Juantxo EGAÑA

«Kanboko Txikito» txapelduna, frontean ere pilotari

Joseph Apestegy, “Kanboko Txikito” goitizenez, 1881ean jaio zen. 17 urterekin xisterako munduko txapelduna izan zen lapurtarra, eta 1914ra arte etenik gabe eutsi zion titulu horri, baita ondoren ere, 1919tik 1923ra arte. 1900eko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, Erakusketa Unibertsalaren barnean, eta anaiarekin batera brontzezko domina bat lortu zuen. Mundu osoan barrena ibili zen, besteak beste, Madril, Paris, Kairo, Alexandria, Habana, Buenos Aires eta Mexikoko pilotalekuetan jokatzeko. Kondairak dioenez, Lehen Mundu Gerran lapurtar pilotariak bere xisterarekin granadak jaurtitzen zituen alemanen lubakietara. 1915eko otsailaren 11ko “J’ai vu” aldizkariak Kanboko Txikitori frontean zela ateratako argazki bat argitaratu zuen, eta pilotari famatuak granadak jaurtitzeko zuen trebetasuna aipatu. Lapurtarraren erregimentuko kide batek senitarteko bati idatzitako gutun batean honela zioen: «Pilota formako bonba txikiak ere baditugu, Kanboko Txikitok xistera batez botatzen dituenak». Gerra amaitutakoan, bi sari eman zizkioten, Gerrako Gurutzea eta Ohorezko Legioa. Kanboko Txikito 1950ean hil zen, Donibane Lohizunen.