Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Izenik ez duen ezinegona

Indarrak bildu beharko dira abuztutik bueltan kurtso berriari ekiteko eta omen datorren krisialdi ekonomiko sakonari ausardiaz erantzuteko. Omen diot; izan ere, kontuan hartu behar dugu kapitalismoan etengabe errepikatzen diren bi faseek, hazkundeak eta krisiak, oinarrizko elementu psikologiko bat dutela. Krisia datorrela errepikatzen bada etengabe, ziur krisia etorriko dela, guztiok balizko etorkizun horren arabera hartuko baititugu gure erabaki ekonomikoak.

Ez dut horrekin esan nahi lana galdu duten edo beren negozioetan galera handiak izan dituzten pertsonen eta familien egoera ez dela erreala eta izugarri larria kasu askotan, baina bai ez duela zertan krisi ekonomiko batek etorri derrigor. Pentsa bestela zer nolako garai oparoak bizi izan ziren Lehen eta Bigarren Mundu Gerren ondoren Europako mendebaldean. Krisiari beldurrak gure kritiko izateko gaitasuna ahultzen du, argi pentsatzeko ezintasuna dakarkigu eta inondik inora kaltetu ez den eliteari ekinbidea eta abantaila hartzeko aukera ematen dio, gehiengoaren interesen eta bizi baldintzen kontura. Beraz, ondoriozta daiteke zein garrantzitsua den norbanakook gure kabuz pentsatzeko gaitasuna sendotzea eta gure iragana ezagutu eta ulertzea.

Azken hilabeteetan inoiz baino gehiago elitearen propagandista erabatekoa bihurtu den Eusko Jaurlaritzak bere obsesio eta aurreiritziak hezkuntza komunitatera ere bideratu ditu. Apirilaren erdialdean, DBHn ikasleek lortu beharreko minimoen zerrendak bidali zizkiguten irakasleei. Harritu ninduen minimo horiek hain argi adieraztea elitearen obsesioak: fisika eta kimika, matematika eta hizkuntzak. Besterik ez. Eliteak behar duen bakarra ferreteroak eta aginduak hizkuntza ezberdinetan ulertzen dituzten langileak dira. Jakintza instrumentala, aginduak ulertzea eta horiek aurrera eramateko tresnak erabiltzen jakitea. Ez dezatela kontzeptu zehatzik jakin (teoriarik ez omen da behar, praktika bakarrik), ez dezatela mundua ulertzeko oinarrizko jakintzarik eduki. Kontua da praktika eta jakintza instrumentala ez direla neutroak. Ez direla objektiboak. Baina hori besteak beste filosofiak eta historiak erakusten digute. Filosofia eta historia ez dira berariaz beharrezkoak arrautza bat frijitzeko edo makina bat konpontzeko. Baina bai jakiteko zergatik ari zaren arrautza bat frijitzen edota makina bat konpontzen.

Irudipena dut hemendik eta hurrengo hilabeteetan sentipen bat zabalduko dela. Jendea ez da gustura egongo. Baina ez du jakingo ondo zergatik. Gaizki omen dago mundua. Bai, horrela omen da mundua. «Omen... ni prestuki laneko aginduak betetzera mugatzen naiz, ez dut indarrik eta gogorik horren inguruan pentsatzeko». 1950eko hamarkadako emazteek ere antzeko zerbait sentitu zuten. Etxeko andrearen lanak ez zituen asetzen pertsona bezala, baina hori zen emakumeen rola, ezta? Betty Friedanek «izenik ez duen ezinegona» deitu zion. Izan ere, emakume horiek ez zuten ezagutzen aurreko hamarkadetako olatu feminista. Ez zuten imajinatzen zein bizipen interesgarriak izan zituen XII. mendean Leonor Akitaniakoak, aristokraziaren botere borrokan eta geopolitikan emakume batek izan zezakeen garrantzia. Politika, filosofia eta historia gauza arrotzak ziren. Gaur egun sinetsarazi nahi diguten modu berean. Uler daitekeenaz bestera, filosofia eta historia biziki instrumentalak dira gure egunerokotasuna ulertzeko, gure kabuz pentsatzeko eta gehiengoaren interesen kontra ari direnei eta beraien ekinbideari izena jartzeko eta aurre egiteko. •