Juantxo EGAÑA

Greba eguna Donostian, 1916an

1916ko abenduaren 18an, sindikatuek 24 orduko greba deitu zuten Estatu espainol osoan, gerraren aitzakian premiazko artikuluak asko garestitu zirelako. Bezperan, langile elkarte antolatzaileek grebarekin bat egin zutenen berri eman zuten Donostiako Antzoki Zaharreko mitin batean eta, era berean, Gipuzkoako Gobernu Zibilak hilaren 18ko manifestazioa debekatu izanaren gainean aritu ziren. Besteak beste, Guillermo Torrijosek hitz egin zuen, greba «langile antolatuen indarra erakusteko ekintza gisa» arrazoituz eta haren beharra nabarmenduz: «Gobernuak greba kontuan hartu eta proletarioen eta erdi-mailako klasearen eskaerei erantzun behar die». Tokiko hedabideen arabera, lanuztea orokorra izan zen. Guardia Zibilaren kargak izan ziren, eta Armadaren Sizilia Erregimentua hiriko hainbat tokitan hedatu zen. Manifestariek tranbia batzuk irauli zituzten Getaria eta Hernani kaleetan, eta Amarako geltokian tren bat ere irauli zuten, bagoi eta guzti. Guardia Zibilak, Getaria kaleko karga batean, emakume bat zauritu zuen buruan, sable kolpe batez. Kargen ondoren, zauritu ugari artatu zituzten larrialdietan, eta egun hartan atxilotu zituztenetatik 28 lagun Ondarretako kartzelara sartu zituzten. Ricardo Martinen argazkietan, greba eguneko zenbait une.