Nerea Goti
Elkarrizketa
Mikel OTAOLA URRUTXI
Basogintzan ingeniaria

«Zuhaitz bakoitzak gutxieneko espazio bat behar du ondo hazi ahal izateko»

Basoen bestelako kudeaketa eredu bat defendatzen du, onura ekologikoak eta ekonomikoak lortzeko. Gaiak erakundeen agendan egon beharko lukeela uste du.

Balmasedako mendietan egin du ikerketa Mikel Otaola Urrutxik eta egiaztatu du beste kudeaketa eredu batek zuhaitz osasuntsuagoak lortzen dituela, egur hobea eta irabazi handiagoak, ingurumenari lagunduz gainera. Zuhaitzen arteko espazioa handitzea, bakanketak egiteko une egokiak hautatzea edota espezien nahasketa dira defendatzen duen ereduaren gakoetako batzuk. Jabe publiko zein pribatuen jakin-mina piztu nahiko luke, egungo eredua aldatzeak ekarriko lituzkeen onurak ezagut ditzaten.

Basogintza, ekosistemak, aisialdia, larreak... Zelan kudeatzen da guztien arteko harreman egokia?

Jarduera horiek guztiak ezinbestekoak dira. Lehenik eta behin garrantzitsuena da mendiaren babesa, eta, mendia diogunean, ikuspegi zabal batekin ulertu behar dugu: bioaniztasuna, basoak, ibaiak, animaliak, larreak... Inportanteena da ikuspegi zabala izatea, ikustea hor daudela aisialdirako edo atsedenerako jarduerak, basogintza... Azken horren barruan, adibidez, egurra ekoizteko jarduerez gain, zizak bezalako bestelako produktuak ekoiztekoak ere badaude, lurraren babeserako egiten diren landaketak, erleei probetxua atera ahal izateko landaketak... Adibidez, erleak gogoan, ezkiak sartu genituen hostozabalen baso landaketa guztietan. Basoen kudeaketak kontuan hartu behar ditu horrelako gauzak ere, eta hori da hobetu behar dugun arloetako bat. Pentsa, litekeena da Bilboko Kale Nagusian Euskal Herriko mendietan baino ezki gehiago izatea, eta ezki bakoitzak batez beste 10 kilo ezti eman ditzake urtero!

Balmasedako baso publikoetan ikerketa egin zenuen. Zein ondorio atera duzu?

Basoak mozten zituztenean, enborretako eraztunak aztertzen nituen. Urteroko eraztun horiei erreparatuta, ikusi nuen eraztun bakoitzak zuen espazioaren arabera hazkuntza handiagoa zela, eta bakanketak egiten ez zituzten basoetan hazkuntza txikiagoa zela, hazkuntza eteten zela. Bada, horren zergatia jakin behar zen. Zuhaitzak hazi ahala gero eta espazio gehiago behar du, eta, ez baduzu bakanketa egiten, gehiegizko kontzentrazioa ematen da, kontzentrazio-esparru batean pertsonekin gertatzen den bezala. Zuhaitzak izaki bizidunak dira eta lurraren osagaiak edo eguzki izpiak ez badituzte jasotzen, hazkuntza eten egiten da, bai zuhaitz bakoitzean bai basoan. Hazkuntza era oso nabarmenean jaisten zela egiaztatu genuen, baita %300ean ere! Horrek adierazten du kudeaketan aldaketak egin behar direla.

Emaitza azkarrak lortu nahi izatearen, gehiegizko esplotazioaren ondorioa da, ezta?

Jendeak uste du zenbat eta zuhaitz gehiago landatu orduan eta etekin handiagoa lortuko dela, baina, beste izaki bizidunekin gertatzen den moduan, espazio mugatu batean ahalik eta arbola gehien biltzea ez da ona: zenbat eta gehiago, orduan eta txarrago. Horretan datza kudeaketa eredu berria: zuhaitz bakoitzak gutxieneko espazio bat behar du ondo hazi ahal izateko. Gainera, zuhaitzetan hazkundea esponentziala da. Kudeaketa egokia izateko, gutxieneko distantzia bat gorde behar da. Gehiegizko kontzentrazioa kaltegarria da zuhaitzentzat. Presoz leporaino betetako nazien kontzentrazio-esparru gizagabe batekin pareka dezakegu, gizakiekin gertatzen dena beste edozein izaki bizidunekin gertatzen baita. Aldiz, baso publikoetan zein pribatuetan beldur gara bakanketak egiteko orduan, ezinbestekoak diren arren. Normalean hektareako 1.100 ale inguru landatzen dituzte, baina askoz kantitate txikiagoa landatu eta mantentzearen aldekoa naiz ni, eta berdin dio zer motatako zuhaitzez hitz egiten dugun.

Bizirauteko elkarren artean lehian badira zuhaitzak, produkzioa berehala jaisten da, era esponentzialean gainera, eta kalitatean ere nabaritzen da. Enbor batean giharra eta gizena ezberdintzen ditugu, eta industriarako inportanteena gizena da, hori baita egur bizia. Egurra zenbat eta gazteago izan, are eta gizen gehiago, eta, beraz, kalitate hobea.

Kanpotik begiratuta, alderantzizkoa ematen du.

Kalitate mekanikoetan jartzen dute arreta enpresek, adibidez egurrezko eraikuntzak egiten dituen Egoinek. Egurrak zenbat eta gizen gehiago izan, erresistentzia mekanikoagoa du. Ikuspegi ekonomiko eta ekologikotik ere abantailak argiak dira planteatzen dudan kudeaketarekin, adibidez, ez da mozketa guztiak aldi berean egitea bultzatzen, inpaktu bisuala eta higidura hori saihestu behar dugu. Ondorioz, proposatutako kudeaketarekin, ez du merezi zuhaitz erraldoiak denak batera botatzeak; zuhaitz baten hazkuntza esponentziala denez, hogei urterekin, pinu batek 0,3-0,4 metro kubikoko hazkuntza du. Beraz, ekonomikoki, ekologikoki eta kalitatearen eta osasunaren aldetik aztertuta, errentagarria da bakanketak egitea. Gainera, zuhaitzak osasuntsu badaude, xingola marroiaren gaitza ere ez da hain eraginkorra. Birusei eta gaixotasunei buruz etengabe hitz egiten dugun uneotan, erraz asko uler dezakegu izaki osasuntsu batek hobeto eusten diola gaitzari.

Mentalitatea aldatzea zenbat kostatzen den jakinda, ba al daude eredu egokiak?

Balmasedako mendi publikoetan baditugu basoak frogatzen dutenak prozesu zehatz bat jarraitzen baduzu emaitza zehatz bat lortuko duzula. Baso kudeatzaile eta jabeentzat eredu dira. Basoak eskatzen duen unean ez badira bakanketak egiten, hazkuntza pikutara joaten da eta ondorio ekologiko eta ekonomikoak ditu. Eredu onak daude Balmasedako mendi publikoetan hariztiekin, izeiekin, radiata pinuekin eta beste pinu motekin. Jakin-mina piztea falta zaigu orain.

Erakundeen agenda politikoan ba al dago kontu hau?

Ez naiz horretan aditua, baina karbono dioxidoaren kontura politikoek hainbat konpromiso hartu dituzte, adibidez, 2030erako isurpenak %40 murriztea 1990. urtearekin alderatuta. Zoritxarrez, 2020an, Estatuak ezarritako helburuarekiko %37ko atzerapena du. Helburua lortzeko basoen kudeaketak paper garrantzitsua jokatzen du, eta, planteatutako ereduan, karbono dioxido xurgatzea bikoiztu edo hirukoiztu egiten da betiko kudeaketa ereduarekin alderatuta.

Urumea aldean eta beste zenbait lekutan, eukalipto landaketak etetea eskatu dute. Kezkatzeko arrazoiak ditugu?

Alde batetik, bai. Ez dut zehatz ezagutzen Gipuzkoan zer gertatzen ari den, baina, Bizkaian, pinudiak bota eta eukaliptoa landatzen dute, eta aldaketa handia gertatzen ari da. Basogin naizen aldetik, kudeaketa hori porrota da produkzio osoak bide hori jarraitzen badu.

Zergatik?

Landatzen ditugun espeziekin egiten dugun kudeaketa txarra delako. Produktibitatearen aldetik, pinuekin gertatzen den bezala, ale asko sartzen dituzte eta hazkuntza askoz arinago eteten da. Pinua eukaliptoarekin ordezkatzen badugu txarto goaz, eta egiten ari da. Inork konponbiderik jartzen ez badu, gure basoak erabat aldatuko dira, baita bisualki ere. Egungo basogintzan nagusi den joerak hirugarren munduarekin parekatzen gaitu. Bioaniztasuna kontuan hartuta, planteatzen dudan kudeaketarekin, pinudiak hostozabalen ondoan izan daitezke. Moztu daitezke pinuak eta hostozabalak utzi... Basoak ez du zertan zuhaitz mota bakarrekoa izan. Baso mistoa izan daiteke, baina adibideak behar ditugu. Begien aurrean kudeaketa on bat badauka, jendeak bide hori jarraituko du.