> Botaba Unibertsoa, gazteei begira

Labayru Fundazioaren ekimena da Botaba Unibertsoa, eta egitasmoak lagunartean erabiltzen diren «euskal esamolde kolokialen erabilera gazteen artean modu dibertigarri eta ludikoan» sustatzea du helburu.

Bideo lehiaketa gisa jaio zen, Botaba Erronka izenarekin, eta orain ideia eraberritu eta proposamen berriak dakartza. Hasteko, oraingo proposamena ekainean hasi eta urte bukaerara arte iraungo du.

«Ligatzerakoan, parranda giroan, lagunari adarra jotzeko… adierazkortasunez jarduteko beharrezko baliabideak jolasaren bitartez ezagutarazi nahi ditugu, parte hartzaileekiko interakzioa sustatuz», azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek.

Labayru Hiztegi Fraseologikoak jarraituko du edukien oinarria izaten eta, aldi berean, «kaleko erabilera naturala ere ekarri nahi dugu Botaba Unibertsora, erdi ezkutuan dauden esamoldeak argitara ateraz», nabarmendu dute.

Orain arte bezala, askotariko esparruetako pertsona ezagunen lankidetza izango dutela jakinarazi dute. Kirolaren munduko, kultura arloko eta komunikazioaren esparruko pertsonak izango dira, besteak beste.

Astero, @botabaunibertsoa Instagram kontuan «asmakizunak, hizki zopak, jolasak, galderak, hieroglifikoak eta bestelako probak izango dituzte parte hartzaileek, eta «gazteen zaletasunen araberako sariak» egongo direla iragarri dute ekimenaren arduradunek.

> Espainiako ministro baten «Piztiaren Eguna»

Jorge Fernandez Diazek Benedikto XVI.arekin Kataluniari buruz hitz egindakoa kontatzen duen etxeko bideoa Alex de la Iglesiaren film bat izan liteke, baina ez da hala. Espainiako Barne ministro ohia eta Eliza katolikoaren aita santu emeritua diagnostiko honetara iritsi ziren: «Deabruak Espainia suntsitu nahi du, baina ez du lortuko». Ez zen beste mende batean gertatu, 2015ean baizik.

«Esan zidan Deabruak badakiela zer zerbitzu egin zizkion Espainiak Kristoren Elizari, Espainiaren misioa, Amerikaren ebanjelizazioa, Espainiak Kontrarreforman izan zuen rola, joan den mendeko 30eko hamarkadako erlijio jazarpena, hitzez hitz esan zidan...».

> CIC nanoGUNEren proiektu bat, Europak finantzatua

CIC nanoGUNE euskal zentroak koordinatzen duen SPEAR proiektuak «hurrengo belaunaldirako konputaziorako memorien eta prozesadoreen material berriak» aztertzea du helburu. Europako Batzordeak lau milioi euroko laguntza emango du, Europako bost erakunde akademikorekin eta zenbait enpresarekin elkarlanean egiten ari den egitasmo hori finantzatzeko.

Diru hori batez ere doktoratu aurreko hamabost ikertzaile kontratatu eta horiei goi mailako prestakuntza emateko erabiliko da. CIC nanoGUNEk koordinatzen duen proiektuan CEA Frantzia, ETH Zurich-Suitza, IMEC-Belgika, U.Hanburg-Alemania, Martin Luther University Halee-Alemania erakunde akademikoek eta ANTAIOS, OZabre eta NanOsc enpresek hartzen dute parte.

> Telebista eta Internet kontsumoaren errekorra apirilean

Apirilean, konfinamenduaren asterik gogorrenetan, adingabeak oraindik kalera ateratzen ez zirenean, telebista eta Internet kontsumoaren errekor historikoa gertatu zen: bost ordu eta 28 minutu telebista aurrean pertsonako eta eguneko; eta hiru ordu eta hamalau minutu Interneten.

Carmelo Garitanoandia kazetaritzako irakaslea da, “EU Kids Online” nazioarteko ikerketa taldeko kidea, bai eta “Safer Internet Center” europar proiektukoa ere. EHUren “Campusa” aldizkarian laburbildu ditu 2020ko apirilean eta maiatzean egin dituzten neurketak.

Alde gutxi dago telebista kontsumitzailearen eta Interneteko bideoen kontsumitzailearen profilen artean, generoari dagokionez. Aldiz, alde horiek esanguratsuak dira adinari erreparatuz gero. Telebista ikusleen erdiak 55 urtetik gorakoak dira, eta Interneteko bideo kontsumitzaileen %75, adin horretatik beherakoak.

> Egungo hezkuntza ereduak «krak» egin dezan

NAIZ+ atariko “Ikoitzen arkatza” blogak konfinamendu garaian egindako solasaldi baten berri ematen digu, bai eta haren bideoa ikusteko aukera eman ere: “Irakaskuntza covid-19aren paradigman. Zein toki du eskolak?”.

Izenburu hori jarri zioten Iruñeko Katakrakek antolatutako hezkuntzari buruzko hizketaldi digitalari. Katakrakek covid-19 osteko mundua irudikatzeko antolatu dituen solasaldietako bat izan da hori, hezkuntzari loturikoa.

Horretarako, hezkuntza komunitateko kide diren Iosu Ihabar eta Nora Salbotx izan zituzten mintzaide. Ikusgai dago gogoeta horiek biltzen dituen bideo osoa.