2020/06/27

Erreportajea
TIKTOK, TRUMPEN AURKA
Aktibismo berria ala gazteek sare sozialen bidez gauzatutako adar jotze izugarria?

Donald Trumpek porrot handia jaso zuen pandemia betean deitutako bere lehen mitinean, Oklahoman. «Milioi bat lagun» biltzea espero zuen arren, 6.200 inguru baino ez ziren agertu Tulsako deialdira. Eserleku huts horien atzean, K-Pop Koreako musikaren jarraitzaileak eta Tiktok sare soziala erabiltzen duten gazteak egon daitezke. Adar jotze izugarria edo aktibismo berria?

Pablo Ruiz de Aretxabaleta
0627_g8_trump

Donald Trumpek iragarri zuen «ia milioi bat pertsona» elkartuko zirela joan den astean Okhlahoman egin zuen mitinean. Bere ohiko ahobero jarrerarekin, jendetza espero zuen AEBetako lehendakariak hauteskunde kanpaina bultzatzeko antolatutako ekimenean. Alderdi Errepublikanoak 19.000 lagun Tulsako Bank of Oklahoma Center pabiloian sartu eta kanpoan beste 40.000 elkartzea espero zuen.

Aurreikuspenak aurreikuspen, AEBetako presidenteak itxura tristeko harmaila erdi hutsari luzatu behar izan zion bere hitzaldia. Eserleku gehienak hutsik zeuden, sare sozialetan elkarbanatutako argazki eta bideoetan argi geratu zen moduan. Tulsako suhiltzaileen arabera, 6.200 jarraitzaile joan ziren presidentea entzutera. Trumpen kanpainako arduradunen arabera, berriz, 12.000 ikusle izan ziren.

Datu saltsatik harago, porrot handia izan zen Trumpentzat. Gainera, non eta 2016ko hauteskundeetan gehiengo zabala lortu zuen hegoaldeko estatu kontserbadore batean. Ondorioz, bere kanpainari eman nahi zion bultzada ezerezean geratu zen. Aurretik, kritika ugari jaso zituen presidenteak bai aukeratutako tokiagatik bai egunagatik. Alde batetik, ekainaren 19a, hau da, esklabotzaren abolizioaren eguna, aukeratu zuen, gerora data aldatu zuen arren. Bestetik, Tulsa hiria hautatu zuen, 1921ean, AEBetako historian beltzek jasandako eraso arrazista nagusienetakoaren agertokia. Hori gutxi ez, eta covid-19aren pandemia AEBak gogor kolpatzen ari den unean deitu zuen lehendakariak mitin jendetsua, kritika ugari jasoz.

Mitinaren ondoren Trump «oso haserre» zela adierazi zuten NBC eta “New York Times” bezalako komunikabideek. Ez da harritzekoa, presidenteak harro hitz egiten baitu beti bere hitzaldietan biltzen den «jendetza izugarria» dela eta. Komunikabide kontserbadoreek ere onartu zuten porrota. Ekitaldia hasi baino ordu batzuk lehenago, kanpoan hitzaldia jarraitzeko antolatutako ekitaldia bertan behera geratu zen, jenderik ez zela ikusita.

Baina zein izan zen porrotaren arrazoia? Izan ere, inkestetan Donald Trumpen onarpen maila jaisten ari den arren, jarraitzaile sutsu ugari ditu edonon. Trumpen kanpainatik presidentearen kontrako manifestazioei eta komunikabideei leporatu zioten jendea mitinera ez joatea. «Manifestariek sarrera blokeatu dute», adierazi zuen kanpainako arduradun batek. Kazetariek, berriz, ez zuten blokeorik ikusi, bai polizia eta militar ugari.

Adierazpenak adierazpen, ezusteko faktore batek eragin zuen Trumpen porrota: sakelakoei lotuta bizi diren nerabeak eta K-Pop bezala ezagutzen den Koreako musika poparen fanak. Antza, Tiktok sare sozialeko erabiltzaile gazteek milaka sarrera eskuratu zituzten Tulsara joateko, bertaratzeko asmorik izan gabe, hori bai.

Tiktokeko erabiltzaileak gazteak dira batez ere. Asko nerabe edota haurrak. Aplikazioak bideo oso laburrak partekatzeko aukera ematen du; pentsa, 3 segundokoak izan daitezke, minutu batera iristen direnak ere badauden arren. Bideo biralak, dantzak, akrobaziak, Fortniteko partidak... zabaltzeko erabiltzen dute aplikazioa gazteek, baina, badirudi, Tulsako mitinean ziri ederra sartu ziotela Tiktokeko erabiltzaileek AEBetako presidenteari. Nerabeen hitzetan, ederki “troleatu” zuten.

Politikoek aintzat hartu dute

Zaila da jakitea noraino iritsi zen Tiktokeko ekimenaren eragina. Baina AEBetako politikoek, adituek eta komunikabideek aintzat hartu dute milaka gazte daudela gertatukoaren atzean, hau da, sarrerak eskatu zituztela gero mitinera ez joan eta aulki hutsak nabari uzteko.

Steve Schmidt George W. Bushen kanpainan lan egin zuen Alderdi Errepublikanoko estratega da. Azaldu duenez, milaka gaztek egin zuten bat Tiktoken zabaldutako erronkarekin, tartean bere 16 urteko alabak. Hamaika gurasok haien seme-alabek berdin egin zutela azaldu dute.

Alexandria Ocasio-Cortez kongresista demokratak Tiktokeko gazteak eta K-pop musikaren jarraitzaileak txalotu ditu Trumpen aurka egin izanagatik. Izan ere, TikToken zenbait bideo partekatu ziren mitina baino astebete lehenago gazteei lekuak erreserbatzeko deia eginez. Horrela zioen Triippmusic erabiltzaileak igotako batek: «To, pena litzateke jendeak jakingo balu Trumpen Tulsako mitinera joateko sarrerak dohain erreserba daitezkeela! Behar duzun informazio bakarra posta kodea da, hau da, 74103!». Bada, 18.000 aldiz partekatu zen mezua eta 200.000 “atsegin dut” jaso zituen di-da batean. Hasiera baino ez zen izan, Tiktoken nahikoa baita milioika jarraitzaile dituen edozein erabiltzailek horrelako erronka bat botatzea munduan zehar azkar betean hedatzeko. Youtuben edo beste sareetan gertatzen den bezala, jarraitzaile ugari dituzten hainbat erabiltzaile daude, eta, horietako zenbaiten ekimenez, milaka kontu hasi ziren sarrerak erreserbatzeko deia zabaltzen. Arazorik ez zuten izan 19.000 eserlekuko Tulsako aretoa Trumpen mitinean erdi hutsik uzteko.

Koreako poparen jarraitzaileak

Kanpainaren bultzatzaile nagusietakoak K-Pop Koreako poparen fanak izan ziren. Koreako pop musika taldeetako jarraitzaile sutsuak dira eta haien gustuko bideoekin betetzen dituzte sare sozialak, trending topic ugari sortuz. Gerra birtualetako “armadak” bailiran defendatzen dituzte BTS, Exo, GWSN edo BlackPink bezalako taldeak. Oraingoan, baina, taldeon bideoak zabaldu beharrean, Trumpen mitina boikotatzea hartu zuten helburu.

Trumpen aurkako kanpainarekin, helburu komun bat dutenean sareetan duten indarra argi erakutsi dute K-Poparen jarraitzaileek. Ez da lehen aldia, gainera, gehienetan musikaz aritzen badira ere, azken hilabeteotan nolabaiteko “aktibismora” jo baitute. Horrela egin dute, adibidez, AEBetako arrazisten kontra ekiteko edo Dallaseko Poliziak «legez kanpoko ekintzak» geratzeko herritarrei protesten grabazioak eskatu dizkienean.

Sareetan ez dute kontrako mezuekin edo irainekin erantzuten K-Poparen zaleek, gustuko bideo eta kantekin baizik. Eta milaka izan daitezke. Pentsa, Estatu espainolean ere egin izan dituzte kanpainak. GWSN taldearen jarraitzailea den @gwsncity erabiltzaileak Voxen kontuak «mezu antifaxistez» betetzeko ekimena egin zuen Twitterren. Handik Whatsappera eta beste sareetara ere jauzi egin zuen. #fachaqueveofachaquefancameo edo #abascalprincesa izan ziren zabaldutako etiketak. Izan ere, Santiago Abascal Voxeko presidentea printzesa bat bezala apaintzea izan zen salaketa ekimenetako bat.

Bien bitartean, Trumpen hauteskunde kanpainako arduradunek ez dute onartu nahi izan Tiktok eta K-Poparen jarraitzaileak daudela Tulsako mitinaren porrotaren atzean. Esan dutenez, ezinezkoa da hori gertatu izana, sarrerak erreserbatu zituzten telefono-zenbaki guztiak egiaztatu zituztelako. Errepublikanoen arabera, espero zen jendetza ez zen agertu «manifestazioei beldurragatik eta komunikabideek pandemiaren inguruan zabaldutako izuagatik». Horrela balitz ere, kezkagarria litzateke presidenteak «milioi bat lagun» biltzea espero zuen ekitaldi batean hain lagun gutxi bildu izana...

Kontuak kontu, Tulsan gertatutakoa kolpe handia izan da Trumpen presidentetzarako kanpainarako. Datozen mitinetan indarra berreskuratzeko aukera izango du, kargua berritzeko gako diren estatuetan gainera: Florida, Arizona eta Ipar Carolinan. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Beste zalantza bat ere bada uneotan. Zergatik egin zuten Trumpen aurka Tiktokeko erabiltzaileek eta K-Poparen zaleek? Arrazoi ideologikoengandik? Egia esan, gehiago dirudi adar jotze izugarri bat, baina, emaitza ikusita, argi geratu da helburu aldakorrak izan ditzaketen «borroka» eredu berriok mespretxatzerik ez dela.

Donald Trumpen hauteskunde kanpainako arduradunek ez dute onartu nahi izan Tiktok erabiltzaileak eta K-Poparen jarraitzaileak daudenik Tulsako mitinaren porrotaren atzean

Gazteok Trumpen mitinaren aurka egiteko zer arrazoi izan duten gorabehera, argi geratu da helburu aldakorrak izan ditzaketen «borroka» eredu berriok mespretxatzerik ez dela