Mikel Zubimendi Berastegi

Birusa, bozak eta Trumpen hiru leloen irakaspenak

Gorrotatzen baduzu ere, aitortu egin behar zaio meritua. Ez dut zalantzarik Donald Trumpek 2016ko hauteskundeetan erabili zuen “Egin dezagun Amerika handi berriz” leloa bikaina izan zela. Sinple-sinplea baina argia oso: doinu patriotikoa zuen eta esanahiz armatuta zegoen. Jenialtasun handikoa izan zen nire ustez. Gezurra izan edo ez, funtsean, boto emaileentzako bere mezua honako hau zen: zuen kontroletik kanpo dauden arrazoiengatik (immigrazioa, teknologia, globalizazioa…) AEBek bazterrean utzi zaituztete. Ezagutuko duzuen herrialde bat bueltatuko dizuet, aurrera egingo duzuen herrialde bat.

Hauteskundeak irabazi zituzten beste presidente batzuek bestela jokatu zuten. Bill Clintonek “XXI. mendeko zubia” eraikiko zuela hitz eman zien herritarrei. Obamak, berriz, “behar zuten aldaketa” ekarriko zuela. Trumpek, aldiz, une ezberdin batean ondo asmatu zuen, boto emaile asko etorkizunari baino, familiarra eta erosoa izango zen iragan bati irrikaz begira zeudelako. Ados, Trumpen kanpaina kaotikoa izan zen, hautagai aldakorra izan zen eta bere politikak kontraesankorrak ziren, baina, aldiz, AEBentzat Trumpek zuen ikuspegi “askatzailearen” inguruko bisio argi eta koherentea ematen zuen aztertutako leloak. Marketin adituen lekukotza paregabea. Nahiz eta esaldia Ronald Reaganena izan, Trumpek bereganatu egin zuen. Hain lelo sinpleek, baina, arazo bat dute, bete diren frogatzeko aukera ematen baitute erraz asko: herrialdea handi egin du Trumpek edo ez?

Bi urte geroago, 2020ko kanpainarako lelo berria aurkeztu zuen Trumpek, bero-bero, erotzear ziren jarraitzaileen aurrean. “Manten dezagun Amerika handi”. AEBak berriro handi bihurtuta, gauzak berdin mantentzeko apustua zen. Kanpainako mantra idatzia zuen: “Egindako promesa, betetako promesa”. Aldiz, uneotan, koronabirusaren krisiaren ardura zeini egozten diozun gorabehera, gauzak aldatu egin dira. 110.000 hildakorekin, Etxe Zuriaren beraren aurreikuspenen arabera %25era irits daitekeen langabezia tasarekin, ez dago zalantzarik: gauzak ez doaz behar bezala, ez dira handi.

Horren jakitun, hirugarren lelo bat aurkeztu berri du Trumpek: “Handitasunera trantsizioa”. Hau da, datorren urtean gauzak askoz hobeto izango direla hitzeman du, herrialdea suziri bat bezala altxatuko dela aurreratuz. Zalantzarik gabe, denetan lelo ahulena da. Anbizioa gutxikoa eta kolapsoa garaipen bihurtzeko eufemismoa. “Egin dezagun Amerika handi berriz” promesa bat zen, “Manten dezagun Amerika handi” garaipen baten aldarrikapena, “Handitasunera trantsizioa”, aldiz, porrotaren aitorpena da. AEBak ez dira handi, presidenteak ez ditu handi egin, are, ez du jakin handi mantentzen. Hori bai, horra hor promesa: hurrengoan lortuko dut, ekonomia jaso nuen behin eta berriro lor dezaket. Erriman eta errepikan tematuta dabil Trump, Amerika handi berriz, eta berriz, eta berriz. Pandemiak xehatutako ekonomia berreraiki eta atzeraldi ekonomiko baten erdian bigarren aldiz hauteskundeak irabazten dituen presidente bakarra izan daitekeela erabat sinetsita. Behin egin bazuen, egingo ez du ba birritan!

Ekonomia zen bere indargunea, aurkaria jipoitzeko borra. Hauteskundeak pandemiaren aurrean nola erantzun duen inguruko erreferendum bat badira, Trumpek galdu egingo du. Aldiz, datozen bi urteetako errekuperazio ekonomikoa bada gai nagusia, bere aukerak hobeak izango dira. •