Indira Guerrero (Efe)
BHOPALEKO INJUSTIZIA

Duela hamar urte epaitu zuten Indian 1984ko gas isurketak eragindako sarraskia

Hamar urte igaro dira Indiako auzitegiek Union Carbide multinazional estatubatuarra Bhopaleko sarraskiagatik epaitu eta zigortu ez zutenetik. Arduradun bat bera ere ez zuten kartzelan sartu eta indemnizazio xumeak baino ez zituzten agindu. Gas isurketa toxiko baten ondorioz 5.000 pertsonatik gora hil ziren. Are, oraindik ere jendea hiltzen ari da, justiziaren zain jarraitzen duen bitartean.

Indiako auzitegi batek bi urteko kartzela zigorra eta 2.500 dolarreko fidantza ezarri zien Union Carbide multinazional estatubatuarreko zortzi arduraduni orain dela hamar urte Bhopaleko sarraskiaren erantzule gisa. Sarraskia gertatu eta 25 urtera emandako epaiaren ondoren, baina, gertatutakoaren erantzuleetako bat bera ere ez zen kartzelara sartu, ezta egun bakar baterako ere. Horixe izan zen historiako industria istripu larrienetakoaren erantzuleek jasotako “zigorra”.

«Justizia itsua dela esaten denean egia borobila da. Bhopalen ikus dezakezu: justiziak ezikusiarena egin du», nabarmendu du 1984ko abenduaren 2ko gaueko sarraskitik bizirik ateratzea lortu zuen Rashida Appak. Gau hartan pestizidak egiteko erabiltzen den metil isozianato konposatu organikoaren 42 tona isuri zituen airera Union Carbide multinazionalaren lantegiak, Bhopal hiriko zati handi bat gas-kamera erraldoi bihurtuz.

Ihesa izan eta berehala, ehunka herritar lurrera erori ziren, seko hilda, bizileku zituzten etxoletara ihesi zihoazela. Kaleak gorpuz bete ziren. «Bizia salbatzeko korrika ari ginen guztiok», gogoratu du Rashidak. 3.500 bat pertsona berehala hil ziren eta beste 2.000 ondorengo egunetan, betiere Indiako Gobernuak orduan emandako datuen arabera. Beste 500.000 pertsonengan ere izan zuen eragina isurketak. 1984an 850.000 biztanle zituen Bhopalek.

Biktimek eta ekintzaile talde batek Justizia Bhopalentzat Nazioarteko Kanpaina (ICJB) ekimena sortu zuten tragediaren ostean. Bada, bertako ekintzaileek istripuarekin lotutako beste 22.000 hildako zenbatu dituzte azken 35 urteotan. Gainera, beste 150.000 lagun desgaitasun larriekin bizi dira.

Indiako auzitegiek 500 dolarreko konpentsazioa agindu zuten kaltetu bakoitzarentzat. «Gau hartan guztion bizia erabat hondoratu zen eta hori ez digu inork itzuliko, gutxiago kalte-ordain ekonomiko ziztrin batek», salatu du irmo Rashidak.

Ordu bateko kartzela ere ez

Zigortuetako enpresaren arduradunetatik, guztiak indiarrak, inork ez zuen kartzelan ordu bat bera ere egin. «Guztiek fidantzak ordaindu zituzten egun berean eta aske utzi zituzten. ‘Pertsona berezi’ bezala tratatu zituzten», gogoratu du Rachna Dhingra ICJBko kideak.

Azken hamar urteotan, Indiako Auzitegi Gorena jo dute biktimek, epaiketan emandako «axolagabekeriak eragindako heriotza» kalifikazioaren azterketa exijituz. Izan ere, delitu tipologia hori erabili zuten epaileek Bhopaleko sarraskia aztertzeko, gertatutakoa auto istripu bat izan balitz bezala. Ekimenak ekimen, apelazio eskaera guztiek Indiako justizia sistemaren trabekin topo egin dute eta oraingoz ez da audientzia berri bakar bat ere egin.

«25.000 pertsona baino gehiago erail ondoren bizitza benetan erosoa izan dute zortzi erantzuleek», deitoratu du Dhingrak. Zortzi exekutibo indiarrez aparte, Warren M. Anderson estatubatuarra, sarraskiaren unean Union Carbide konpainiako presidentea zena, lasai asko bizi izan zen Ameriketako Estatu Batuetan hil arte. Bere kontrako inolako estradizio eskaerarik gabe, «92 urterekin hil zen, eroso, bere New Yorkeko jauregian».

Biktimen defentsarako erakundeek beti egotzi diete konpainiaren arduradunei istripu larriaren erantzukizuna. Izan ere, Indian lantegia eraikitzeko orduan AEBetan betetzen zituzten segurtasun baldintza funtsezkoetako batzuk ez errespetatzea erabaki zuten aurrekontua %30ean gutxitzeko. Alboratu zuten segurtasun neurrien artean zegoen lantegian aire eta hozbero sentsoreak jartzea; horrenbestez, langile indiarren azala eta begiak bihurtu ziren egoera larri baten aurreko alarma bakar.

Bhopal hilzorian

Isurketak Bhopal hiriko airea, lurra eta ura kutsatu zituen, batez ere fabrika zegoen inguruan. Pentsa, toxikotasun maila gas ihesaren eragina izan ez zuten eremuetan baino zazpi aldiz handiagoa da lantegiaren inguruetan oraindik ere.

«Gauzak asko aldatu dira istripuaz geroztik Bhopaleko jendearentzat. Gas isurketa jasan genuenok osasun arazo larriak ditugu. Hori dela eta, lehen egiten genituen hainbat lan ezin ditugu egin», nabarmendu du egun 64 urte dituen Rashidak.

Bestalde, ICJBk egindako ikerketen arabera, kutsatutako eremuetan jaiotzeko malformazioen tasa Indiako batez bestekoa baino hamar aldiz handiagoa da. Minbiziaren eta antzeko gaitzen eragina ere handiagoa da. 1984ko istriputik gaur egunera bitartean, ia mila haur jaio dira malformazio larriekin, tartean gortasun arazoekin, eta oro har toxikotasunarekin zerikusia duten hainbat gaitzekin.

Koronabirusaren izurritea India osora hedatzen ari den uneotan, 1984an Bhopaleko sarraskitik bizirik irten zirenengan eragin larriagoa du pandemiak. Hirian hil diren 52 lagunetatik 36 gas isurketaren ondorioz gaixotutako pertsonak dira.

Lantegietako istripuak eguneroko kontua dira Indian, azpiegituren egoera kaskarraren eta mantenu faltaren eraginez. Ustelkeriak eta eraikuntza arloko legez kanpoko jarduerek arazoa areagotzen dute.

Duela hilabete bat, fabrika batean izan zen isurketak gutxienez 50 pertsona hil zituen. «Gure begien bistan gertatu zen eta axolagabekeria delitu bezala aztertu dute oraingoan ere», kexu da Dhingra. Bhopalgo epaiketaren urteurrena bete den honetan, hausnarketa batekin amaitu du Dhingrak: «Hamarkada bat bete du inpunitateak, nazioarteko konpainiei justizia saihesteko aukera ematen dien inpunitatea. Nola? Erailketa dena axolagabekeria moduan aurkeztuz».