2020/06/06

Martxel Aizpurua
Biologoa eta erlezaina

Erleei, laharrari, makalari galdetzera joan zen mikrofonoa aldean. Elkarrizketa formatuan, beraz, urte askoan erleen munduaren gainean jasotako informazio ugari eta jakingarria eskaintzen du «Erleekin solasean» bere azken liburuan.

«Ez dakigu zer gertatzen ari den milioika espezierekin, baina badakigu tratu txarra ematen ari garela»
Xabier Izaga Gonzalez
0606_martxel3

Ez da kazetaritzan jardun duen lehendabizikoa, eta ezohiko elkarrizketa batzuk egiteko baliatu du aspaldiko eskarmentua. «Laster erretiroa hartuko duela eta, zuzendariak bere azken lan bezala berriro ekitea agindu dio. Gaztetako gaiei berriro ekiteak norbera ere gaztetu egiten du eta gogo onez eta pozik ekin dio». Horrela dio Martxel Aizpuruak “Erleekin solasean” liburuko sarreran. Zenbait elkarrizketaren bidez ematen du, beraz, erleen mundu harrigarriaren berri. Modu atsegin eta ulergarrian eta idazkera dotorean, “Argia Press”-eko kazetariak bere mikrofonoan jasotako informazio guztia eskaini du UEUren argitalpen honetan.

Martxel Aizpurua Agirrek Biologia ikasketak egin zituen eta diziplina horri lotuta egin du bere ibilbidea, baina beste hamaika zereginetan ere ibilia da. Urte asko eman ditu erlezaintzan, erleen gainean ikasten eta haien berri ematen, eta erlezaintzako hainbat elkarteko kide eta eragile da. Hori baino lehen, ordea, irakaskuntzan jardun zuen, eta ondoren hiztegigintzan, UZEIn “Natur zientziak”, “Biologia”, “Meteorologia” eta “Enpresa” hiztegiak prestatu zituzten taldeetan. Eta hitzak aztertu, hautatu eta antolatzetik arrantzarako bidea egin zuen, Gineako Golkoan euskal arrantzaleekin lan egitera.

Biologia euskaraz lantzen aitzindaria da Aizpurua. UEUko Natur Zientziak saileko sortzaile eta dinamizatzaile nagusietako bat izan zen, eta liburu eta artikulu ugari idatzi ditu: euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean haren 50 lan baino gehiago azaltzen dira; besteak beste, 14 liburu, lau ikastaro eta sei artikulu. “Ura eta Lurra” (UEU,1978), “Irurtzun projektua” (UEU,1981), “Eboluzioaren norabideak” (Elhuyar, 1985) eta “Erleen bizitza ezkutua” (Gaiak, 1989) dira liburu horietako batzuk. Azkena, aurten plazaratu duen “Erleekin solasean”.

Berriro liburu horren sarrerara jota, honela dio, apalki, bere lanaz: «Eskuetan duzun liburuxka honetan, bada, ez duzu aurkituko nire kabuz egin dudan aurkikuntzarik. Erlezain soil bat izan naiz nire bizitzan. Beste erlezainei erakutsi beharraren poderioz, erleen berri ikasi behar izan duena. Besteek egindakotik bizi izan naiz». Eta liburuaren helburua «irakurlea liluratzea izan da, alde batetik. Bestetik, berriz, irakurri ahala galderak sortzea kazetariaren larruan sartuz».

Elkarrizketa baten gaineko elkarrizketa dugu hau, beraz. Erleekiko solasaren gaineko solasa. Baina ez hori soilik, beste zenbait kontu ere ekarri baititugu hizpidera. Azken hilabeteotan munduko biztanleen erdiak baino gehiago etxean zeuden bitartean, natura aspaldi luzetik ez bezala ernatzen ikusi dugu eta biodibertsitatea urritzearen arriskuaz ohartarazi duten ahotsak entzun ditugu. Horretaz ere Aizpuruak badu zer esana.

Erleak ez dira zuretzat afizio eta ofizio berria.

Berrogei urtean ibili naiz erleekin. Lehendabizi zazpi urte-edo zaletasun bezala, baina gero profesionalki pasatu ditut beste 35 urte.

Liburu honek duela 30 urte «Argia» aldizkarian idatzi zenituen zenbait artikulu ditu abiapuntu.

Bai, orduan segida samarrean idatzi nituen hiru elkarrizketa. Liburu honek hamabost elkarrizketa ditu, haietako hiru hemen txertatu ditudanak, noski. “Argia”-n idatzi nituen eta gero, ez dakit zergatik, idazteari utzi nion. Zenbait urte geroago paper zaharren artean topatu eta pentsatu nuen segida emango niola.

Elkarrizketa darabilzu gaia erakusteko, beraz. Juan Antonio Mogelen «Peru Abarka» eredu hartuta?

Ez, egia esan, eredua beste bat izan da. Umetatik entzuten nuen La Voz de Guipúzcoa irratian albaitarien artean egiten zuten elkarrizketa bat. Ni baserriko semea naiz eta txintik atera gabe entzuten genuen. Albaitari batek baserritar papera egiten zuen eta besteak albaitariarena. Baserritarrak galderak egiten zituen, normalean aziendari buruz, eta besteak erantzuten zion zer eman behar zion jaten edo halako gaixotasuna nola konpontzen zen.

Beste alde batetik, beti maite izan dut elkarrizketa. Orain egunkaria hartzen badut, lehendabizi elkarrizketak irakurtzen ditut, eta ez testu luzea. “Peru Abarka” hor dago, eta Jean Pierre Duvoisinek ere badu liburu bat, “Laborantzako liburua”, 1858koa, aitaren eta semearen arteko elkarrizketa duena. Nik hitzaldi asko eman ditut, eta hitzaldiaren zatirik emankorrena entzuleekin hitz egitea izaten da beti, jendeak galdetu eta zuk erantzutea.

Horrela entretenigarriagoa da, nonbait. Eta literarioagoa, beharbada?

Literarioki ez dakit non kokatzen den. Hau azken batean fikzioa da. Bi zati ditu, bat fikziozkoa, nagusia, eta gero modu zientifikoagoan zenbait kontzepturen argitzea, glosario zabal bat, lehenengo zatian gera daitezkeen dudak argitzeko. Dibulgaziokoa da, fikziozkoa eta baita kazetaritza estilokoa ere.

Nire aurreko liburuetan bezala erlea noiz jaiotzen den, zer entzuten duen, zer ikusten duen… horrelako azalpen aspergarria bota ordez, kazetari baten figura hartu dut eta erlauntzera eraman. Berak ez daki ezer, galdera xelebreak egiten ditu eta erantzunak jasotzen: erreginarenak, erlamandoenak, langileenak… Bakoitzak, erle bakoitzak ez du dena ezagutzen, baina denekin puzzle bat osatzen du irakurleak liburuaren bukaerarako. Aparte, umore puntu bat ere badu; esate baterako, monarkiari buruzko zenbait kontu…

Hamabost elkarrizketa dira.

Bai, eta horietatik hamabi erleekikoak dira. Kontatzen diote loreetara joaten direla, eta kazetariari iruditzen zaio loreek ongietorria egiten dietela, harrigarria iruditzen zaio eta laharrarekin eta makalarekin elkarrizketa egitera doa. Irakurlea konturatuko da eboluzioan zehar animaliok eta landareek batera eboluzionatu dugula, bata bestearen peskizan, eta gizakia munduaren buru dela, baina gu ere landareek engainatzen gaituztela fruitu goxoekin. Toki batean jaten dugula eta hestea husten dugula beste toki batean, eta haziak banatzen ditugula geuk jakin gabe… Horrelako istorioak kontatzen dira.

Lan didaktikoa da, beraz. Ikasleentzat aproposa, baina baita beste edonorentzat ere, erleen mundu horrek erakartzen duen edonorentzat, ezta?

Estilo akademikotik apartekoa da, estilo xamurragoa du, edonork arratsalde batean irakur dezakeena. 140 orrialde ditu eta irakurleari jakin-mina sortuko zaio, gauza batzuk ez zaizkio argi geratuko eta aldamenekoari galdetuko dizkio...

Diozunez, erlezainentzat ere aproposa da.

Erlezainak badaki erleak gobernatzen, baina askotan erlearen anatomiari buruzko gauza batzuk, gauza fisiologiko batzuk ez dakizki, eta hori irakurriz konturatuko da erleek zertarako egiten dituzten zenbait gauza. Zenbait galderaren erantzuna aurkituko du. Entzumenik ez omen daukate, baina benetan ez dute entzuten? Eta kea zergatik botatzen diot nik…? Erlezainak ere disfruta dezake. Gainera, erlezainok badakigu jendeak oso galdera xelebreak egiten dizkigula, eta liburuan kazetariak egiten dituen galdera asko ikusita, erlezainak esango du: «Ene, zenbatetan galdetu dizkidaten niri holakoak!», eta beharbada barre egingo du.

Jakin-minetik jakintzara.

Erleak kontatzen duena berezkoa da eta erlezainak dakiena kontatzen du. Kazetaria da ez dakiena, gauza arraroak ikusten ditu erlauntzean, eta galderak egiten dizkie: «Baina, nolatan ari zarete… eztia zer da, zuen gonbitoa? Eta ahotik ahora pasatzen duzue? Ze nazka, ez?», horrelako komentarioak egiten ditu.

Bigarren zatian glosarioa eta bibliografia bat ere sartu duzu.

Bai, hor erleei buruz nik ezagutzen ditudan liburu guztiak sartu ditut. Euskarazkoak, e? Badira oso zaharrak, lehenengoa 1827koa, Joaquin Santa Barbarak egindakoa, “Erleak gobernatzeko modua”. Hori da guk erleei buruz ezagutzen dugun lehen liburu osoa. Hortik hasi eta badira beste batzuk, orain dela urte batzuetakoak, erlezainen elkarteek argitaratu dituztenak, nik neuk ere bai. Zuberoakoren bat, Ipar Euskal Herriko bertako beste batzuk, adibidez Joan Pierre Duvoisinen 1858ko “Laborantzako liburua, edo, bi aita semeren solasak laborantzaren gainean”; liburu osoa elkarrizketa da, semeak gauzak galdetzen dizkio aitari eta aitak erantzuten dio nola diren. Badaude Ipar Euskal Herriko liburu gehiago, edo liburuen kapituluak. Euskaraz dagoen guztia, nik ezagutzen dudana, jarri dut.

Duela 40 urtetik hona argitaratu ditugun ehunka artikulu, dokumental, elkarrizketa eta horiek denak ez ditut jarri. Liburuetan daudenak soilik. 40 urteotan hainbat bideo, dokumental, artikulu-eta idatzi ditugu, eta horiek denak norbaitek bilduko ditu hemendik urte batzuetara.

Esan duzu harrigarria egiten zaigula erleen antolakuntza eta animalia handietan beharbada normalagoa iruditzen zaigula antolaketa hori. «Gizarte» perfektua esan izan zaio erleenari.

Orain erlauntz batean 50.000 buru egon daitezke. Urteetan eta urteetan lanean dabiltza, haserretu gabe, eta pentsa daiteke antolaketak perfektua izan behar duela. Hor barruan errege bat izango zela uste zuten, gero emea zen, eta orain erregina esaten diogu, baina berez inork ez du erabakirik hartzen; alegia, erabakimena ez da existitzen. Erreginak hormona batzuk jariatzen ditu, langileak antzu mantentzen ditu, arrautza beretik erregina jaio daiteke baina langileak elikadura aldatzen zaielako jaiotzen dira… dena hormonak eta horrelako mekanismoak dira. Jendeak “gizarte” perfektu bezala hartu du, baina hori diktadura perfektua izango litzateke, ezta? Bakoitzak bere lana egiten du eztabaidatu gabe, pentsatu ere egin gabe. Erlea jaiotzen denean, badaki lehendabizi etxeko lanak egin behar dituela hogei egunetan eta inori ez zaio bururatzen esatea: «nik, ez!». Antolakuntza hori perfektu bezala hartu izan da; bai, gauza miragarria da eta egia da termitek eta inurriek eta nolabait “intsektu sozial” deitutakoek harridura sortu dutela beti.

Esan daiteke erleak desagertzeko arriskuan daudela?

Orain dela 30 urtetik gora, 1986an, akaro txiki bat heldu zen hona, “barroa” izenekoa, eta horrek erle basati guztiak galarazi zituen; orduan, momentu honetan bizirik dirauten espezie honetakoak, taldean bizi diren hauetakoak, erlezainen esku daude, haien esku bakarrik. Horrek esan nahi du polinizazioaren ikuspegitik, liburuan kontabilitatea daraman erleak kazetariari kontatzen dion bezala, pentsa zenbat milioi lore ernaltzen dituzten egunero. Bada, erlea galduko balitz, gure fruta-arbolen polinizazioa desagertuko litzateke. Neurri batean, %60an gutxienez. Izan ere, badaude beste polinizatzaile batzuk ere, erleak ez direnak, baina hori izango litzateke galerarik handiena.

Txinako zenbait tokitako dokumental zoragarriak daude eta haietan erakusten dute erlea kutsaduragatik ezin dela bizi, eta jendea dabil pertsonalki fruta-arboletara igo eta lorea eskuz polinizatzen. Imajina ezazu egoera hori gure artean zabalduko balitz. Katastrofe bat izango litzateke, ezta? Guk ibili beharko genuke milioika lore eskuz polinizatzen. Hori gertatzen ari da gaurko egunean, ez da fikzioko gauza bat: jendea arbolara igo eta papertxo batean eraman duen polena halako eskuila fin batekin lorez lore zabaltzen.

Kutsadura aipatu duzu. Beste lekuetako animaliak al dira arrisku bakarra?

Gure artean bada barroa, orain Asiako liztor beltz hori sartu da… Badaude etsai handiak, baina ezkutuko etsai handi bat dira gure nekazaritza industrial honetan erabiltzen ari garen intsektizidak, pestizidak, herbizidak… Horiek denak landareen nektarrera joaten dira eta erleak nektarra xurgatzen duenean, intoxikatu egiten da. Ezkutukoa da, ez da ikusten, gu konturatzen gara erlea galtzen dela eta badakigu horregatik dela, baina…

Europan orain debekatu dituzte hiru pestizida, baina nekazaritza ekologikoak pausoa gora ez badu ematen, hori gerta daiteke. Eta erlearena nabaritzen dugun sintoma bat da, ez dakigu zer gertatzen ari den beste milioika espezierekin. Jakina, gu hortik bizi gara, edo gustatzen zaigu, eta konturatzen gara, eta zer gertatzen da hainbeste inurrirekin eta beste batzuekin? Ez dakigu, baina badakigu tratu txarra ematen ari garela.

Orain koronabirus berriaren eragina dela-eta egindako konfinamenduan natura modu ikusgarrian ernatzen ikusi dugu, eta epidemien aurkako txertorik onena biodibertsitatea dela ere entzun dugu.

Bai, guk galarazten dugun espezie bakoitzaren tokia guk bete behar dugu. Hori da jendeak ulertu ez duena; hau da, animalia bat, landare bat desagerrarazten baldin badugu, horrek naturaren sare horretan betetzen zuen zeregina geuk betetzen dugu, eta betetzen ez badugu, izurriteak sortuko zaizkigu. Alegia, hark erregulatzen zuen sare horretako katebegi bat desagertu da; orduan, alboko katebegiak ugaldu daitezke, eta koronabirusaren kontu honetan gertatzen da. Munduko habitat, baso, zelai guztiak txikitu ditugu, hango animaliak ekartzen ditugu gure etxe barrura, sugeak… edozer gauza dago gure etxeetako umeen eskutan, dortokak, ez dakit nondik ekarritako papagaiak eta, jakina, horiek beren tokian, Brasilen edo Iratin, ehunka birus eta bakteriorekin daude, erregulatuta daude milaka urtean. Baina beren ingurunetik ateratzen baditugu, eta jaten baditugu, eta eskuetan ibiltzen baditugu, eta musukatzen baditugu… azkenean horietakoren batek salto egin dezake, barruan dituzten birus edo bakterio horietako batek halako batean salto egiten du beste animalia batengana.

Azken birus hau animalia batek transmititu omen dio gizakiari.

Jendeak ahaztu egiten du, baina animaliak gara gu ere. Eta salto egiten badu, beharbada ez da ezer pasatzen, beharbada onuragarria izan daiteke, baina txarrerako ematen badio, kasu honetan bezala, ezingo diogu saguzarrari errua bota. Erruduna ez da saguzarra. Gainera, jende askok uste du saguzar klase bat dagoela, baina uste dut 1.200 espezie daudela. Saguzar batetik beste animalia batera eta gero animalia horretatik gizakietara salto egin zuela… Ikertu beharko da, eta mutazioa izan den gizakira pasa baino lehen edo pasa ondoren egin duen, baina azkenean gizakiak bere eremuak nahastu, soildu ditu, hau da, biodibertsitatea gutxitu, dena gure kultiboekin bete, basoak erre, gure hezeguneak lehortu… eta horren ondorioak ez dira kolpetik etortzen. Pixkana-pixkana etortzen dira, eta horrelakoak gerta daitezke.

Itxialdia baino lehentxoago argitaratu duzue liburua. Eta liburu-dendak itxita egon dira oraintsu arte.

Dendak oraintsu arte itxita egon dira, bai, baina online ere eros daiteke liburua, ueu.eus/denda klikatuz. Bi bertsio daude, bat paperezkoa eta bestea digitala, azken hau merkeagoa, ordenagailuan jasotzeko.

«Nire aurreko liburuetan bezala erlea noiz jaiotzen den, zer entzuten duen, zer ikusten duen… horrelako azalpen aspergarria bota ordez, kazetari baten figura hartu dut eta erlauntzera eraman»

«Ezkutuko etsai handi bat dira gure nekazaritza industrial honetan erabiltzen ari garen intsektizidak, pestizidak, herbizidak… Erleak nektarra xurgatzen duenean, intoxikatu egiten da»

«Gizakiak bere eremuak nahastu, soildu ditu, hau da, biodibertsitatea gutxitu, dena gure kultiboekin bete, basoak erre, gure hezeguneak lehortu… eta horren ondorioak ez dira kolpetik etortzen, pixkana-pixkana baizik»