joseangel.oria@gaur8.info
BIELORRUSIA

Gobernuak dio Lituaniatik gertu eraiki duen zentral nuklearra segurua dela

Lituaniako Gobernuak Ukrainako Txernobylgo zentral nuklearrean 1986an gertatu zen istripu ikaragarria ekarri du gogora Bielorrusiak bi herrialdeen arteko mugatik oso gertu eraiki duen konplexuak eragiten dion beldurra azaltzeko. Hala ere, ez dirudi Lukashenko presidentearen planak aldatuko direnik.

Bielorrusiak Errusiako petrolioarekiko menpekotasun handiegia duela-eta, Moskuren beste aliatu batzuen erregaia erosteko aukera aipatu izan du Minskek azken hilabeteotan, errusiarrek saltzen diotena gero eta garestiagoa delako. Hala ere, Moskurekiko menpekotasuna ez du gaindituko, dagoeneko eraikita eta aurki lanean izango duen Bielorrusiako lehenengo zentral nuklearra Errusiako Atomstroyexport korporazioak egindakoa baita. Petrolioa lehen, eta atomoa ere bai hemendik aurrera.

Astravets herrian eraiki dute zentral berria, 1986ko Txernobylgo istripu nuklear izugarria gertatu zen puntutik 500 kilometro ingurura. Europar Batasuneko muga, berriz, oso kilometro gutxitara dago eta Vilnius, Batasuneko herrialde bateko hiriburua, 50en bat kilometrora. Lituaniako agintariek esaten dute instalazio berri horiek mehatxupean jarri dutela kontinente osoko segurtasuna, Ukrainako plantako ezbeharrak orain 34 urte jarri zuen moduan.

Bizi-itxaropena murriztu

Ukraina eta Bielorrusiaren arteko mugaren ondoan dago Txernobylgo zentrala, sarkofago handi batek estalita. Mendebaldeko hedabide askok «diktadura komunistaren arrasto» ugari ikusten dituen herrialdearen azaleraren %23 kaltetu zuen orduan erradiazioak, eta zentralak isuri zituen partikula erradioaktiboen %70ek bielorrusiar lurretan amaitu zuten.

1986ko apirilaren 26ko istripuaren eraginez, Bielorrusiako 135.000 lagun beren etxeetatik eraman egin zituzten, kutsadura atzean utzi nahian. Beste lekuetan bizitzen jarri zituzten. Hala ere, herritar horietako asko kaltetu zituen erradioaktibitateak.

Istripuak eragindako kutsadura erradioaktiboaren ondorioz, Bielorrusiako hegoaldean dagoen Homel probintzian bizi-itxaropena asko murriztu zen 1985tik 2000ra: bost urte txikiagoa.

Bielorrusiak 1990ean independentzia lortu eta berehala, 1992an, herrialdeko aurrekontuaren %20 inguru Txernobylgo istripuarekin lotutako gastuetarako bideratu behar izan zuten. Gainera, herrialdeak ezin ditu erabili bi zati handitan, «esklusio eremuetan», dituen baliabideak. Istripuak eragin zuen «eremu hilean» Bielorrusiak du zatirik handiena. Gainera, Txernobylen inguruetan gertatzen ari denaren aurka, gizakirik gabeko Bielorrusiako eremu horietan ez dituzte turistak onartzen.

«Txernobylen (Sobietar Batasuneko Ukrainan, 1986an) zein Fukushiman (Japonian, 2011n), istripuaren erantzukizunik handiena gizakiarena izan zen. Zehazki, Txernobylen zalantza izpirik gabe esan daiteke giza faktorea izan zela erruduna. Horrexegatik, guretzako garrantzitsuena planta kudeatuko duten profesionalen prestakuntza da», adierazi dio Efe berri agentziari Mikhail Mikhadiuk Bielorrusiako Energia ministrordeak.

Errusiako korporazioa

Minskeko agintarien egitasmoa betez gero, uztailean hasiko da lanean zentral nuklear berria, Gobernuak berak baieztatu duenez, baina herrialdeko energia sarearekin ez dute lotuko hilabete batzuk pasa arte. «Ez daukagu inolako presarik eta ez dugu aurrez erabakitako eperik. Gure lehentasun nagusia segurtasuna da», errepikatzen du behin eta berriro Mikhadiuk, Vilniusko agintarien kezka indargabetu nahian.

Atomstroyexport Errusiako korporazioak egin du zentrala, baina informazio horrek ez ditu lasaitu Lituaniako herritarrak. Politikari batzuek «bonba atomikoa» deitzen diote Astravetseko zentralari, eta Moskuri leporatzen diote eremu zabalak arriskupean jartzea, bere energia asmoak betetzeagatik.

Gitanas Nauseda Lituaniako presidenteak jakinarazi duenez, «erregai nuklearra dagoeneko zentralera eramana dute eta aurki deskargatuko dute, nahiz eta segurtasun arazo larri batzuek konpondu gabe jarraitzen duten». Horregatik, presidenteak Europako Batzordeari eskatu dio zentral berriko segurtasuna bermatzeko, inaugurazioari argi berdea eman aurretik.

Gainera, Nausedak dei egin die gainerako herrialdeei erabat seguruak ez diren zentral nuklearrak dituzten estatuei argindarrik ez erosteko: «Astravetseko zentrala Europar Batasun osoarentzat da segurtasun nuklearrarekin lotutako arazo. Europar guztien segurtasuna bermatu behar dugu».

Edonola ere, maiatzaren 25ean, istripu nuklear bat gertatuz gero aplikatu beharreko alerta sistema bat abian jartzea sinatu zuten elkarri mokoka ari diren herrialdeek.

Bielorrusiako Gobernuak inolako arriskurik ez dagoela adierazi du, zentral nuklearren bat abian jartzen duten agintari guztiek egiten duten bezalaxe. Berak esan duenez, orain hamarkada bat proiektuak lehen urratsak egin zituenetik, eraikuntzaren, materialen (lantegitik hasita instalazioak muntatu arte) eta erabilitako teknologiaren kalitatearen inguruko kontrol sistemarik «zorrotzenak» izan dituztelako da hain segurua planta berria.

Nazioarteko adituak

Lan guztia EANA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren gidaritzapean egin dutela nabarmentzen du Minskek. Bielorrusiako Gobernuak eta aipatu erakundeak duela gutxi sinatu zuten kooperazio teknikorako programa bat, zentralaren ustiapen segurua bermatze aldera. Bi urteko kooperazioa aurreikusten dute. «Aurten atzerriko hogeiren bat adituk osatutako nazioarteko misio bat hartu dugu, zentralaren prestaketa lanak aztertzeko», jakinarazi du ministrordeak. Gainera, bertsio horren arabera, zentralak, inork behartu gabe, segurtasun proba egin zuen, Fukushimako istripuaren ondoren Europar Batasunak ezarri zituen baldintzen arabera. «Balorazio positiboa jaso genuen. Egin genuen azterketa hori Europar Batasuneko kide izan gabe. Batasuneko arautzaileekin elkarlanean ari gara. Edozein inspekzio onartzeko prest gaude. Ez dugu ezer ezkutatzeko. Erabat gardenak gara».

Proiektuaren bultzatzaileen arabera, segurtasuna bermatzea izan da helburu nagusia VVER motako ur presurizatuko errusiar erreaktorea aukeratzeko garaian ere. Hori bai, erabakia hartu aurretik AEBetako, Estatu frantseseko eta Txinako zentralek lan nola egiten duten ere aztertu zuten.

«Munduan dauden energia nuklearra sortzeko aukera guztiak aztertu genituen eta VVER errusiarrak fidagarriena dela frogatu du», Mikhail Mikhadiuk Bielorrusiako Energia ministrordeak esan duenez.

Aukeratu duten proiektuak segurtasun sistema aktiboaz gain (gizakiaren esku hartzea eskatzen du), pasiboa ere badauka. «Matxuraren bat izanez gero, segurtasun sistema pasiboari esker, erreaktorea gelditu egiten da eta gizakion esku hartzerik gabe hoztu daiteke, argindarrik gabe geratuta ere. Gainera, egiturak berak ez du onartzen inolako isuririk. Gaur bertan gertatuko balitz, erreaktoretik ez litzateke aterako aire librera aktibo dagoen inolako gai nuklearrik».

Finlandiaren zorroztasuna

«Errusiar proiektuak Europar Batasunaren egiaztagiria du. Finlandiak berak ere, segurtasun nuklearraren inguruan zorrotzen jokatzen duen herrialdeak alegia, proiektu bera aukeratu zuen», nabarmendu du. Bielorrusiak orain hamabi urte onartu zuen instalazio atomikoetan lanean ariko diren koadro teknikoak gaitzeko programa. Errusiako zentral nuklearretara joan izan dira praktikak egitera.

Gobernuaren arabera, espezialistarik onenak kontratatu dituzte segurtasuna bermatu nahian. «Arlo nuklearrean esperientzia handia duten Ukrainako, Errusiako eta Lituaniako espezialistak gonbidatu ditugu. Lanaldi guztietan planta atomikoetan esperientzia duen gutxienez espezialista bat egongo da. Ingeniari nagusia, bere ondokoa eta departamendu garrantzitsuenetako buru guztiak tankerako zentraletan esperientzia dutenak dira». Giza faktore horri aurrea hartu nahian, Bielorrusiak langileak gaitzeko zentro berezi bat ere eraiki zuen, kudeatu beharko duten zentralaren erreplika zehatz bat, matxuraren bat izatean zer egin ikasi ahal izateko.

Planta berriak 1.700 langile izango ditu. Horiek ez dira biziko atomgrad edo “hiri atomiko” batean, Txernobylen kasuan Pripiat hiri hustua izan zen bezala. Minskeko funtzionarioen arabera, Astravetsen bertan eraikiko den auzo berri batean sartuko dituzte langileak, eroso bizitzeko behar diren baliabide guztiekin.

Vilnius Lituaniako hiriburutik 50 kilometrora dago zentral berria, proiektuaren aurkakoek behin eta berriz errepikatzen dutenez. Bielorrusiako Energia ministrordeak uste du kritika horrek ez duela zentzu handirik: «Lituaniak esku hartu zuen kontsulta publikoan eta orduan ez zuen eskari zehatzik egin. EANA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren araudiek ez dute ezer aipatzen hiri handiekiko izan beharreko distantziaz. Izan ere, bulegoan dugun Europako mapan planta nuklear batzuen ondoan, Vilnius baino hiri handiagoak ageri dira zentraletatik hurbilago».

Lur substratuak

Gogorarazi du ministrordeak Lituaniako Gobernuak Ignalinako zentral nuklearra itxi egin behar izan zuela 2000ko hamarkadan (lehenengo erreaktorea 2004an eta bestea 2009an), Europar Batasunean sartu ahal izateko. Mikhail Mikhadiuk emandako datuen arabera, zentral hura itxi ondoren beste bat eraikitzea pentsatu zuen Lituaniako Gobernuak, «Bielorrusiako mugatik hiru kilometrora zegoen leku batean».

Lur substratuak aztertu dituzte Bielorrusian zentrala non eraiki erabaki aurretik. Errusiako mugatik gertu dauden eremuak substratu hori oso hauskorra zelako baztertu zituzten. «Herbehereetan erositako ekipamendua erabilita, 120 metroko sakonerako zuloak egin genituen eta ondorioztatu genuen ekialdeko lurra ez dela batere egokia. Iparraldean ere eremu bigunegiak topatu genituen. Azkenean Grodno eskualdea aukeratu zuten, garestiagoa den arren. «Baina garrantzitsuena segurtasuna da eta puntu horretan zentral nuklear bat eraikitzeko kontraindikaziorik ez dago».

 

Lukashenko, oposiziorik gabe seigarren garaipenaren bila

Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidenteak joan den astelehenean adierazi zuenez, ez du onartuko datorren asteetan inork ezegonkortasuna eragitea herrialdean, abuztuan egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan ezustekorik izan ez dadin. Begirale guztiak bat datoz: berak irabaziko ditu bozak, 1994az geroztik egin diren presidentetzarako hauteskunde guztietan gertatu izan den moduan. Lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituenean, izaera sozialista zuten neurri ekonomikoak agindu zituen, eta Errusia handiarekin elkarlanean jarraitzea.

Kasu batzuetan oso erraz irabazi zituen hauteskundeak: boto emaileen %70 baino gehiagok eman zioten sostengua. Horrexegatik, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak «hauteskunde iruzurra» salatu izan du.

Edonola ere, Lukashenko presidenteak hartzen dituen neurriak herritar askoren gustukoak izaten dira, laguntza sozialak eta garapen ekonomikoarekin lotzen baitute haren jarduera.

Garaipena errazteko, oposizioko politikari batzuk atxilotu egin dituzte azken asteotan. Lukashenkok esan duenez, abuztuan hauteskundeak egin aurretik «koloretako iraultza» bat abian jartzeko asmoa zuten atxilotuek, Ukrainan bere garaian gertatu bezala. Bere ustez, ezin dira alderatu egungo Bielorrusiako eta garai hartako Ukrainako egoerak. Ukrainan eta Armenian, esaterako, sortu ziren mugimenduen buruak «talentu handikoak» ziren, «eta garrantzitsuena, abertzaleak ziren». Bielorrusiako oposizioak, aldiz, ez omen du horrelako ezaugarririk.

Aurreko asteburuan oposiziokoek egin zituzten mobilizazioen eraginez hitz egin du aste honetan agintariak. Oso larri daude oposizioan, hilabeteko epean 100.000 sinadura bildu behar baitituzte beren hautagaiak aurkeztu ahal izateko.

Mikola Statkevich ekintzailea joan den igandean atxilotu zuten, sinadurak biltzen ari zela, TUT.BY atariak jakinarazi duenez. Berak ez dauka hauteskundeetara aurkezterik, aurrekari penalak izateagatik, 2010eko hauteskundeen eraginez izan ziren istiluetan esku hartzea leporatuta urte batzuk kartzelan egin ondoren.

Orain aste batzuk, oposizioko ordezkariek jakinarazi zuten ez zutela abuztuko hauteskundeetan esku hartzeko asmorik, «onartezina» eta «kriminala» baita hauteskunde kanpaina bat koronabirusaren pandemiak utzitako egoeraren erdian egitea; horrela ezin da berme guztiekin prozesu garbi bat aurrera eraman. Covid-19ak 45.116 lagun kutsatu ditu Bielorrusian eta 248 hildako eragin, Johns Hopkins Unibertsitateak eman dituen azken datuen arabera.

Lukashenkok dio hauteskundeak bertan behera uzteko arrazoirik ez dagoela eta bere agendari eutsi dio. Maiatzaren 25ean, bere hautagaitza aurkeztu ondoren, ekainean Gobernua berritu egingo zuela iragarri zuen. Zergatik? Herritarrek jakin dezaten zein gobernu aterako den hauteslekuetara joan aurretik, horrela agintariekiko duten konfiantzak ere gora egingo duelakoan.

Joan den ostegunean 46 urte dituen Roman Golovchenko izendatu zuen lehen ministro kargurako, politika utzi eta erabat aberastea erabaki omen duen Sergei Rumasek utzitako hutsunea betetzeko. «Negozioetan aritu nahi dut, diru asko irabazi nahi dut eta badakit nola», esan omen zion lehen ministro ohiak Lukashenkori berari. «Ez dut uste herrialdea utzi eta diru hori eraman egingo duenik. Hemengo ekonomian bertan inbertituko du», dio presidenteak.