Gorka Elejabarrieta

Gerra izoztuak

Nazio askapen mugimenduak ez dira nazio askapen mugimendu erabiltzen dituzten borroka tresnengatik, baizik eta dauzkaten helburuengatik. Badira borroka armatua erabili eta gero erabiltzeari utzi diotenak, oraindik ere borroka armatua darabiltenak eta borroka armatua sekula erabili ez dutenak. Gutxi dira, bat ere ez esatearren, borroka armatuaren hautua egin eta 50, 60 urte geroago beren helburuak borroka armatuaren bidez lortuko dituztela uste dutenak. Gehienek lehenago galdu edo irabazi dute, edo gatazkaren konponbidea lortu, elkarrizketaren eta akordioaren bidez. Irabazi zuten, esaterako, Fidel Castroren gidaritzapean Kubako iraultza gauzatu zutenek, eta galdu, berriz, Tamil Tigreek, bi adibide jartzearren. Irabazteak ez du garaipena betikotzen, egunero sortzen baitira erantzun beharreko arazo eta gatazka berriak. Eta galtzeak ez du arazoa desagerrarazten, ez bada porrotak disidente taldearen desagertze fisiko erabatekoa dakarrela. Edonola ere, borroka ez da eten, eguneroko lana baita mundu justuago bat eraikitzea.

Gehiago dira irabazi edo galdu gabe borroka bide baketsu eta demokratikoen bidez jarraitzeko konponbidea lortu dutenak, elkarrizketa eta akordioa baliatuta. Hego Afrika eta Irlanda sar genitzake, besteak beste, talde horretan. Jokorako arau berriak, demokratikoagoak, adostea da horrelako prozesuen gakoa. Galtzea edo irabaztea ez dago ziurtatuta. Arriskua eta aukera parez pare.

Duela gutxira arte, bi aukera bakarrik zeuden horrelako gatazketan. Bat, gerraren bidez galtzea edo irabaztea, eta, bi, joko arau berriak lortzea konponbide prozesu adostu baten bidez. Gatazka asko, gehienak, aldiz, bi egoera horien erdian betikotzen ziren. Nazio askapen mugimenduek ez zuten irabaztea lortzen, baina galtzea ekiditen zuten. Eta estatuek ez zuten joko arauak, gatazkaren arrazoi eta ondorioak, desagertzeko inolako borondate eta gogorik erakusten. Gatazkaren jarraipenak, edo hobe esanda, askapen mugimenduek irabazteko zituzten aukera urriek statu quo-a ere betikotzen zutelako. Hirugarren biderik gabe, alternatibarik gabe, asko dira tarteko egoera horretan izoztuta geratu diren gatazkak, horrek dakartzan ondorioekin: norbere helburuak ezin lortzea eta giza sufrikario izugarriek etenik ez izatea.

Euskal Herriko prozesuak hirugarren aukera bat marraztu du, eta esango nuke munduko hainbat tokitan esperantza berriak piztu dituela. Irabazi eta galdu gabe, Estatuaren konponbide demokratikorako borondaterik gabe, nazio askapen mugimenduak jakin du, asmatu du, betiko helburuak bide berrietatik bilatzen. Eta gaur dudarik ez dago, eginiko hautuan asmatu egin zela. Horrek, baina, ez du garaipena, ez eta porrota ere ziurtatzen. Bide berrian berriro eta etengabe asmatu beharko da, baldin eta bere helburu nagusiak eskuratzeko aukerarik izan nahi bada.

Eta bide berri horretan berebiziko garrantzia hartzen du une oro nondik gatozen oroitzea eta gure helburu nagusiak zeintzuk diren ez ahaztea. Zenbaitetan borroka tresnak eta helburuak nahasteko joera daukate askapen mugimenduek. Baina ez bakarrik borroka armatu garaietan, baita lanabes demokratiko, baketsu eta elektoralen bidez borrokatzen direnean ere. Adibide bat jartzearren, askorentzat gobernura iristea da helburua. Nazio askapen mugimendu batentzat, bere herriaren independentzia eskuratu nahi duen horrentzat, tresna baino ez da. Eta gobernuan egoteak ez badio estatua eraikitzen laguntzen, ez dio askorako balioko.

«Gerrara ohitu zintezke baina gerra egon badago» dio Hertzainak taldearen abesti famatuak. Eta hori da, nire ustez, azken gakoa eta nagusia. Ez ahaztu sekula. •