Iker Barandiaran

«Zailtatasunak» ere badu izena eta izana

Aspaldi ikusten ez dudan lagun batek esan dit oso gutxitan idazten dudala nitaz. Ez nago ados berarekin: idazten dugunok –ondo edo txarto– fokua jartzen dugu nonbait, eta aukeratze horrek jada dezente esaten du gutaz. Ez hori bakarrik, kontakizun horrek –garatzen dugunak– gehiago ere esaten du pentsatzen dugunaz, gutaz. Idazten edo kontatzen dugunak lotura zuzena dauka ikusten dugunarekin, entzuten dugunarekin, kezkatzen gaituenarekin edo mugitzen gaituenarekin; bizi dugunarekin. Jasotakoa horren ispilu izaten da gehienetan. Eta hori bada ba dezenteko erretratua, ordenadore edo folioaren beste aldean dagoenarena.

Izan ere, esango nuke askotan horrelako ariketetan gehiago erakusten dugula gutaz, egunerokotasuneko bestelako ekintza askotan baino. Eta nahiz eta tematu, halakoetan inor ez da erabat transparentea. Gainera, are gehiago garai zehatz honetan, zenbat harreman ditugu aurrez aurre gaur egun?

Horrekin zuzenean lotuta, Arrasateko Gaztetxeko asanbladak gonbidapena egin die herritarrei konfinamendua nola bizi izan duten azaltzeko, kontatzeko eta barrenak husteko.

Dagoeneko idatzi izan dut orriotan covid-19 delakoak sortarazi dizkidan sentimendu eta sentsazioen inguruan, batez ere ekarri duen gizarte aldaketa eta portaerei dagokienez. Eta agian gaur azalduko dut nik neuk nola bizi izan dudan.

Aita naizen heinean umeak jarri ditut erdigunean, eta horien arabera antolatu izan dut are gehiago nire egunerokoa. Inongo eskola zerbitzurik izan ez dutenez, haiekin ia egun oso-osoa pasa ez dudan egunetan, lana bukatu bezain pronto haien zaintza egitera jo dut egunez egun. Ezohiko egoera puntuala zirudiena luzatuz eta luzatuz joan da eta, egoera aldrebes horrek baldintzatuta, dagoeneko mugatua eta gauzatzeko zaila zen bizitza soziala deritzoguna ia ezabatu egin da luzez.

Bestalde, kasu askotan lana desagertzeko zorian dagoen egoera honetan, neuk paradoxikoki, ezinbesteko zeregina delakoa izan dudanez, lan erritmo itzela izan dut –handiagoa– eta apenas izan dut atsedenik. Horri gehitzen badiogu bi ume txiki eta bihurriren zaintza, ba ondorioak honako hauek dira: lana ondo eta denboraz egiteko buru eta gorputzeko ahalegin itzela; eta, txanponaren beste aldean, semeek behar duten arreta ezin ematearen ezintasun eta nahigabea. Biak galantak, eta bateratuta, gehiago. Ez da erraza umeak telebista edo pantaila aurrean luzez daudela ikustea, baina ez dago besterik. Beraiek ere gero eta aspertuago daude egoeraz, eta, adibidez, are eta zailagoa bilakatzen dabil etxeko lanak egiteko diziplina eta kontzentrazioa bermatzea.

Atzera begiratuta, urrun dago denboran konfinamenduaren hasiera, bai eta etxeko txikiekin hasi nuen bederatzi eguneko abentura ere. Bigarren egunean, mikrouhin makinari ia sua eman zioten eta sukaldeko ke usaina gurekin egun batzuetan izan bazen ere, ez da antzeko bestelako ezuste potolorik sortu. Eskerrak! Baina, hori bai, konfinamendua hasi eta hilabetera, covid-19aren estatistiketan jausi nintzen ustea izan nuen, bat-batean lepoko, bizkarreko eta gorputz osoko minak hartu ninduelako. Ez bada! Diagnostikoa nik neuk egin nuen, inongo medikura joan edo galdetu gabe: lan erritmo handiak eta umeen etengabeko zaintzak hornitutako koktelera izan zen, tentsioa alajaina. Hori baino gehiago behar nuen ala?

Bai. Poliki-poliki bizitza soziala berreskuratu eta aspaldi ikusten ez nauten lagunekin aurrez aurre gutaz hitz egiteko beta hartuko dut. Hori da behar duguna. •