2020/06/27

Joxean Agirre
Despisteak eta hanka sartzeak

Despisteak, ondoriorik gabeak direnean, sinpatikoak egiten zaizkigu. Pasteur, esate baterako, bere bakterioekin hain zebilen emozionatuta egun haietan non ezkontzera joan behar zuela ahaztu zitzaion eta gonbidatuak etorri behar izan zuten bere bila, emaztegaia, Marie Laurent, denbora luzez itxaroten zeukala gogarazteko.

Koldo Mitxelenak kontatzen duenez, Azkue ere gremio horretakoa zen. Gerran Eusko Jaurlaritza eratu zenean, Euskaltzaindiak gobernu berriari bisitan joatea erabaki zuen. Lekeitiora joan ziren euskaltzainburuaren bila eta Bilbora abiatu ziren. Azkue ez omen zen gehiegi enteratzen gerraz ere, kezkatuagoa zebilen nonbait esku artean zuen “Euskalerriaren yakintza” lanarekin. Herriko irteeran gizonezko bat aurkitu omen zuten guardia egiten uniforme, fusil eta guzti. «Zein da gizon hori?», galdetu omen zuen Azkuek eta miliziano bat zela esan ziotenean «Zer da miliziano bat?», galdetu omen zuen.

Nik neure begiz ikusi dudan despisterik ederrenetako bat Xabier Sanchez Erauskinena da, “Punto y Hora” astekariaren zuzendari zenarena. Gizona presaka ibili ohi zen eta egun batean autoari motorra itzaltzea ahaztuta igo zen erredakziora. Norbaitek esan zion autoa martxan utzita etorri zela eta ez zen askorik larritu, «posible da» esan zuen eta joan zen itzaltzera.

Despisteak sinpatikoak dira, baina hanka sartzeak askotan larriak. 90eko hamarkadan hasi zen Europako Garraio Batzordea Abiadura Handiko Trenaren mapak diseinatzen eta oso gutxik pentsa zezakeen gaurko egoerara iritsiko ginenik. Euskal Y-a da Euskal Herrian egin den inbertsio publikorik erraldoiena eta izango da seguru asko egin den hanka sartzerik kolosalena ere. Gauzak dauden bezala (gain-kostu, atzerapen eta lotura faltez gainera funtzionamenduan edukitzeko dirulaguntza etengabeak beharko ditu) ederra litzateke politikoren batek esango balu: ez genuen zuhurtziaz jokatu, hanka sartu dugu, ez dakigu zer egin, epe bat hartuko dugu gauzak eztabaidatzeko. Ez lukete sikiera errua aitortu beharrik ere izango. Zalantzak dituztela esatea aski lukete eta nik barkatu egingo niekeela uste dut. Baina, lasai egon, ez da halakorik gertatuko. •