Miren Azkarate Badiola

Oraindik garaiz zaudete

Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, zendu zen aurreko astean, hilabete honetako kolaborazioa tokatzen zitzaidala jakin nuen egun berean. Polizia erretiratu hau zoritxarrez oso ezaguna izan genuen frankismoan eta bere izena beste hainbat torturatzailerena bezala letra gorriz idatzi dugu urte hauetan zehar. Egindako krimenengatik epaitu gabe eta domina guztiekin eraman du koronabirusak betiko, nahiz eta askoren buruetatik ez den sekula aldenduko.

Ez naiz oso zalea lerro hauetan alderi politikoek esaten eta egiten dutena komentatzekoa, baina ezin diot iskin egin oraingo honetan Podemoseko Irene Monteroren txio bat erantzuteko gogoari. Bertan, barkamena eskatzen die polizia honek torturatutako pertsonei, ez baitira garaiz iritsi, amorru handia omen du. Ez, ez dira iritsi, baina emakume hau lasai egon daiteke eta arantza hori kendu, zoritxarrez badauzkagulako haiek demokrazia deitzen duten honetan Antonio Gonzalez Pacheco bezalako basakeriak egin dituzten torturatzaileen izen gehiago, zerrenda luze bat. Hori guztia estali eta ahalbidetu duen bere kolega eta ministroa ere, urrutira joan gabe, hortxe du ondoan, galdetzea besterik ez dio gaiari buruz. Beraz nire gomendioa, demokrazian torturatutako bat izanik lanean has dadin da, berriz ere berandutu baino lehen, lan asko du eta! Frankismoan torturatutakoetara ez dira iritsi baina demokrazian milaka gaude justiziaren eta egiaren zain. •