Juantxo EGAÑA

Conchita Montenegro donostiarra, Hollywooden

Argazkia 1934an egina da, Hollywoodeko 20th Century Fox estudioetan, John Reinhardt austriarrak zuzendutako “Granaderos del amor” pelikularen filmazioko atsedenaldi batean. Concepcion Andres Picado aktore donostiarra, “Conchita Montenegro” izen artistikoa zuena, Raul Roulien aktore brasildarraren ondoan ageri da. Filmeko protagonistak ziren biak, eta urtebete geroago ezkondu ziren, nahiz eta 1937an dibortziatu ziren. Conchita Montenegro 1911ko irailaren 11n jaio zen, Donostiako Garibai kaleko 4an. Madrilen hasi zuen bere prestakuntza artistikoa, bertara joan baitzen bere familia lan kontuak zirela eta. Dantza eta arte dramatikoko ikasketak Parisen amaitu zituen, Operako Antzerkiaren Eskolan. Zinema mutuan hasi zuen aktore ibilbidea, 1927an filmatutako “La muñeca rota” filmean. 1930ean, Metro-Goldwyn-Mayer ekoiztetxeak kontratatuta, Hollywooden egin zuen lehen filma “De frente marchen” izan zen, Buster Keatonekin egina. Metro-Goldwyn-Mayerrekin beste bost film egin zituen, besteak beste Leslie Howard, Robert Montgomery eta Ramon Novarro aktore ezagunekin. 1931n, Juan Landa Mutrikuko aktorearekin topo egin zuen Hollywooden, “En cada puerto un amor” obraren filmazioan. 1932an, Metro-Goldwyn-Mayerrek ez zion kontratua berritu eta 20th Century Foxekin sinatu zuen 1935 arte. Hamar film baino gehiago egin zituen Oscar saria jasotako zenbait aktorerekin, hala nola Warner Baxter. Europara itzulita, hainbat filmetan lan egin zuen Frantzian eta Italian: Robert Siodmaken “La vie parisienne” eta Alfred Roderen “Bear Danube blue”, besteak beste. Gerra Zibila amaitu zenean, Madrilera bizitzera joan eta hainbat filmetan lan egin zuen. “Lola Montes” izan zen azkena, 1944an. Urte hartan, Ricardo Gimenez Arnau falangista eta erregimen frankistako diplomatikoarekin ezkondu zen. 2007an hil zen.