Isidro Esnaola

Patronalaren monopolioa indargabetzeko tenorea

PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduk 2012ko lan erreforma indargabetzeko lortutako akordioak hautsak harrotu zituen pasa den astean. CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko lehendakariak, Antonio Garamendik, berehala utzi zuen bertan behera patronalaren parte hartzea elkarrizketa sozialean. Lortutako akordioak «enpresak kaltetzen» zituela esan zuen, baita «nazioarteko konfiantzaren galera» ekarriko zuela gaineratu ere. Asteburuan argudio berberak errepikatu zituen Iñigo Urkulluk.

Gauzak nahiko argi daude 2012ko lan erreformaren inguruan. Alderdi politikoen arteko akordioa logika politikoan kokatzen da. EAJren kasuan, izandako jarrera aldaketak erakusten du eroso sentitzen dela saltsa horretan: batzuetan aldaketak babestu, beste batzuetan aurka agertu, baina beti-beti enpresarien interesak konprometitu gabe. Argazkian nabarmendu dena, hori bai, patronala da. Oso adierazpen borobilak egin ditu «interes orokorraren» izenean eta horrek galdera batzuk sortzen ditu patronalak jokatzen duen paperaren inguruan. Adibidez, zergatik dago patronal bakar bat? Ez al dago beste enpresari elkarterik? Nola neurtzen da enpresari elkarteen ordezkaritza? Alderdi politikoen eta sindikatuen kasuan, gauzak nahiko argi daude: proiektu desberdinak antolatzeko aukera dago eta bakoitzak duen indarra hauteskundeen bitartez neurtzen da. Patronalaren kasuan ez dugu horrelakorik ezagutzen.

Egia da zenbait kasutan sektorekako enpresari elkarteak daudela eta bestelako elkarte enpresarialak ere badaudela, baina, aldiz, lan harremanak, fiskalitatea eta beste hainbat esparru orokor jorratzean, ordezkaritza bat eta bakarra agertzen da beti: Estatuan CEOE, Euskal Herrian CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoa Nafarroan eta Confebask EAEn eta, gero, herrialde bakoitzeko sukurtsalak. Gainera, oso jeloskor jartzen dira norbait egun duten monopolioaren aurka agertzen denean. Horrela gertatu zen 2013an Bizkaian Cecobi eta Bizkaidendak elkarteen artean; edo geroago Gipuzkoan Garen enpresari elkartea sortzean. Beharbada, ordezkaritzaren monopolioaren inguruko azken gorabehera esanguratsua kooperatiben lege berriarekin gertatu da. Lanbiden kooperatiben ordezkariei sarrera emateko proposamenari tinko egin zion aurre Confebaskek eta enpresen ordezkari bakarra izaten jarraitzea lortu zuen. Merkatu librea bai, besteentzat; enpresarien ordezkaritzaren monopolioa zalantzan jartzean, orduan ez lehiakortasunik, ez aniztasunik, ez demokraziarik, ezertxo ere ez.

Legeak onartzen du patronalak, sindikatuak bezala, interlokutore izan behar duela, baina ez dago behar bezala araututa nola zehaztu behar den ordezkaritza hori. Ez dago finkatuta elkarte bat baino gehiago egon behar den ala ez, bakoitzak duen pisua nola neurtu behar den, eta ez da hauteskunde prozesurik aurreikusten. Beraz, ez dago bide publiko fede-emailerik zehaztuta enpresarien elkarteek duten ordezkaritza neurtzeko. Eta hutsune horretaz baliatu dira batzuk interes partikularrak enpresarien interes orokor gisa aurkezteko. Are, enpresari askok sarri ez dute bat egiten patronalak hartzen dituen jarrera erreakzionarioekin. Horregatik, hainbeste maite duten merkatu librea gauzatu beharko lukete enpresariek euren esparruan ere. Bada garaia enpresarien ordezkaritza zehazteko hautagaiak aurkeztu, hauteskundeak egin eta bakoitzak lortutako botoak kontatzeko. Patronalaren monopolioa disolbatzeko tenorea iritsi da, besteak beste, ekonomia eta demokrazia indartzeko. •