Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Paul Rios
Jakindun hezkuntza plataformaREN sortzailea

«Nire kezka da datorren ikasturtea modu presentzialean hastea eta kito, pasatutakoaz ez ezer ikasi izana»

«Online» hezkuntzako edukiak eguneko 24 ordutan daude eskura. Horrelakoak sortzen ditu Jakindunek, oraingoz, DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat. «Online» hezkuntza eta presentziala osagarriak izan daitezke eta ikusitakoak ikusita, biak nola uztartu eta indartu serio pentsatzen hasteko unea dela uste du Riosek.

Duela hiru urte sortu zuen Jakindun hezkuntza plataforma lagun talde batek finantziazio pribatuarekin. Euskarazkoa da, doakoa eta zientzia kontzeptuak erraz eta labur azaltzen dituzten bideoz hornitua dago. Plataformaren helburu nagusia DBHko eta Batxilergoko ikasleen eskura euskarazko bideoak jartzea da, azalpen errazekin, zailak egiten zaizkien ikasgaiak hobeto uler ditzaten.

Itxialdiarekin, egun batetik bestera, hezkuntza etxe barrura sartu da eta online modua nagusitu da. Inor ez zegoen prest eta batzuk besteak baino abilago moldatu dira, baina derrigorrezko esperimentua sekulakoa izan da. Jakindunekoek espero dute tsunami moduan etorri den ikasgaia etorkizunerako baliatzea. Ez dadila ezerezean geratu.

Covid-19ak eragindako krisiak arlo asko astindu ditu. Hezkuntzarentzat zer kolpe klase izan da?

Une batetik bestera eta prestakuntza aproposik izan gabe, hezkuntza mundua online modura pasatu da. Horretarako beharrezkoa da formakuntza –irakasleak, ikasleak eta, oro har, hezkuntza komunitate osoa prestatuta egotea–, beharrezkoak dira tresnak –ordenagailuak, konexioak...– eta baita edukiak ere. Ez da gauza bera eduki bat modu presentzialean ematea edo online ematea. Berehala konturatu ginen olatua, tsunamia, ailegatu zela eta ez geundela batere prestatuak horri aurre egiteko.

Erantzuna asimetrikoa izan da; ikasle batzuek besteek baino baliabide gehiago izan dituzte eta irakasle batzuk besteak baino azkarrago moldatu dira. Edukiak ere gutxi samar eta sortu egin behar.

Beti izan dugu buruan online formakuntza, online hezkuntza, beharrezkoa zela hiperkonektatutako mundu honetan. Baina ez geunden horretarako prestatuta. Ikusi dugu hezkuntza “pribatizatu” egin dela nolabait. Finean, modu presentzialean egitean, hezkuntza modu publikoan egiten da; baliabide bertsuak daude denentzat. Desberdintasunak orekatu egiten dira, ez guztiz hala ere. Baina modu presentzialean ari garenean irakaslea eta sistema orokorrean saiatzen dira desberdintasunak orekatzen edo, gutxienez, samurtzen. Aldiz, hezkuntza etxe barrura sartu denean, galdu egin da orekatzeko gaitasun hori. Eta galdu dugu ez geundelako prestatuta; ez bakarrik tresnak ez genituelako prest, filosofikoki ere ez geundelako prestatuta online hezkuntza horretarako.

Presentzialetik «online»-ra, zein desberdintasun daude? Zein dira gako nagusiak?

Konturatu gara –eta bagenekien aurretik ere– klaseak emateko modu desberdinak daudela. Orain arte erabili den metodoa da horietako bat: klase magistrala. Irakasleak edukiak azaltzen ditu eta ikasleek eduki horiek entzun eta barneratu egiten dituzte. Bideo dei batean arreta eta harremana mantentzea oso zaila da. Frogatuta dago psikologikoki arreta mantentzea oso zaila izaten dela tresna telematiko horiekin. Horregatik, beharrezkoa da beste modu edo metodo batzuk erabiltzea: proiektuak proposatu, edukiak bideoetan edota bestelako euskarrietan zabaldu, zalantzak irakaslearekin partekatu… Badaude moduak eta metodo horien inguruan modu teorikoan aritu da orain arte hezkuntza oro har. Baina bat-batean, egun batetik bestera, metodo horiek erabiltzera behartuak egon gara. Horregatik sortu da estres une hori.

Ikasketa telematikoak ikaslearen parte hartzea bultzatu behar du gehiago, ezta?

Bai. Ikasleak bere etxean landu ditu edukiak, askotan bakar-bakarrik. Une askotan gurasoen laguntza ere behar izan du. Eta zalantzak irakaslearekin partekatzeko aukera ere izan du. Baina modu presentzialeko klase magistral hori online modura eramatea ez da irtenbidea. Horrek ez du funtzionatzen eta beste bide batzuk ireki behar dira. Zorionez, irakasleek sekulako ahalegina egin dute moldatzeko eta baita familiek ere. Baina hiru hilabete hauetan egoera oso-oso konplexua izan da. Akaso eutsi diogu, egindakoa nahikoa izan da ezohiko egoerari eusteko, baina etorkizunari begira beste metodo batzuk eta edukiak behar-beharrezkoak dira.

Jakindun hezkuntza plataformak, hain justu, laguntza bideoak eskaintzen ditu; ikasleentzat, irakasleentzat eta gurasoentzat lagungarri.

Duela hiru urte sortu genuen plataforma, erabat egoera desberdinean. Gure asmoa euskarazko eta kalitatezko materiala online eta bideo formatuan eskaintzea da. Lagun talde bat gara eta finantziazio pribatuarekin aritzen gara, ez dugu laguntza publikorik. Elkarte bat sortu dugu hau guztia aurrera eramateko eta ez daukagu irabazteko asmorik.

Orain, bizi izan dugun egoerarekin, konturatu gara baliabideak izatea oso garrantzitsua dela. Jakindun proiektuak ez du betetzen, ezta gutxiago ere, dagoen hutsunea. Baina gure helburua izan da irakasleei, ikasleei eta gurasoei laguntzeko tresna bat eskaintzea.

Nik bi seme dauzkat eta konturatuta nengoen askotan etxeko lanak egiteko bideoak eta bestelako baliabide teknologikoak erabiltzen zituztela. Ni eta beste batzuk konturatu ginen euskaraz ez dagoela baliabide asko. Eduki gehienak gazteleraz eta ingelesez daude. Eta gure haurrek askotan ez dakite erro karratua nola esaten den gazteleraz. Garrantzitsua ikusten genuen euskarazko baliabideak izatea. Guk Jakindunen prestatzen ditugun bideoek hezkuntza prozesuarekin jarraitzeko laguntza eskaintzen dute eta euskaraz.

DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako bideoak dira eta eduki zientifikoak dituzte.

Bai. Matematika, fisika eta kimikarekin hasi gara. Gure baliabideak ez dira infinituak eta nondik hasi aukeratu behar genuen. Gure inspirazioa gaztelerazko Unicos plataforma izan da. Oso arrakastatsua da eta konturatu ginen kontsulta gehienak matematikaren ingurukoak zirela. Horregatik hasi ginen horrekin. Baina etorkizunari begira gure asmoa da edukiak zabaltzea DBH eta Batxilergoari begira. Eta, horrez gain, akaso Lehen Hezkuntzarekin ere hasiko gara.

Garrantzitsua da «online» hezkuntzan euskarak presentzia izatea.

Zalantzarik gabe. Hizkuntza batek bizirik egoteko toki guztietan egon behar du. Sarean euskararen presentzia indartzeko ahalegin ugari egiten dira, baina konturatzen ginen hezkuntzaren arloan gabezia zegoela. Egon badaude hezkuntzari lotutako edukiak, baina ez asko.

Orain derrigorrez ezagutu dugu «online» hezkuntza, egoerak behartuta. Gauza asko galtzen dira; keinuak, begiradak, zalantzak, egonezinak askotan ez dira ikusten pantailaren bestaldean.

Bai, konplexua da. Ikasleak aurrean dituenean, irakaslea konturatzen da azalpena jarraitzen duten edo ez, igartzen du jakin minik sortzen ote zaien, zerbaitetan sakondu behar ote duen... Oso konplikatua da pantailaren beste aldean aurpegiak ikustea, ikasle guztiak ikustea eta emozioak identifikatzea. Online hezkuntza sekulako ahalegina da irakaslearentzat eta ikaslearentzat.

Ahal bada hezkuntza presentziala, baina telematikorako prest.

Bai. Biek bateragarriak eta osagarriak izan behar dute, bat ez da bestearentzat mehatxua. Ikasi egin behar dugu bi moduak nola uztartu eta nola erabili hezkuntza prozesua indartzeko. Ez dakigu nolakoa izango den datorren ikasturtea, baina orain gertatu denetik ikasketak atera beharko ditugu. Prestatu egin behar dugu gertatu daitekeenaren aurrean erantzun egokiak emateko. Pasatu dugun guztia ezin da alferrik izan, zerbait ikasi behar dugu honetatik. Nire kezka da datorren ikasturtea modu presentzialean hastea eta kito, pasatutakoaz ez ezer ikasi izana. Kontrakoa izan behar du; hezkuntza presentziala eta telematikoa indartzeko moduak prestatu behar ditugu, ez berriz konfinamendu bat gertatuko delako, hezkuntza prozesua bera aberasteko eta indartzeko baizik. Agerian geratu dira ditugun gabeziak. Orain arte teorian asko aipatu da online hezkuntza, baina ez da oso serio hartu izan, saiakera ahulak izan dira. Orain konturatu gara zein garrantzitsua den prest egotea, zein lagungarria izan daitekeen eta zein beharrezkoa.

Jakinduneko bideoek ulermena laguntzen dute. Eta ulermena da ikasketa prozesuaren abiapuntua, ezta?

Bai. Gerta daiteke klasean entzundakoa ez oso ondo ulertu izana eta Jakindunera jotzea ulertzen saiatzeko. Gerta daiteke bideoa ikusita ere ez ulertzea eta irakaslearengana joatea zalantza argitzeko. Hori da ikasketa prozesua. Online munduaren abantaila da une oro irekita dagoela, beti dagoela eskura. Ez da oso garestia, kalitatezkoa izatea zaindu behar da, baina 24 ordutan ikasketa bat eskura daukazu. Modu presentzialarekin uztartuz gero, aukera asko eskaintzen ditu online hezkuntzak.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren azterketak ate joka dauden honetan, horiei begira ere jarri zarete.

Bai, gure asmoa da datorren astean plataformara eta Youtubera bideo berriak igotzea, azterketa horiek egin behar dituzten ikasleei laguntzeko. Hamar-hamabost bat bideo izango dira eta matematikako gai garrantzitsuenak jorratuko ditugu bideo horietan.

Oso egoera berezian iritsiko dira ikasleak aurten Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziora eta garrantzitsua da denon artean ikasle horiei laguntzeko ahalegina egitea. Laguntza guztia beharko dute. Beren hezkuntza prozesuan une garrantzitsua da eta zoritxarrez baldintza oso ezohikoak dira aurtengoak.