2020/05/23

Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa
Hamabost minutu

Ez dakit inoiz egin duzun ariketa: zer duzue 15 minutuko oinezko erradioan? Okindegi bat, kafetegi bat, dendak, garraio publikoa? Haurren eskola, osasun etxe bat, parke bat? Esango nuke gutako gehienok, herri txikietan bizi ez direnak salbu, badugula zerbitzu eskaintza hori eskura –besterik da erabiltzen dugun, urrutiko intxaurren mesedetan–. «15 minutuko hiria» bolo-bolo dabil azkenaldian, nahiz eta, izen horrekin ala besteren batekin, denbora dezente daraman gure artean.

Covid19-aren harira Hiritik At-ek sustatu duen “Euskal Herria pertsonentzat” manifestuak argi dio: «pertsona orok izan behar du oinarrizko zerbitzu eta azpiegituretarako sarbidea, oinez joanda 15 minutuko erradioan». Ezin desados egon. Otsailean, Parisko alkate Anne Hidalgok 15 minutuko hiriaren defentsarekin abiatu zuen hauteskunde kanpaina, oinarrizko giza-jarduera petrolioaren osteko arora moldatu behar dela argudiatuz. Kontua da Hildagok lana (produktiboa) ere sartzen duela 15 minutuko oinezko erradio horretan, eta hortxe hasten dira nire zalantzak.

Oinarrizko zerbitzu eta azpiegiturak eskura izatea bideragarria da, eta hirigintza estrategia egokien menpe dago hein handi batean. Baina lana? Kasuistika askotarikoa da oso. Lehenik eta behin: lan mundua erabat espezializatuta dago eta, erabilera ezberdineko auzoak izanda ere (etxebizitzak eta lanpostuak), nola bermatu lana inguruan topatzeko aukera? Hezkuntzako zerrendetan dauden nire lagunez oroitzen naiz, eta nola zeharkatu izan duten askok Euskal Herria puntarik punta, bidean dirua galduta ere, puntuak irabazi eta zerrendetan gora egin ahal izateko. Bestetik, lanpostuz aldatzea ere, aukeraz ala halabeharrez, ohikoa da eta ezin gara 15 minutuko oinezko erradiora mugatu. Pentsa bikoteen kasuan ere: ze serendipia mota da biek lana gertu izatea?

Lanaren ikuspuntutik ulertzen dut, besteak beste, Marina Garcesek aipatu izan duen «distantziarekin kontraesankorra ez den beste eskala bateko auzotasunaren» ideia, eta auzi horretan ezinbestekoak dira garraio publiko sare indartsua eta lurralde-antolamendu eta mugikortasun estrategia egokiak.

Anne Hidalgok telelana aipatzen du, bulego fisikoetara noizean behin soilik joateko aukera, auzo guztietan co-working espazio flexibleak izateko aukera, eta abar. Ideia polita izanda ere, zenbat dira horrelako egoeratara moldatu daitezkeen lanpostuak? Ze profil dute? Zenbat eta zenbat dira presentzia fisikoa behar-beharrezkoa duten lanpostuak? Ze profil dute? Non bizi dira langileok?

Hidalgok 2,2 milioi biztanleko Paris gobernatzen du, baina Grand Paris metropolitarrak 12 milioi inguru ditu eta bere eremu funtzionalak baten bat gehiago. Bertan dago kokatua Savigny-le-Temple, Parisetik 40 kilometro hegoaldera, eta bertan bizi da Priscillia Ludosky. Martinikar jatorriko emakume hori dago txaleko horien mugimenduaren sortzaileen artean, alegia, gasolinaren prezioaren («oinarrizko ondasuna») igoeraren kontrako protestak abiatu zituztenen artean. Paris eta Grand Paris; hiriak eta aldiriak. Mugikortasun estrategia berdeak behar ditugu, baina jai dugu estrategia horiek errealitate territoriala eta ikuspuntu soziala uztartzen ez badituzte. •