Xabier Izaga
IKUSMIRA

SUA, SANJOANETAN ETA ARTE GALERIETAN

Atzo, San Joan gaua baino bost egun lehenago, Koldobika Jauregiren eta Elena Carajavilleren lanez osatutako erakusketa zabaldu zuten Donostiako Ekain Arte Lanak galerian: Sua. «Hura asmakizuna/ homo habilisena». Natura elementu horren bi alderdiak bildu dituzte artistek beren obra horietan: Su purifikatzailea, birsortzeko eta susmo txarrak uxatzeko, eta suntsitzailea, basati eta txikitzailea. «Bi harrik elkar jota/ txispa bat aurrena/ Asmakizun haundina/ mendetan barrena». Laratzeko sua, erakargarri eta babeslea, eta liburu erretzailea. «Sua da problema/ zenbait basorena/ edo jaki dena/ berotzen duena». Aurten, San Joan suak, pizten dituzten lekuetan, kontrol handiaren pean izango dira, jende kopuru mugatu batentzat. Horren aurretik eta ondoren ere, ordea, suak iradokitzen duen guztiaz gogoeta egiteko leku aproposa izango da Ekain galeria, bertsolariak «bi begiradek sortzen dutena» deskribatu zigun egunean bezala. Xabier Izaga Gonzalez