Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
JOXI IMAZ BENGOETXEA
«Hezkuntzaren soziologia» liburuaren egilea

«Zer gizarte eredu nahi dugun jakin behar dugu eta hezkuntza horren alde jarri konplexurik gabe»

Soziologian doktorea, Hezkuntzaren Soziologia ikasgaia ematen du EHUn 1999tik. UEUrekin kaleratu duen liburuan hezkuntzak jendartea eraldatzeko duen funtzioa aldarrikatzen du.

Hezkuntza arloko profesionalek ulertu behar duten gauzetako bat da hezkuntza fenomeno soziala dela». Ideia horretatik abiatzen da Joxi Imaz “Hezkuntzaren soziologia” (UEU) lanean. Buruxkak.eus atarian lehen atala irakur daiteke.

Koronabirusaren garai honetarako benetan aproposa da liburua.

Ez dakit, zergatik esaten duzu?

Hezkuntzaren eta jendartearen arteko loturan aipatzen dituzun ideiak agerian gelditzen ari direlako, adibidez ikasteko guztion baldintzak ez direla berdinak.

Egia, egia. Asko errepikatu da nola desengantxatu diren lehenago ere justu zebiltzanak eta nola berriro frogatzen den ez dela gaitasun edo meritu indibidualaren kontu bat. Atzean faktore asko dago: baliabide teknologikoak, familiaren laguntza... Emile Durkheim soziologoa izan zen lehenengoa hezkuntzaren eta gizartearen artean harreman estua zegoela esaten. Nahiko esaldi probokatzailea esaten zuen, baina nire ustez arrazoi du: «Gurasoek ezin dute beren haurra nahi duten bezala hezi». Garai bakoitzean arau, balio, ohitura, instituzio batzuk daude normalitate bat markatzen dutenak. Imajinatu normalitatearen autobus bat; aurrerago, eskuinerago edo ezkerrerago eraman ditzakezu umeak, baina autobusetik kanpo oso zaila da. Beste adibide bat udaleku irekiak dira. Lagun bat bere umearekin gelditu zen, apuntatu gabe, baina inor ez zegoen parkean, denak udalekuan zeuden. Orduan hurrengo urtean apuntatu behar izan zuen. Durkheimek esaten zuen argi dagoela gizarte bakoitzean hezkuntza mota desberdin bat dagoela: Grezia klasikoan Esparta gerlariagoa zen, Atenas artistikoagoa, Erroman jendea akzioan hazten zuten, gerrarako... Erdi Aroan kristauagoa izan zen, Errenazimenduan laikoagoa, literarioagoa, eta gaur egun zientzia eta teknologian zentratua. Hori ez da gure geneak aldatu direlako, baizik eta gizarteak behar ezberdinak dauzkalako. Hezkuntza ez da “ea zer ateratzen zaigun”, “kazetari bat atera zaigu, edo soziologo bat”. Harkaitza nahi duzun bezala jotzen duzu nahi duzun eskultura lortzeko. Horregatik hainbeste abertzale euskaldun Euskal Herrian eta hainbeste nazionalista espainol Espainian, gizarte bakoitzak bere burua erreproduzitzeko behar duen pertsona mota sortzen duelako. Hortaz, soziologoentzat hezkuntza ez da dohainak bilatzea eta horiek garatzen laguntzea; gehiago da gizarte batean bizitzeko prestatzea. Koronabirusaren garaiotan ezberdintasunak biderkatu egin dira. Pantailen gaian sartuta, lehen ere pantailen munduan bizi ginen eta itxialdi honetan handitu egin da hori. Lehendik zeuden fenomeno sozialak esajeratu egin dira itxialdian.

Izugarrizko denbora pila ematen dugu pantailetan.

Bestela ere ikaragarria zen, belaunaldi gazteetan Internet, helduagoetan telebista, baina orain dena pantaila bihurtu da umeen kasuan: eskolako lanak, aisia, harremanak. Egunero sei ordutik gora daude pantailetan eta hori ez da oso osasungarria. Erronka gehiago ere agertzen zaizkigu, Youtubek eta halako zerbitzuek estilo bat markatu baitute, bideo azkarrena, eta horregatik igo da arreta defizita, hiperestimulatuak gaudelako. Filosofo eta soziologo batzuk deskonexio digitala proposatzen ari dira, gure osasuna mantentzeko.

Arreta defizita arazo soziala da, hortaz?

AEBetako mapa batean garbi ikusten da estatu batzuetan besteetan baino handiagoa dela arazo hori, beraz, definizioak soziala izan behar du. Edozein gaixotasunetan ikusten da hori, eta oso labainkorra da zer den gaixo egotea eta zer ez. Urritasunekin hori gertatzen da. Soziala da non jartzen dugun muga, irratiko dial bat bezala. Denok dauzkagu urritasunak. Stephen Hawkingen teoria batzuk ezin ditut ulertu. Ematen zuen berak zuela urritasun fisikoa, baina berarekin konparatuz ia denok daukagu urritasun mentala. Orduan definizioa soziala da eta inguruan industria bat sortzen da: psikologoena, botikena... Errazegi diagnostikatzen da eta ahaztu egiten zaigu atzean faktore sozialak daudela. Eskola porrotaren kasuan gauza bera. Nork esaten du 7 urterekin maila bateraino irakurtzen jakin behar dugula denok? Erabili al dituzu aspaldi ikasi zenituen deribatu eta integralak? Gizarte honetan prestigio gehien duten ikasketak matematika horiekin lotutakoak dira. Filtro batzuk pasatzen ditugu ingeniari onenak bilatzeko. Horiek izango dira gero lanpostu eta postu sozial hoberenak edukiko dituztenak. Orain ez genuke Bigarren Hezkuntzako Matematikako azterketa bat pasatuko, ezta Historiako edo Hizkuntzako bat ere. Gaztelaniaz ikasi zenuen?

Ez, euskaraz.

Eta gaztelania ematen zenuen?

Bai.

«Define y ponme un ejemplo de oración recíproca indirecta». Halako adibide pila dago. Zenbat ordu pasatu ditugun eskolan alferrik, curriculum ofiziala zer lotuta dagoen boterearekin eta zenbat urte eman ditugun soilik hesiak pasatzen nahi genuen edo gizarteak nahi zuen tokira iristeko. Hezkuntza konstruktibista bat erabili beharrean, interesetik abiatuta, gertuko komunitatetik, arazo sozialetatik. Gure kasuan arazo ekologikoak izan daitezke, zapalkuntza nazionala eta kulturala, euskararen egoera soziolinguistikoa... Zer esanik ez hezkuntza emozionala, drogak, sexua. Curriculuma zalantzan jarri beharrean oraindik curriculum hierarkiko bertikal, ofizial horretan gaude. Hiru gauza neurtzen dira hor: zientzia, teknologia eta hizkuntza.

Kontzienteago izan beharko genuke hezkuntzaren eta jendartearen arteko harremanaz eta hezkuntzak lotuago egon beharko luke jendartearekin?

Lehenengoa bai. Hezkuntzaren eta gizartearen arteko harremanaz kontzienteago izan beharko genukeela, seguru. Lotura gehiago eduki beharko lukeela, ez. Gutxiago ere ez. Eztabaida honetan ikasle batzuek esaten dute “egia da oso lotuta dagoela, orduan hortik ihes egiten saiatuko naiz”, baina animalia sozialak gara. Egitea daukaguna da beste talde bat bilatu edo gure taldean botere harremanak aldatu, arauak eta balioak aldatzeko eta gure gizartea aldatzeko. Hezkuntzak eraldaketa soziala bultzatu beharko luke, aipatu ditugun arazo inportanteak dauzkagulako: ezberdintasun sozialak, identitatearekin lotutako arazoak, ekologiarekin, generoarekin, kulturarekin lotutakoak. Soluzioa ez litzateke izango esatea hezkuntza ez-politiko bat egin behar dugula. Kontziente izan behar dugu beti dela politikoa eta beti dagoela nonbait kokatua. Ikastolak, adibidez, Frankismoan sortu ziren Espainiako hezkuntza sistema frankistari aurre egiteko eta orain ere lotura hori hor dago. Zer gizarte eredu nahi dugun jakin behar dugu eta hezkuntza horren alde jarri konplexurik gabe, hezkuntza beti dagoelako zerbaiten zerbitzura, beti aurreikusten duelako etorkizuneko gizarte eta pertsona mota bat.

Beraz, zein izanen litzateke hezkuntzaren papera?

Alde batetik, gizarte batean bizitzeko prestatzea. Bestetik, pentsatu nahi dut balio izan behar duela gizarte hori zalantzan jarri eta eraldatzeko. Edukiak baino gehiago konpetentziak landu behar dituela esaten da: ikasten ikasi, izaten ikasi... Beste konpetentzia bat eraldatzen ikastea da.

Gaurko Euskal Herriko hezkuntzan eraldaketaren ideia hori aplikatzen da?

Nire gusturako gutxiegi. Espainia mailan Fuhem fundazioa dago eskoletan trantsizio ekosoziala lantzeko, Intered gobernuz kanpoko erakundea ere bai... Euskal Herrian badaude gauzak, adibidez murgiltze euskaldun batetik hezkuntza eta komunitatea pentsatzeko proiektuak eta tokiko ekoizleekin ikuspegi agroekologiko batetik dabiltzan jangelak. Baina gehiago egin genezake eta badaude tentsioak, Madril eta Parisen hezkuntza zentralizatzeko saiakerak kasu. Euskal Herrian publiko-pribatu eztabaida ere bada, baina ikastolen kasuan herritik eta herriarentzat sortu ziren. Kontuz ibili behar dugu gure teilatuari harriak botatzearekin.

Eskolaz ari gara, baina hezkuntza ez da hori bakarrik. Pentsatu zein inportanteak diren jangelako orduak, eskola kirola edo ludoteka. Hezkuntza bereziko hezitzaileak, orientazioan ari direnak, pisu tutelatuetan, familiei laguntzen. Zenbat jende ari den hezkuntzan lanean irakasle izan gabe. Bestetik, hezkuntzako profesionalez gain, etengabe ari gara ikasten, batez ere aurreneko urteetan, motxila hutsik daukagunean, familian, kalean, lagunekin edo bestelako taldeekin, pantailetan. Leku guztietan dago hezkuntza eta eskola leku bat gehiago bihurtu da.

Hezkuntzaren eta jendartearen arteko loturaz ahanzten garela uste duzu?

Bai. Askotan indibidualismora joaten gara pentsatuz “hori listoa da”, “hori tontoa da”. Pentsatzen genuen eskolan ondo zebilena listoa zela, baina askotariko inteligentziak daude. Bestetik, ahazten zaigu presio sozial hori denbora osoan hor dagoela. Badago korronte bat pentsatzen duena eskola eta bizitza zu eta zure merituak direla, eskolan denak zerotik hasten garela. Beste batzuek diote ikasle batzuk oztopoekin hasten direla eta beste batzuk, berriz, pribilegioekin. Ezberdintasun handiak daude hasieratik kapital ekonomikoan, kulturalean, sozialean, hizkuntzan, jarreretan, motibazioan. Badago ahazte bat korronte aurrerakoietan ere. Horiek diote hezkuntza natural bat berreskuratu behar genukeela. Ikuspegi soziologiko batetik kultura askoz inportanteagoa da pertsonaren bizitzan natura baino. Orduan nahiko kontraesankorra da esatea naturan bilatu behar dugula hezkuntza. Egia da hezkuntza ez hain autoritario baten bila joan beharko genukeela, baina adin gehiago daukan belaunaldi bat egongo da eta bere ideiak transmititzen saiatuko da belaunaldi berriari, logikoa den bezala. Ideia horiek alternatiboak izan daitezke: askatasuna, Euskal Herria edo justizia soziala. Baina beti egongo da gizartea atzean.