Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Juan Duran
OFTALMOLOGOA

«Ez dakit sugestio hutsa ote den, baina birusa pasa duen jende askok dio okerrago ikusten duela orain»

Konjuntibitis alergiko kasu dezente ematen ari da azken asteotan, faktore desberdinak direla kausa. Horrez gain, covid-19a pasatu dutenen begietan ere badira arrastoak. Oftalmologoek gertutik jarraitzen dituzten aztarnak dira.

Begiek ere egin dute konfinamendua eta ondorioak igartzen ari dira. Konjuntibitis alergiko kasu dezente ematen ari da; kalera bat-batean atera garelako eta alergenoekin ohitzeko aukerarik gabe, pantailen aurrean denbora asko eman dugulako, maskarekin begiak lehortzen direlako...

Eta artean datu zientifikorik ez dagoen arren, Bilboko ICQO oftalmologia klinikako zuzendari medikuak, Juan Duranek, sumatu du covid-19a pasatu dutenen artean badirela arrastoak begietan. «Askok esaten dute bistaren kalitatea okertu zaiela». Hor ere bada zer ikertua.

Itxialdiak osasun arazo desberdinak sortu ditu. Tartean, konjuntibitis alergikoaren igoera?

Egia da konjuntibitis kasu asko ikusten ari garela. Egoera desberdinek bat egiten dute horretan. Batetik, alergikoak daude. Badirudi aurten intzidentzia handitu egin dela, hain zuzen ere, konfinamenduan zehar ez garelako alergenoen eraginpean egon eta, ondoren, kalera bat-batean irten garelako. Gainera, urtea beroa eta lehorra izan da. Horrez gain, konfinamenduaren ondoren herritarrak askoz gehiago ari dira gerturatzen natur guneetara. Larunbatean neroni Gorbeian egon nintzen eta sekulako jendetza zebilen. Naturarekiko harremana estuagoa izaten ari da orain.

Baina, horrez gain, begi-lehortasun handiagoa dago orokorrean eta horrek berak konjuntibitisa ekar dezake. Begi-lehortasun handiagoa dago pantailen aurrean denbora gehiago ematen dugulako. Eta maskaren erabilerak ere eragiten du lehortasun horretan. Arnasaren korrontea begietara iristen da eta lehortasuna eragiten die. Eta begia lehorrago dagoenean babes gutxiago dauka eta alergenoekin harreman zuzenagoa. Horrez gain, garbiketarako etengabe erabiltzen ari garen produktu kimikoek, bai eskuak garbitzeko eta baita gainazalak garbitzeko, begietako narritadura sortzen dute. Esan dezakegu uneotan badirela hainbat faktore, euren artean loturarik ez dutenak, konjuntibitis alergikoa areagotzen dutenak.

Begietako alergiaren inguruko ikerketa zehatzik ez dago, zaila da esaten urte bat bestea baino okerragoa izan denik konjuntibitis alergikoaren kasuan. Baina egia da kasu asko ikusten ari garela.

Koronabirusa eta begiak lotzen dituzten datuak ere badira.

Gauza bitxiak ikusten ari naiz. Ez dakit sugestio hutsa ote den edo ez. Baina covid-19a pasatu duen jende askok esaten dit okerrago ikusten duela orain. Birusa pasatu duen jende askok begietako sintomak ditu; lehortasuna, bista okerragoa, ondoeza… Oraingoz honek ez dauka azalpen garbirik, baina egia da azken asteotan begietan ondoeza daukan jende asko ari dela agertzen.

Konjuntibitis alergikoa daukanak, nola tratatu dezake?

Azkurea eta gorritasun pixka bat duenarentzat, bi gomendio oinarrizko: ez igurtzi begiak eta hotza jarri begiaren gainean. Hozkailuko urarekin busti zapitxo bat, gaza bat edo makillajea kentzeko disko horietako bat eta begien gainean jarri. Hotza antiinflamatorio oso eraginkorra da.

Kasua larriagoa denean, alergiaren kontrako kolirio oso eraginkorrak eta oso seguruak daude, begiari minik egiten ez diotenak.

Birusa begietatik kutsatu daiteke.

Bai. Frogatuta dago begien gainazaleko zelulek birus-errezeptoreak dituztela, arnasbideko zelulek bezala. Beraz, birusaren sarrera puntu bat izan daitezke begiak. Horregatik babesten dituzte begiak osasun-langileek, betaurreko batzuen bitartez.

Ez dago frogatuta, baina egia da garai hauetan oso ezohikoak diren kasuak ikusten ari garela; begien hantura, gorritasuna, infekzioak… eta susmoa daukagu ikusi ditugun kasu horietako batzuek covid-19arekin lotura dutela, nahiz eta zaila den hori frogatzea.

Pentsatzekoa da datozen hilabeteetan datu zehatzagoak izango direla. Birus honekin egunero ikasten da zerbait.

Bai, ikasi eta desikasi. Mediku komunitatean sumatzen dugu covidaren inguruan iristen den informazioak gorabehera handiak dituela; frogatuak ziruditen gauza asko ez dira hain ziurrak benetan. Horregatik egon dira hainbeste fake news eta iritzi kontrajarri birus honen inguruan. Asko ikasten ari gara. Oftalmologiaren baitan, dagoeneko badira oftalmologiaren eta covidaren arteko harremana frogatzen duten artikulu zientifikoak. Gurea zalantzarik gabe arrisku handiko lanbidea da, kutsatuak izateko eta besteak kutsatzeko arriskua dugulako, gure lanagatik pazientearen oso gertu egoten garelako. Horregatik, babes neurriak muturreraino eramaten ari gara gure kontsultetan, badakigulako begia birusa kutsatzeko bide bat izan daitekeela.

Oftamologoak horren oso jakitun gara eta babes neurriak oso zorrotz hartzen ari gara. Horregatik kutsatzeko arriskua txikiagoa da oftamologia kliniketan eta kontsultetan.

Ziurgabetasuna, horixe garaiotako tasun nagusia, baita medikuntzan ere.

Ziurgabetasuna dagoen lanbide bat baldin bada, hori medikuntza da zalantzarik gabe. Ezagutza eta ikerketa askorekin lan egiten dugu, baina gorputz bakoitzaren erantzuna desberdina da. Mende askoko tradizioa duen lanbidea da medikuntza eta horregatik eta egunero ikusten dugunagatik, medikuok badakigu ziurgabetasun handiarekin lan egin behar dugula, ziurgabetasun kontrolatua eta jakintzarekin kudeatua, baina ziurgabetasuna. Herritarrak beti erantzun garbiak eta egokiak nahi ditu, iritzi matematikoak, baina hori ez da existitzen medikuntzan. Nik ez dut nahi erabateko ziurtasunak dituen medikurik, berrogei urte daramatzat lanbidean eta badakit zer den medikuntza.

Birus honek frogatu du, ez bakarrik medikuei, herritarrei orokorrean, zer-nolako zailtasunak existitzen diren prozesu mediku askotan. Hainbeste zientzialari, puntako unibertsitateak, puntako medikuak, goi mailako ikertzaileak eta, hala ere, ezin birusa erabat geratu. Garbi geratu da biologian existitzen diren zailtasunak, birusen baitan dagoen konplexutasuna, nola mutatu daitezkeen… Azenarioaren atzetik korrika segitu beharko dugu, ikasten eta ikertzen. Eta covidarena konpontzea lortzen badugu ere, beste berriren bat sortuko da seguru. Horrela da.

Ikasketa handia da hori.

Bai, zalantzarik gabe. Hau ez da matematikoa. Pertsona batzuk hil egin dira eta besteak asintomatikoak dira, pentsa. Akaso modu esajeratuan, baina koronabirusak garbi utzi digu oraindik bide luzea daukagula egiteko inguratzen gaituen guztia ezagutu ahal izateko. Jarraitu egin behar da. Medikuntza beti dago ikertzen eta ikasten. Nahiz eta gauzak ahalik ondoen egiten saiatu, beti daude alde egiten diguten zulo beltzak.

Pentsatzekoa da medikuei egunero ehunka ikerketa eta datu iristen zaizkizuela covid-19aren inguruan.

Bai, ehunka. Ni ez naiz birologoa, baina oftamologiarekin lotura duten artikuluak gertutik jarraitu ditut. Gertatu dena da publikatuak izateko presa handia izan dela eta artikulu horietako batzuen sendotasuna zalantzazkoa dela. Ehunka artikulu horien artean, batzuk besteak baino serioagoak dira zalantzarik gabe. Eta horrek nahasketa sortzen lagundu du.

Zentzuarekin jokatu behar dugu eta jende guztia birusa balu bezala tratatu, badaezpada. Prebentzioa da gakoa. Gauza asko ez dakizkigu oraindik, datu asko ez dira ziurrak, horregatik gure klinikan jende guztiak covid-19a balu bezala jokatzen ari gara. Ez dago beste biderik. Denak gara kutsatzaile potentzialak eta hori ezin dugu ahaztu. Seguru dakigun bakarra da maskarak, garbiketak eta distantzia sozialak funtzionatu egiten dutela. Ba horiek aplika ditzagun.

 

Urtaroari lotutako konjuntibitisa

Urtaroko konjuntibitis alergikoa da ohikoena, eta lau herritarretik bati eragiten dio gutxi gora behera. Normalean begi gorriekin agertzen da eta sintomak azkura, malko-jarioa, gehiegizko kliska, fotofobia eta gorputzaldi txarraren sentsazioa dira. Sintomen intentsitatea oso aldakorra izan daiteke: gerta daiteke batzuei enbarazu txiki bat egitea edo oharkabean pasatzea eta beste batzuei traba gehiago egitea eta bizi-kalitatea nabarmen murriztea.

Alergenorik ohikoenak ingurumenean dauden substantzia jakin batzuk dira, hala nola polena, gramineoak, olibondoa, akaroak edo animalien ilea, baita sendagaiak (antibiotikoak edo bestelakoak), kosmetikoak eta elikagaiak ere. Garrantzitsua da kausa ezagutzea, haren gainean jarduteko eta higienea eta zaintza zorrozteko. Hartara, gomendagarria da alergeno eragilearekiko esposizioa saihestea eta etxea zorrotz garbitzea, etxeko animaliak saihestea, alfonbrak eta gortinak gehiegi ez erabiltzea edo betaurrekoak erabiltzea airea zuzenean begietan ez izateko.

Konjuntibitisa samurtzeko komeni da hautsa, haizea, giro oso lehorrak, eguzkiarekiko esposizio handiegia edo balizko alergenoak saihestea. Era berean, konpresa hotzak aplikatzea begietako azkura edo malko artifizialak arintzeko, horiek ere hotzak. Sintomak zorrotzagoak badira, espezialistek agindutako tratamendua egitea komeni izaten da.