2020/05/23

Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa
Konfinamendutik

Itxialdi honek izango dituen ondorioak oraindik ere ikusteko daude, oraindik ere eusteko unean aurkitzen gara. Moldatzeko beharrak eta gaitasunak, barruan ditugun emozioak gordetzera garamatza, egoerari eustera. Ezin baitiegu oraindik horiei lekua eman, ez ditugulako bitartekoak eta, gezurra dirudien arren, ez dugulako denborarik. Eguna aurrera ateratzen ikasten ari gara, egun bakoitza mundu bat delako, erronka bat. Orain inoiz baino gehiago ziurgabetasuna da gure bandera, baina beti egongo den faktoreetako bat da, hori da dakigun bakarra. Nola kudeatu egoera hau gure harremanak zainduz? Nola mantendu piztuta gure artean lotzen gaituen hori? Noiz hurbil naiteke desira dudan gorputzera?

Askotan gertatzen den bezala, arazo baten aurrean konponbide on bakar bat dagoela esan digute. Konponbide bakarra “sexistitzen” diren errealitate guztientzat. Hala da? Dudan esperientziatik, ezezkoa ateratzen zait segituan. Ezinezkoa da konponbide bakar batek ditugun askotariko egoera eta arazoei irtenbide onuragarria ematea. Zergatik? Aniztasuna delako gure errealitatea, eta, horrenbestez, munduan egoteko moduak, egoerak, beharrak, nahiak, beldurrak... milioika direlako. Garrantzitsua iruditzen zait hori esatea, jendartean gertatzen ari dena gure sistemetan (familia, lagunak, lankideak, bikoteak...) erreproduzitzen dugulako, edo, alderantziz, agian. Esan bezala, botereak ematen digun irtenbidea, guztiontzat bakarra da: etxean geratu. Etxe bakoitzean dauden egoerak, beharrak, baliabideak, egoera pertsonalak... kontuan hartu gabe, azken finean, osasunaren alde bakar batek beste guztiak jan ditu. Harremanetan ere halako zerbait gertatzen da, harreman eredu bakar eta onuragarriak aukeratzen dira eta horietan sartzen ez bazara, baztertua, epaitua, patologizatua... zara.

Konfinamendua gure harremanetan izaten ari den eragina askotarikoa da, baina saia gaitezke irakurketa orokor eta zabal bat egiten. Beldurrak badu bai protagonismo berezia, zentralitatea esango nuke. Beldurrak badu bere zentzua eta, esan genezake, badituela abantailak; alerta egoeran jartzen gaitu, arriskuak ikusi eta kontuan hartzeko seinalea da, gure buruak zaintzera garamatza askotan... Bestalde, beldurrarekin bizitzeak zurrunagoak izatera eramaten gaitu, besteen menpe egotera, gertatzen ari zaigunaren aurrean kontrol ezaren sentsazioa izatera, bizitza arrisku gisa sentitzera. Bizitzeko beldurra. Beldurrak jan bazaitu, harremanak bizi eta goxatzea zaila da. Plazerak bigarren plano batean kokatzen baitira, kapritxozkoa den hori, serioa ez dena, orain ez da momentua horretan pentsatzeko, pertsona hotza! Eta gozotasun gabe, plazerik gabe... harremanetan haztea zaila izaten da.

Plazerari leku emateak ez gaitu pertsona gaizto bihurtzen, ezta ez solidario ere. Esango nuke plazerari leku emateak lagundu egiten gaituela, gure buruarekin konektatzera, bestea sentitu, zentzatu eta ikustera, jolasteko gogoa izatera, bizitzarekin disfrutatzera. Hori ere bagarelako eta bere lekua merezi duelako. Gure behar eta eskubidea delako, ez garelako bakarrik, harremanean baizik. Bizitzeko gogoa ematen diguna zaintzea ezinbestekoa da. Abesti batek dioen bezala, zaindu maite duzun hori... eta goxatu! •