2020/07/11

Iker Barandiaran
Bizi kultura

Asko eta asko dira, estu eta larri, kulturaren inguruan lan egiten dutenak, familia asko. Lehen ere ahulduta zeuden eta, orain, muturreko egoeran

Asteon aspaldiko lagun batekin izan naiz terraza batean. Erabat nazkatuta dago laguna: urteak daramatza musika taldeekin eta kontzertuen antolaketan lanean, eta orain hasia zen behingoz hortik bizimodua ganoraz ateratzen. Bada, urteetan ikasitakoa, pilatutakoa eta inbertitutakoa komun zulotik behera joaten ari zaio, tantaz tanta, jada luze jotzen dabilen bolada ilun honetan.

Baina hori ez da bere pena bakarra: amorratuta dago, ikusita kulturarekin lotutako ogibideak erabat oztopatuta eta baldintzatuta dauden bitartean, beste gune asko –jarrita geunden terraza, adibidez– jendez lepo eta ia askatasun osoz daudela. Ez da justua, ez da zentzuzkoa eta arrazoi osoa dauka.

Are gehiago, oso haserre dago ez erakunde publikoek ez alderdi politikoek ez dutelako kultura babesteko keinurik egin. Komertzio eta negozio txikien aldeko ardura erakutsi zuten hasieran, baina kultura umezurtz gelditu da erabat, eta ez dago jakiterik aurrerantzean pauso gehiago eman ahal izango dituen. Izan ere, inork ez du kultura erdigunean jarri. Hala azaldu dit gordinki lagunak.

Asko eta asko dira, estu eta larri, kulturaren inguruan lan egiten dutenak, uste dugun baino askoz gehiago, familia asko: sortzaileez gain, horien lana modu batean zein bestean plazaratzea posible egiten dutenak (promotore, diskogile, argitaratzaile, inprentako langile, aretoetako langile, diseinatzaile, soinu eta argi teknikari, tabernariak…). Lehendik ere ahulduta eta egoera prekarioan egonda, hilabete askotako diru-sarrera etenaldi honek akabatuko ditu betirako asko eta asko. Zenbat denbora iraun ahal izango dute horrela? Eta covid-19 izeneko amesgaizto hau egunen batean bukatuz gero, zer geldituko da gure kultura paisaian? Sortzaileak agian bai, baina nola eutsiko dio hamarkadetan gorpuztutako azpiegiturak?

Ni neu ere tarteka atsekabetzen naiz halako indarra eta gozamena eman izan diguten kontzerturik ez dagoelako. Eta horretaz bizi diren lagun guztiez oroitzen naizenean, pentsatzen dut haiek bai –eta ez neuk– dituztela lur jota egoteko arrazoiak sobera. Baina dagoeneko oso luze doa, eta bakoitzak badaki zeintzuk diren gozamena eta bizipoza ematen dioten indarguneak; hori ezin da alboratu.

Asteon hitz egin dut, beste hainbat eta hainbat bezala, musikaren bueltan ezagutu nuen lagun zahar batekin. Ez du edaten, ez ditu tabernak maite eta ez da inoiz hondartzara joaten. Lur jota dago, egoera berri honekin nazkatuta. Kontzertuak izan dira beti bere ihesbidea, salbazioa eta askabidea. Eta, jakina, horixe izan da luzaroan bere esparru soziala bermatu eta aberastu duen testuingurua. Orain ez du halakorik inon aurkitzen.

Horren harira, konfinamendu hasieran jasotako whatsapp meme eta antzekoen uholdetik, atentzioa eman zidan Batman eta Robin protagonista zituen irudi batek: gazteenak gaztelaniaz esaten zion maskaradunari covid-19aren erruz ezin zela kontzertuetara joan. Eta Batman-ek masaileko bat eman ostean leporatzen zion lehen ere ez zela kontzertuetara joaten.

Egia da ez dela garai batean bezainbeste jende joaten kontzertuetara, musika erdigunea den ohiko kontzertuetara behintzat, nahiz eta oraindik makina bat bagaren. Jakina, musikatik at bestelako osagai ugari dituzten jaialdi erraldoi horiek aparte uzten ditut, nahiz eta hor ere musikazaleak badiren.

Hala ere, egia da gauzen falta, horiek ez dauzkagunean sumatzen dugula. Eta agian zulo honetatik irteten bagara, azpiegitura duinari eusten edo berau berreraikitzen asmatzen badugu, posible izango da, baikor izanda, gizarteak kultura duintzea eta haren balioa nabarmentzea. Nahiko nuke hala izatea; merezita dute aspalditik. •