2020/05/23

Maider Iantzi Goienetxe
Eskapo, animalia basatien gisan

Txaloez idatzi nuen aitzinekoan, gure buruak astintzeko zaplazteko-txaloez. Jada amaitu dira, berrogeialdia arintzen ari da eta lehengora itzultzeko gogoz sumatzen da jendea. Animalia sozialak gara, eta ohituraz funtzionatzen dugu. Hortaz, ez da harritzekoa.

Baina harritzen nau inguruan jendea elkarrengana hurbiltzen ikusteak, maskararik gabe, eta haserretzen nau animalia basatiak bezala pertsonengandik eskapo ibili behar izateak. Portalean antisoziala naizela pentsatuko dute (hori ere izan naiteke). «Atso zaharra!» erranen didate gai berarengatik haserretuko garen hamaikagarren aldian (atso zahar antisoziala, ados). Zutabea honetaz idatziko dudala komentatzean hobe dudala zerbait berria kontatu erranen dit telebistan egunero kontu berak aditzeaz aspertu ez eta, gainera, distantzia hartzea ahanzten zaionak.

Atzentzeko gaitasun ikaragarria dugu, bai, zorionez. Baina erizainak ikusten ditudanean jendarteari zer pasatu den oroitarazi beharrean, eta mezu baikorra zabaltzen saiatu direla baina beharbada irudi gogor gehiago erakutsi beharko lituzketela aipatzen, mina hartzen dut.

Nazkatu naiz «zu beldurtia zara, baina denek ez dute halako beldurrik» aditzeaz ere, hau guztia izu kontua balitz bezala, eta ez ardura kontua. Denok dugu hemen kontent egoteko gogoa.

Atso zahar antisozial beldurtia izanen naiz, bai. Eta gainera astoa bezain tematia. •