2020/05/23

Kronika
 
AEB-ETAN MITINEN LEKUA HARTU DUTE MEME POLITIKOEK

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde kanpainako giroan sekulako eragina izan du Covid-19 koronabirusak eta jada betidanik ikusi ditugun masa-mobilizazio handiak desagertu egin dira. Sare sozialak, memeak eta algoritmoak dira egungo gako berriak botoa erakartzeko.

Jairo MEJIA (Efe)
0523_ocasio

Alejandra Ocasio-Cortez New Yorkeko kongresukide demokrata bere saltsan dabil. Hautesleekin komunikatzen da bideo joko batekin, herri birtualean. Itxialdia hasi zenetik, bere onarpen mailak gora egin du

Inolako frogarik izan ez arren, Trumpen Obamaren aurkako mezuak 1,7 milioi «like» lortu zituen oso egun gutxitan Instagramen. Bidenek, nahiz eta umorista batekin oso esketx landua ipini zuen, 50.000 baino ez ditu bildu

Lasterketan esku hartzen ari diren taldeetako buruek beren estrategiak moldatu egin behar izan dituzte, meme deitzen diegun mezu sinpleei eta sare sozialei garrantzia gehiago emateko. Horiek dira kanpaina berriko arma nagusiak. Eta horiek erabiltzearen inguruko gomendio-algoritmoek berebiziko zeregina izaten dute.

Orain arte, kanpainak AEBetan egin daitezkeen jarduerarik sozialenak izaten ziren. Hilabete askoko iraupena izaten zuten kanpainatan, ehunka lagun elkartzen ziren herrialde osoan, kasu batzuetan milaka esku hartzaile aldi berean, presidente izan nahi duen hautagaiaren edo bere ordezkariren baten mezuak entzuteko. Ekitaldi horiek pop kontzertu ikusgarrienen inbidiarik ez dute izaten.

Fenomenoa hitzordu inportanteena iristeko aste batzuk falta direnean hazten da. Hautagaien jarraitzaileak etxez etxe joaten dira, aldez aurretik propio aukeratutako auzo estrategikoetan, herritarrei botoa eskatzeko. Eta zalantzan dagoenari, hautagaiaren aldeko argudioak azaltzeko.

Aurten giroa erabat aldatu da ordea. Pentsaezina da orain arte egiten zena egiten jarraitzea. Eta egungo egoera ez da hobetuko azaroaren 3rako, Donald Trump egungo presidentea eta Joe Biden Alderdi Demokratako hautagaiaren arteko aukeraketa hautetsontzietan egin behar den egunerako.

Biden beteranoak badaki etxetik irten gabe kanpaina egiteak zailtasun asko izaten dituela: oso ezerosoak izaten diren isiltasun uneak, eten egiten diren konexioak, inolaz ere lortzen ez den katarsia eta pandemiaren eraginez etxean lanean aritzeagatik dagoeneko ohiko egin zaigun «entzuten nauzue?» galdera ezinbestekoa.

Orain bi aste Biden demokratak «mitin birtuala» eskainiko ziela agindu zien Floridako Tampa hiriko jarraitzaileei. Disc-jockey batek alaitzen zuen giroa bere gelatik eta publikorik gabeko musikak bide ematen zien gonbidatuei, koordinazio handirik gabe: bukatzen ez ziren segundoak egiten zituzten kamerari begira ezer esan gabe, edo hitzaldien erdian pantaila beltz-beltz geratzen zen.

Alejandra Ocasio-Cortezen herri birtuala

Aldi berean, politikari batzuk normaltasun berrian ondo moldatzen direla dirudi. Alejandra Ocasio-Cortez New Yorkeko kongresukide demokrata bere saltsan dabil. Bere boto emaileekin komunikatzen da Nintendo etxearen Animal Crossing bideo jokoarekin, herri birtual batean. Koronabirusaren aurkako itxialdia hasi zenetik, parlamentari gaztearen onarpen mailak gora egin du.

Hautagai demokrataren aurrean Trump daukagu. Bere kanpainako arduradunak oso trebeak dira memeak beren onurarako erabiltzeko garaian. Sare sozialetan tankerako umorezko mezu sinpleak sortzeko lantalde berezi bat dauka errepublikanoak. Hilaren 11n, Instagramen presidenteak duen kontuak meme bat eman zuen argitara: Trumpen aurpegiaren gainean honako esaldia irakur zitekeen: «Ni ikertzen zuek ondo pasatu izana espero dut». Eta azpian, mehatxua: «Orain niri tokatzen zait».

Trumpek “Obamagate” bataiatu duen ustezko eskandalua albistegietara iristea nahi du, nahiz eta aurreko presidentea zipriztintzen duen elementurik jarri ez duen mahaiaren gainean. Inolako frogarik izan ez arren, mezuak 1,7 milioi like lortu zituen oso egun gutxitan. Joe Biden demokratak, aldiz, nahiz eta Keegan-Michael Key umoristarekin oso esketx landua ipini zuen sare sozial berean, 50.000 “gustatu zait” baino ez ditu bildu.

Hutsalkeria dirudi, baina garrantzitsua da, batez ere sarean egingo den kanpainan: Facebook, Youtube, Instagram edo Tiktok bezalako sare sozialetako hizkera trebezia handiarekin erabiltzen dutenek, boto emaileak etxetik aterarazteko aukera gehiago izango dute azaroaren 3an.

«Aurrekaririk gabeko kanpaina izango dela badirudi ere, inor ez zegoela aldez aurretik modu egokian prestatuta, egia esan kanpaina egiten duten ekipoek sei hilabete daramatzate makineria hori behar bezala koipeztatzen. Planifikazioan aurreikusitakoa baino gauza gehiago egitea besterik ez dute», esplikatu berri du bere zutabean Jennifer Stromer Siracusako Unibertsitateko komunikazio irakasleak.

Algoritmoak dira gakoa. Horiek sare sozial garrantzitsuenetako informazioa sailkatu, ordenatu eta gomendatzen dute. Seguru asko, egungo kanpaina honetan beste inoiz baino gehiago, algoritmoek hautagaien mezuak indartu edo ahuldu egingo dituzte. Mundu digitalera ondoen egokitzen den hautagaiak boto emaile gehiago mobilizatzea lor dezake, boto gehiago alegia.

«Niretzat, Donald Trump gorroto asko duen norbaiten meme baten parekoa da, eta gu, aldiz, senideen besarkada jasotzen duen eta etxekoei sorpresa eman nahi dien soldaduaren bideoaren parekoak gara», adierazi berri dio CNN telebista kateari Rob Flaherty Joe Bidenen kanpainako eduki digitalen zuzendariak.