako itsasontzi haren maketarik, baina Gasteizko muinoko ontziolan itsasoratzeko moduan da “Nabarra” bouaren erreplika txikia. «Honen gainean zerbait ateratzen baduzue, kontatu Matxitxakoko bataila, garrantzitsuena gure historia jakitea da-eta», dio maketaren egile Floren Vivasek.

Berarentzat itxialdia ez bide da gogorregia, etxean bertan baitu ontziola eta azken aldion sartu dituen soberako orduek esku artean duen lana bukatzeko aukera eman baitiote. Ebanista erretiratua da Floren, eta gustura jardun izan du ofizio horretan. Dioenez, beti izan du gogoko esku lanak egitea. «Umetan geuk egiten genituen jostailuak etxean». Gaztetan, Lanbide Hezkuntza egin zuen Jesus Langile ikastetxean. Marrazkigintza, zurezko altzariak eta taila egiten ikasi zuen. Ondoren lanean hasi zen, estilo-altzariak egiten. «Orain hori dena desagertu egin da Gasteizen. Lehen tailer piloa zeuden».

Etxean ditu duela urte asko tarteka egiten zituen tailetako batzuk. Haietako bat, Kixotearena, liburua irakurri ondoren egina. «Hura ez zen natural-naturala, baina oso azkarra zen», dio. Gainerako gehienak Gasteizko paisaiak dira.

Duela ia 15 urte hartu zuen erretiroa, eta pixka bat lehenago hasia zen itsasontzien maketak egiten. Ez muntatzen bakarrik, egiten baizik. Ontziak diseinatzetik azken xehetasuneraino.

«Nabarra»

Duela hamabi urte “Nabarra” boua izan zitekeena topatu zutela zioen albistea irakurri zuen “7K” aldizkarian. Baina aspaldi ikasi zuen euskara apurrak ez zion artikulua ulertzeko lain ematen eta suhiari itzultzeko eskatu zion. Ontzi hura burutik kendu ezinik, halako batean ekin zion dokumentazio lanari, ontziaren ezaugarrien gainean ez ezik, Matxitxakoko batailaren gainean ere bai.

«Bakailao ontzia zen ‘Nabarra’, eta gerran Euskal Gobernuak artilleria jarri zion kostaldea defenditzeko, beste euskal arrantza ontzi batzuei bezala. Bi kanoi jarri zizkioten, baina jaurtigai txikiak botatzen zituzten. Bazuten biratzeko tramankulu bat…», eta alde batera biratu du maketako kanoi bat. «Zurezko ardatz batzuk egin nizkion horretarako». Izan ere, ikusgai dauden eta ikusten ez diren xehetasun guztiak ditu ontziak: barandetatik salbamendu txalupetako arraunetaraino. Pospolo makilatxo batzuk atera ditu arraunak nola egiten dituen erakusteko.

Lan horretan hasi zenean, Bermeoko museora joan zen. Gustuko ditu museoak, batez ere itsasokoak. Bisita haren helburu nagusia, ordea, “Nabarra” bouaren maketa bat ikustea zen. Haren maketarik ba al zeukaten galdetu zion hango arduradun bati eta ezetz erantzun zion hark. Florenek esan zion bera egiten ari zela bat 1:100 eskalan, eta etxean dituen beste zenbait maketaren argazkiak erakutsi zizkion. Euskal boua amaitutakoan erakusteko esan zion museoko arduradunak. Hala egiteko asmoa du Florenek eta, nahi badute, bertan uzteko prest dago.

Prozesua

Itsasontzi batek erakartzen duenean, lehenik haren ezaugarriak aztertzen ditu: pisua, luzera, zabalera, zingoa, eskora, eskifaia, armamentua… eta ontzi horren historiaren berri jakiteko informazioa biltzen du. Dagoeneko ondo ezagutzen ditu garai bakoitzeko ontzien ezaugarriak.

Itsasontziaren gaineko dokumentazioa ondo aztertutakoan, lanari ekiten dio. «Lehenengo, egin nahi duzun ontziaren argazkiak eta haren gaineko datu guztiak behar dituzu, eta gero buruari buelta asko eman. Batzuetan hanka sartzen duzu…», azaldu du. Eskala erabaki eta ontziaren krokisa egiten du. Ondoren, pieza guztien garapena kartulina batean marraztu eta moztu egiten ditu, gero zurean gauza bera egiteko. «Jakina, pieza bakoitzaren txantiloia egin beharra dago. Gero marketeria-zerratxoarekin moztu behar ditut pieza guztiak. Lehenik gila eta ondoren zuakerak; ontziaren egitura, alegia». Dena apuntatuta dauka, neurri guztiak: kroskoaren gehieneko altuera, ontziaren gorputza masteria kontuan izan gabe, luzera, erruna, zingoa, flotazio-marra… Kroskoa egiteko erabiliko duen zura ur berotan sartu beharra dago, bihurkortasuna hartu eta kurbatu ahal izateko. Gero, mastak eta belak. Berak egina da dena. Belak, baina, Victoria emazteak josten dizkio: «Izan ere, belei josketa egiten zieten, haizeak desegin ez zitzan».

Sona handiko ontziak

Etxeko ontziolan beste hainbat erreplika daude ikusgai. “Galga” ikusgarria nabarmentzen da beira-arasa batean, Pedro de Garaicoechea nafarra kapitain izan zuen fragata, 1731n eraikia. Ikusgarria, halaber, “HMS Beagle” bergantina, Fitz-Roy tenientearen agindupean 1831tik 1836ra bitartean munduari bira eman ziona. Espedizio hartan, ontzia ospetsu egingo zuen bidaiari gazte bat zihoan: Charles Darwin. Haren ondoan, XVIII. mendeko “USS Constellation” fragata dotorea, Ameriketako Estatu Batuetako Armadaren bandera ontzia eta haren lehen gerraontzietakoa.

Florenen kutunetako bat “Endurance” izenekoa da. Ontzi hura eraman zuen Ernest Henry Shackleton esploratzaile irlandarrak 1914an egin zuen espedizio gogoangarrira. Shackleton XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Antartikoaren Esplorazio Heroikoaren garaiko pertsonaia garrantzitsuenetakoa izan zen. Haren balentriak kontatzen hasi da Floren, Shane Murphyren “Shackleton. Antartikako odisea” liburu mardula apalategi batetik hartzearekin batera. Esploratzaile irlandarrak Antartika osoa zeharkatu zuen alderik alde, polotik igarota, 3300 kilometroko ibilaldian. 1914ko urtarrilaren 8an Ingalaterratik abiatu zen 56 gizonekin. “Endurance” brigantina izotz-bankisa batean harrapatuta geratu zen eta, pixkanaka, hondoratu. Esploratzaileek bi urte baino gehiago eman zuten han bakartuta, baina bizirik itzultzea lortu zuten.

Florenek egin zuen maketan, Shackletonek espediziora eraman zituen lerak ageri dira, are txakurrak ere. Brankako irudian ere, xehetasun txikiena ere jasota dago. Barruan, sotoa, hornituta ikusten da, eta gila gainean harritzarrak eta harea zakuak daude, ontzia uretan iraul ez dadin. «1992an, Sevillako Expo nazioarteko erakusketarako Kolonen ‘Santa Maria’ galeoiaren erreplika egin zuten eta hondoratu egin zen, flotazio-marratik behera pisurik ez zuelako». Izan ere, ontzi hura uretaratu zutenean irauli egin zen, kontrapisurik jarri ez ziotelako, harri handiak eta harea zakuak, alegia. Florenen itsasontziek albo batean duten atetxoa zabalduta, harea zakuak ikusten dira gilan zehar. Baita harritzarrak, kasu honetan txikiak, jakina. Ezinbestekoak dira flotazio-marratik beherako kontrapisuak. Barruan, halaber, beste pieza bat ikusten da: «Motorra da. Belaontzia bazen ere, ‘Endurance’-k lurrun-galdara zuen, horregatik dauka tximinia», dio.

Itsasontzi bakoitzaren gaineko era guztietako azalpenak ematen ditu: «Kanoiak letoizkoak dira», eta, barrua erakustean, «hau goiko bizkarra da, hau bigarrena, hau hirugarrena eta behean sentina, materiala gordetzen zuten lekua...».

Sona handiko itsasontziak egin ditu, baina baita bestelakoak ere, ohikoak. Etxeko gela bateko beste beira-arasa batean Kantauri itsasoko atunontzi bat dauka ikusgai. Donostiara joan zen egun batean argazki batzuk egin zizkion atunontzi bati, haren krokisa egin eta ohiko trebezia eta egonarria lagun, eraiki egin zuen arrantza-ontziaren erreplika txikia.

Ez daude salgai

Duela hamabost bat urte hasi zenerako, ordea, bazuen eskarmentu pixka bat. Bost hamarkada lehenago, itsasontzi baten maketa egin zuen. Zenbait urte igarota, 1976an, etxeko ganbaran zuen, hautsez beteta, eta egun batean bota beharko zutela esan zion emazteari. Hark, ordea, horrelako lan bat nolatan botako zuten esan zion, eta etxe ondoko antikuario bati itsasontziaren berri eman zion. Antikuarioak ikusi nahi izan zuen, eta Victoriak hautsa kendu behar ziola esan zion. Ezetz erantzun zion antikuarioak, zegoen bezala ikusi nahi zuela. Eta ikusi zuenean, erosi nahi zuela. Bizpahiru mila pezeta eman zizkien ontziaren truke. «Garai hartan laguntza bat izan zen», dio Florenek. Are handiagoa, Gasteizko lantegi askotan bezala, Floren greban zela kontuan izanda. 1976ko martxoko sarraskiarekin amaitu zen borroka luzearen garaia zen.

Hura izan zen saldu duen ontzi bakarra. Gainerako guztiak seme-alabentzat izango direla dio. «Nola salduko dituzu batez beste 500 ordutik gorako lanaldia duten ontziok? Askotan gaueko ordu txikiak arte geratzen naiz masteria egiten, eskaileretako korapiloak…».

 

Askatasunaren alde askatasuna eta are bizia ere eman zutenak

1937ko martxoaren 5ean Matxitxako bustitzen duten uretan borrokatu ziren euskal marinelen omenezko eskultura bat dago Bermeon, Nestor Basterretxea herriko seme zenak egina. Martxoaren lehen igandean, eskulturaren aurrean lore eskaintza eta ekitaldi politiko bat izaten da urtero: Itsas Gudarien Eguna.

Floren Vivas aspalditik dabil memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduen inguruan. Hartara, itsasontziekiko afizioa memoria historikoarekiko konpromisoarekin uztartu zuen Matxitxakoko batailan parte hartu zuen “Nabarra” bouaren berri jakin zuenean. Berak eskatutako moduan, duela 83 urte Bizkaiko Golkoan faxismoari aurre egiteko beren askatasuna eta askok bizia ere eman zuten marinel haien balentria ekarri dugu lerrootara.

1937ko martxoaren 4an, Galdames merkantzia ontzia Baionatik Bilborantz abiatu zen, 173 bidaiari, makineria eta Eusko Gobernuarentzako hiru tona nikelezko txanpon. Gau hartan, harekin bat egin zuten Eusko Itsas Gudarosteko “Gipuzkoa”, “Bizkaia”, “Donostia” eta “Nabarra” bouek, eskolta emateko. Bou haiek bakailao ontzi armatuak ziren, eta haien eskifaia euskal arrantzale eta marinelek osatzen zuten gehienbat.

Aldi bertsuan, Ferroletik irtenda, Armada frankistako “Canarias” gurutzaontzia haien bila zihoan, “Galdames” Bilboko portura sartzea galarazteko. Merkantzia ontziak argiak eta irratia itzalita zeramatzan, faxisten ontziek ikus ez zezaten; hori dela-eta, “Bizkaia” eta “Gipuzkoa” bouek, aurreratu zirenean, gainerako ontziekiko kontaktua galdu zuten.

Egunsentian, biok “Canarias”-ekin topo egin zuten eta Bizkaiko kostarantz eramaten saiatu ziren, ontzi frankista Euskal Armadaren kanoien irismenean jartzeko asmoz. “Canarias”-ek “Gipuzkoa” harrapatu eta eraso egin zion, bouaren kanoi bat hondatu eta ontzian sute bat eraginez. Eskifaiako bost lagun hil eta hamabi zauritu ziren erasoaren ondorioz. Hala ere, “Gipuzkoa”-k, desabantaila nabarmenean ere, aurre egin eta hildako bat eta zauritu bat eragin zizkion. Gero, matxuratuta, Portugaleterantz abiatu zen, atzetik “Canarias” segika zuela. Faxisten ontzia Galea eta Luzuero lurmuturretako baterien irismenaren barruan zela konturatu zenean, iparrera egin zuen eta “Gipuzkoa” portura iritsi zen. Tarte horretan, “Bizkaia”-k bandera estoniarraren pean nabigatzen zuen “Yorkbrook” merkantzia ontzia topatu zuen, “Canarias”-ek bahituta zeukana, ustez arma kargamentu bat zeramalako. Euskal bouak Bermeoraino gidatu zuen ontzia eta hala kargamentua berreskuratu. Bitartean, “Galdames” eta beste bouei “Pantzeska” eta “Joseba Mikel” arrantza ontziak batu zitzaizkien, eta handik gutxira “Canarias”-ekin topo egin zuten. Ontzi frankistak “Galdames”-i tiro egin eta emakume bat eta hiru ume hil zituen, eta merkantzia ontziak amore eman zuen. “Canarias”-ek, orduan, “Donostia”-ri eraso zion, euskal boua aldendu arte, eta “Nabarra”-ko komandanteak ontzia hondoratu arte aurre egitea erabaki zuen. Ordu eta erditik gorako borrokaldiari ekin zioten biek. Euskal ontziak ez zuen aukera handirik frankisten kanoien aurka, eta haren tripulazioko 29 lagun hil ziren borrokan, eta, euskal boua urperatzen ari zela, beste 20k salbamendu txalupetan utzi zuten ontzia eta faxistek atxilotu zituzten. Kapitainak eta lehen ofizialak, berriz, frankisten esku erori baino lehen, “Nabarra”-n geratu eta ontziarekin hondoratzea erabaki zuten.

“Pantzeska” eta “Joseba Mikel” arrantza ontziak, borrokaldiaren abarrotsa baliatuta, onik iritsi ziren lehorrera.