Antton Izagirre

Bi metro

Koronabirusa beste gairik egon ez balitz bezala eman ditugu azken hilabeteak. Gertakari gehienek osagai hura zuten tarteko. Zorionez hasiak gara bestelako interesak erdigunean jartzen. Zoritxarrez, lehengo lepo beretik, jarrera zaharrak berritu nahi dituzten ebidentziak ditugu. Bi metroko distantzia soziala ezarri digute. Bi metro, bi begirada, bi neurri, bi moral, bi etika erabiltzera deitzen gaituzte.

Bata hangoa. Arrazakeriak eragindako George Floyden hilketa makurra irmotasunez salatzerakoan, belauna lurrari atxiki eta ukabila gora, ez dute azpimarra nagusia heriotzaren aurkako protestetan kaleetan egon diren liskar, sute, txikizioen salaketan jarri. Gustatu ala ez, ados egon ala ez, liskarrak, iskanbilak eta polizien eta ondasunen aurkako oldarraldiak, hilketak sorturiko ondoriotzat hartu ditugu hein handi batean. Gertakari larriena hilketa bera izan dela garbi geratu da gehienon kontzientzian.

Bestea hemengoa. Euskal Herriko preso politikoen urrutiratzea, sakabanaketa eta koronabirusak areagotu dien isolamendua, ziurgabetasuna, kutsatze arriskua, familiakoen egon ezina eta heriotza arriskuak sistematikoki isilarazi dituzte. Horren aurrean, ondorioetan jarri dute azpimarra, protesta eta salaketa pintaketak lehen lerrora ekarri dituzte, alarma itxuraz eta gaitzespen eskariz. Beste behin, sakoneko arazoa nabarmentzen duen behatzari begira jarri dira lelo moduan.

Ondo ezaguna dugu jarrera hartze hori; ez da inozoa, ezta neutrala ere. Garai berrietarako, morala zaharkitua geratu zaien arren, balio izan die etekin politikoen ehizan jarduteko. Horrelakoetan, informazio eskubidea arrazoitzeko baliatu beharrean, propagandarako erabiltzen da. •