Xabier Mikel Errekondo

Oporrak non?

San Juan suaren kea opor usainaren lehen zurrutada bilakatu ohi da nigan. Udaberriaren argi goxoak eta haize freskoak behar lukete negu ilunaren zulotik irten garenaren zantzu naturala, baina inguru maite honetan bizi garenok ondotxo dugu ikasi “Mordor”-en beso beltz eta euritsu luzea sarritan udaren atariraino zaigula luzatzen, gogaikarri.

San Juan suaren garrak badira aparteko magia eragiteko gai. Urdail-urinak dantzan jartzen dizkit eta, duela hilabete batzuk antolatu oporrak hurbiltzen ari zaizkidan seinale, eguzki printzen bero goxopean biluzi eta denboraren jabe egingo naizela begitantzen dut, sentsazio guztiak aurrez dastatzen hasiko banintz bezala. Uda, senideekin eta lagunekin maiz elkartuko naizen aroa, gau labur izartsuak eta egun argitsu eta ia dena egiteko adina denbora ematen dutenak. Egia da, iritsi da oporren urtaroa.

Baina Koronamaloak ez du honaino guztiz desagerrarazi Mordorren urtaroak ekarri zigun koronabirus hiltzaile hau eta bertan geratzekoa omen, bazter guztietako bertan, eta mehatxuak beldurtuta gauzka. Halere, dagoeneko etxetik irteten gara, inguruko herrietara joan eta zortekoak gara gobernanteek Kantabriara eta Errioxara joan ahal gaitezen erregutu baitute… gure hobe beharrez. Hauxe Euzkadi berria.

Eta ni antsietateak jota nabil argitu ezinik zelako opor-terapia ospatu ahalko dudan. Baina gauza bat argi daukat, arduradun politiko arduragabeen zein besteoi uda honetan patria eraikitzeko eskatzen ari zaizkigun familia politiko bereko kideen aholkuari iskin egingo diodala.

Nik oporrak “Euzkadin” ez. •