2020/05/23

Joana Garmendia
Urkulluren ordena

Gaztelaniaz hitzen ordenak adierazten du zerbait askotan. Hori jakinda esan zuen Urkulluk: «Los test se realizan a quienes manifiestan algún tipo de síntoma». Eta ez zuen esan «a quienes manifiestan algún tipo de síntoma se les realiza el test»

Esango nuke nahiko zabaldua dagoela euskara hizkuntza zorrotza delako irudipena; edo zurruna, lotua, trinkoa, ez dakit ba nola esan. Ez behintzat ezagutzen ditugun beste hizkuntzak bezain librea. Besteak hor dabiltza beraien aditz sinple eta preposizio apartekoekin pozik, lasai ederrean, dena festa; eta gu, bitartean, izenak deklinatzen eta aditzak puska puskari lotuz jokatzen, abileziazko joko txinatar batean nola.

Euskarak badu, ordea, alderdi bat libre-librea: hitzen ordena. Esan ohi da euskaraz esaldiak subjektu-objektu-aditz ordenan eratzen direla beti, eta horrek badu egiatik zerbait, hori baita euskarazko esaldien ordena neutroa edo sinplea: «Urkullu EAEn lehendakari da». Baina euskararen egiturak baimentzen digu ordena hori puskatzea, eta nahi bezala aldatzea. Euskararen gramatikari minik egin gabe esan ditzakegu «Urkullu da EAEn lehendakari», «Lehendakari da Urkullu EAEn» eta «EAEn da lehendakari Urkullu». Hirurak dira zuzenak euskaraz, ez dute batere erreparorik. Berdin-berdinak ez dira, ordea: ordena aldatzean, esaldiari esanahia aldatzen diogu (galdegaia aldatu dugulako, bai). Hiru esaldi horiek, hurrenez hurren, galdera desberdinari erantzuten diote: nor, zer eta non.

Beste hizkuntza asko ez dira horren libreak, hitzen ordenari dagokionez beti. Ingelesak eta alemanak, esaterako, askozaz ere ordena zurrunagoa dute. Gaztelania, badirudi, nonbait erdibidean dagoela. Baliteke, testuinguru jakinean, esaldi zuzenak izatea «Urkullu en la CAV es lehendakari», «Lehendakari es Urkullu en la CAV» eta «En la CAV es Urkullu lehendakari». Esango nuke, ordea, ez direla euskaraz bezain naturalak –zail zait esaten, esan esaten baititugu maiz horrelakoak, baina ez dakit zenbateraino den euskararen kalkoz egindako zerbait–. Naturales-naturales no son, nire ustez.

Edonola ere, gaztelaniaz ordenak adierazten du zerbait askotan. Eta hori badaki lehendakari EAEn den Urkulluk. Eta hori jakinda esan zuen apirilaren hasiera aldera halako hura, etxean itxita gauzkan gaitzaren testak gora eta behera genbiltzanean: «Los test se realizan a quienes manifiestan algún tipo de síntoma». Hori, euskararen ordenari egokituta, honela da: «Testak sintomaren bat erakusten dutenei egiten zaizkie». Baina ez zen hori guk jakin nahi genuena: Urkulluk esandakotik ondoriozta dezakegun gauza bakarra da sintomarik izan ezean ez zaigula testik egingo; sintomarik izanez gero testa egingo diguten, hori ez dakigu. Egin ez genion galdera bati erantzun zigun Urkulluk, eta ez zion benetan egin genionari erantzun: sintomarik dutenei, egiten al zaie testa? Horri erantzun normala, naturala, «Sintomaren bat erakusten dutenei (egin) egiten diegu testa» zatekeen –«A quienes manifiestan algún tipo de síntoma se les realiza el test»–.

Zergatik ez zuen hori esan? Ba Urkulluk badakielako hau ez dela matematika: hemen osagaien ordenak inporta du. Eta, komeni denean, orduan bai, ordenatzen digute ondotxo asko. •