Xabier Mikel Errekondo

«Sexting»

Idaztera eseri naizenean zein gairi heldu zalantza nuen, biak ala biak interesgarriak oso, telelana ala sexting-a. Idatzi honekiko boterea oraindik nirea denez, bigarrenaren alde egin dut. Ea kilima artetik eta garun hezurra jada laukitu didan telelanaren pantaila beretik zerbait borobiltzen dudan.

Itxialditik bizirik gara aterako, agian, baina bitartean aldizkako harreman sexual haragizkoak giltzarrapopean dizkigute jarri. Ezin elkartu, ezin ukitu… Sexu harremanetarako eta muga hertsiei aurre egiteko formula ezinbestekoa da osagai biko pozoia: ausardia eta irudimena, dosi altuetan. Sexu harremanak praktikatzeko bide bi baino ez daude, arauen barne eta arauetatik at.

Arauen barruan, sexting-ak (mezu eta irudi erotikoak partekatzeak) itxialdiak ezarri giltzarrapoa lehertzeko bidea ireki digu gazte zein helduoi eta, bide batez, masturbazioa sexu praktikaren aldare gorenera igo. Baina kontu, sare sozialetan sexua praktikatzeak badu eta arriskurik, eta kondoiak ez gaitu libratuko diskrezioak baizik.

Sexualitatea etengabe elikatu beharreko droga dugu, hil artean. Eragin sexuari ordenagailutik, Satisfayer-az edo zuzeneko harremanean, baina ez ahaztu plazerean tamainak baduela garrantzia… irudimenaren tamainak. Irudimenik gabe tramankuluaren pilak ez du eraginik, ezta geure gorputzak energiarik ere.

Ez naiz ni inor inori ze harreman mota izan esateko, baina nik haragizkoak nahiago parez pare begietara begiratu eta pixelatu gabeak… Ausardia karga guztiarekin, arauetatik at ibiltzeak sortzen duen bekatuaren morboa…

Beraz, izan irudimentsu eta jarri zure plazera arau murriztaileen gainetik, edo azpitik, edo albotik, edo... •