Mikel Zubimendi Berastegi
«JAKARTA METODOA»

Komunistak sarraskitzea estatu-erlijioa zen, munduari forma eman zion gurutzadan

Indonesian, Txilen edo Brasilen, iraganean Suhartorekin bezala orain Bolsonarorekin, «Jakarta» hitzak kode bat adierazten du, mezu argi bat: AEBekiko leialak diren gobernu autoritario eta kapitalisten aurka altxatzen direnak masakratzea. Aurkari politikoak desagerraraztea, damurik gabeko estatu-terrorismoa.

Salvador Allende Txileko presidentetzara eraman zuten 1970eko hauteskundeen ondoren, pintada eta mezu misteriotsuak azaldu ziren Santiagoko auzo aberatsetan eta ezkerreko gobernu berriko hainbat kidek jaso zituzten postaletan: “Jakarta badator”.

Hamar urte lehenago azaldu izan balira, itxaropenerako seinaletzat hartuko zituzten. Izan ere, 1950 eta 1960ko hamarkadetan Indonesiako Sukarno presidentea (Herbehereen botere koloniala garaitu eta artxipelagoa batu zuena) Hirugarren Munduko mugimenduen neutraltasunaren eta antiinperialismoaren aldeko erreferente oso ezaguna zen. Asiako, Afrikako eta Hego Amerikako herrialdeetako ekintzaileek, independentzia lortu berri zuten nazioek, asko estimatzen zuten, Gerra Hotzeko superpotentzien aurrean grabitate-zentro alternatiboa eskaintzen zuelako.

1970. urtean, baina, Txileko ezkerrak bazekien “Jakarta badator” hori indarkeria mehatxua zela. Ordurako Indonesia Suharto jeneralaren atzaparretan zegoen, 1965. urtean hartu baitzuen boterea, oraindik ere oso iluna eta informazio askorik gabeko estatu-kolpe bat garaitu ondoren. Bi urtean, milioi erdi eta milioi bat pertsona artean hil zituen, komunistak, ustezko komunistak edo komunista potentzialak izateagatik. Beste milioi luze bat kontzentrazio eta lan esparruetan sartu eta desagerrarazi zuen, hamarkada luzeetarako. Erraz idazten da, ia bi milioi pertsona! Zertarako eta Indonesiako Alderdi Komunista (KPI) suntsitzeko, inoiz armak hartu ez zituena eta Txinako eta Errusiako alderdi komunisten ostean munduko handiena eta oso eraginkorra zena. Orduz geroztik, antikomunismo armatuaren kode bilakatu zen “Jakarta”, inspirazioa, ezkerra deuseztatzeko eskuliburua.

Kode bilakatuta

Zer gertatu zen Indonesia antiinperialismoaren itsasargi izatetik komunisten kontrako genozidioaren eredu bilakatzeko? Zergatik zaigu hain ezezagun Indonesiako indarkeria hura guztia? Eta nola iritsi zen “Jakarta kodea” Txile edo Brasileraino?

Euskal Herrian badugu Hego Amerikari buruzko ezagutza handiagoa, eta, seguru asko, antzekotasun handiak aurkituko ditugu AEBek Indonesian eta Hego Amerikan jokatutako paperen artean. Egia da, bestalde, Txileko kolpistek ez zutela zertan Pazifikoa gurutzatu ezkerraren aurkako masazko estatu-biolentziaren adibide bila. Etxetik gertuago zuten, esaterako, Guatemala; CIAk hirugarren saiakeran, 1954an, Jacobo Arbenz presidente erreformista kargugabetu eta boterea Armadaren buruari eman zionean, “berehala hil beharrekoak” ziren guatemalarren zerrenda luzea zeukan.

Zergatik orduan Jakarta? Eskala kontu bat bada: munduko bosgarren herrialde jendetsuena da, eta herrialde musulman handiena. Komunismoaren aurkako borrokan koroaren harribitxia zen, Txina galdu ondoren; AEBentzat irabaz zitekeen garaikur handiena zen, Vietnamgoa baino askoz ere handiagoa. Eta zaku berean Brasil sartuz gero, ondo baino hobeto.

Eskala, metodoa eta helburua

Indonesiarrak edo nazioarteko gaietan adituak ez garenok ez dakigu askorik artxipelagoan 1965-1966 urteen artean gertatu zenaz. Indarkeria eskala eta egia lurperatuta egon dira. Suhartoren kolpearen ondorengo diktadurak munduari gezur handi bat esan zion, bizirik irten zirenak kartzelara sartu zituzten eta horietatik atera ziren apurrak ikaratuegi zeuden hitz egiteko. Baina horrek ez zuen axola. Indonesiako sarraski apokaliptiko haren ondoren, mutilatutako hilotzez bete zen nazioa, AEBen gertuko aliatu bilakatu zelako.

Washingtonek propaganda antikomunista finantzatu eta bere sokako indarrak armatu ordez, Indonesiako (eta Brasilgo) Armada ideologikoki elikatu eta teknikoki prestatu zuen. Esku hartzea ez zen munduaren begietara bistakoa izan; ez Guatemalan CIAk egin zuena bezala, edo 1953an Iranen eta 1954an Filipinetan. Xorro-xorro Kansas estatuko base militar batera eraman zituzten armadako kideak eta han dena prestatu zuten, eta abagunea iritsi zenean bi herrialdeetako armadak boterea eskuratzeko eta aurkariak jazartzeko prest zeuden.

Indonesiako komunisten aurkako sarraskia parekorik gabea da, ez soilik bere eskalagatik eta erabilitako metodoengatik, baita lortu zituen helburuengatik ere. Munduko alderdi komunista handienetakoa zeharo suntsitzeaz gain, mende erdi pasatu ondoren, “komunismo” hitzak debekatuta jarraitzen du, izen madarikatua da, tabua.

Bide politikoa itxi

Eskala bezain handia izan da genozidio horren egileen zigorgabetasuna. Suhartok 30 urtez gobernatu zuen Indonesia. Franco eta frankistekin gertatu bezala, hausturarik izan ez zenez, trantsizioak ez zituen kontuak kitatu, ez Egiaren Batzorderik edo antzekorik sortu, ezta lurperatutako historiaren azterketa kritikorik egin ere, ezer ez, deus ez.

Egileen erabateko inpunitatearen tamainakoa izan zen biktimekiko isiltasuna. Hori baita Indonesiako sarraski haren ondarea, munduko ezkertiar guztientzako mehatxu beldurgarria: desagerraraziak izan zaitezkete, ehunka mila pertsona, bi milioi, eta inork ez ditu kontuak eskatuko.

Txileko Salvador Allenderen heriotza tragikoak bezala, Indonesiako sarraskiak ezkerra armak hartzera bultzatu zuen, gainera. Nahita edo nahigabe, parte hartzeko bide guztiak itxita, hauteskundeak irabazi arren desagerrarazteraino eraso egiten dutenean, zer bide gelditzen da? Nondik jo? Ezaguna da erantzuna.

AEBen mutila

1965ean indonesiar gehientsuenek ez zekiten nor zen Suharto jenerala. Baina desklasifikatu berri diren kableen arabera, 1964tik CIAk AEBen interesen aldeko “lagun” eta antikomunistatzat jotzen zuen. Kableotan, botere hutsunea egonez gero, militarren eta zibilen arteko koalizio antikomunistaren aukera iragartzen zuten.

Nola iritsi zen Suharto boterera? Kuriosoa da, baina beste “estatu-kolpe” bat desegin ondoren, Irailaren 30eko Mugimenduak emandakoa –laburtuta G30S, “Gestapu” ere esaten zioten, Gerakan September Tiga Puluh-ren laburdura–. Honek 1965eko urriaren 1ean hasi zuen operazioaren nondik norakoek argitu gabeko misterio izaten jarraitzen dute. Tentsio handiko egoera zen armarik gabeko komunisten eta AEBek babestutako militarren artean. Inteligentzia zerbitzu britainiar eta estatubatuarrek bi aldeen arteko gatazkak elikatu zituzten. Eta Sukarno bi aldeen artean mantentzen zen. Irailaren 30eko Mugimenduko buruek soldadu taldeak bidali zituzten Armadako zazpi jeneral bahitzera, eskuin muturreko kolpe militarra prestatzen ari zirela egotzita. Sei jeneral hil zituzten eta heriotza horiek Indonesiako Alderdi Komunista (PKI) sarraskitzeko argi berdea, aitzakia, izan ziren.

Suhartok hartu zuen Armadaren gidaritza estatu-kolpe odoltsua gauzatzeko. Burutu gabeko kolpe haren arduraduna PKI zela esan zien herritarrei, eta hildako sei jeneralak deabruzko erritu batean hil zituztela; Alderdi Komunistari lotuta zegoen Gerwani emakumeen mugimenduko kideak ekarri zituztela biluzik dantza egitera, emakumeek jeneralak torturatu eta mutilatzen zituzten bitartean, hil aurretik barrabilak moztuz eta begiak ateraz; Txinak ezkutuan armak eman zizkiela... Gezurra zen guztia, Voice of America, BBC eta Radio Australia komunikabidetako albistegiek hauspotu zuten gezurra.

AEBek hasiera-hasieratik lagundu zioten Suhartori, bere propaganda zabaltzen eta narratiba antikomunista ezartzen. Komunikazio sare mugikorrak eman zizkion Indonesiako Armadari. Lehen unetik herrialdearen lider gisa aitortu zuten Armada, nahiz eta legez Sukarnok presidente izaten jarraitzen zuen.

Ordura arte herriaren babes zabala zuen PKI geldiarazten saiatu ziren. Alderdi musulman atzerakoiak diruz hornituz hasi ziren, baina alferrik. PKIk gora egiten zuen hauteskundeetan. Saiatu ziren era askotan, baina ezin. AEBetako enbaxadore Marshall Greenek Suhartok kolpea eman ondorengo kable batean argiro esan zuen; «orain dago PKIren aurka gogor jotzeko aukera, orain edo inoiz ez».

Mamuak, bizi eta mehatxagarri

Brasilgo Egiaren Batzordeak lortutako informazioen arabera, “Operação Jacarta” diktadura militarraren sarraski plan sekretu baten izena zen, Brasilgo Alderdi Komunista suntsitzea xede zuen “Operação Radar” zabalago baten parte. Ordura arte, Armadak herritarren altxamenduen aurka zuzentzen zuen indarkeria. “Operação Jacarta”, aldiz, plan ezkutua zen, gizarte taldeetan eta komunikabideetan ziharduten Alderdi Komunistako kideen kontrako estatu-terrorismo plana.

“Operação Jacarta”-k Brasilen edo Txileko Santiagoko “Yakarta Viene”-k, portugesez izan edo gazteleraz, esanahi argia zuen: Komunistak masiboki erailtzea, AEBekiko leialak ziren erregimen autoritario kapitalisten aurka zeudenak sarraskitzeko estatuak antolaturiko operazioa. Aurkarien desagerpen behartua esan nahi du, damurik gabeko estatu-terrorismoa. Hego eta Erdialdeko Amerikan maiz eta oso gogor erabiliko zena ondorengo bi hamarkadetan.

Indonesiako gertakari odoltsu haien mamuak mundua mehatxatzen du oraindik ere. Adibidez, 2016. urtean, Brasilen, munduko hirugarren demokrazia handiena deitzen zuten herrialdean, Dilma Rousseff gerrillari ohi eta herrialdeko lehen emakume presidentea kargugabetu zuten teknizismo baten aitzakian, eta parlamentu-saio hartan Jair Bolsonarok hartu zuen mikrofonoa; impeachment edo kargugabetzearen botoa Carlos Alberto Brilhamte Ustrari dedikatu zion, koronela zela Rousseffi egin zizkioten torturetan ikusle izan zenari. Neurriz kanpoko probokazioa izan zen, iraganeko diktadura antikomunista zuritu eta birgaitzeko ahalegina, eskuin muturraren asmoen adierazlea.

Brasilgo diktaduraren trantsizioak demokrazia mota xelebre bat ekarri zuen; horren adibide da elite politiko eta ekonomikoek beren interesei begira mehatxutzat jotzen zituzten Rousseff edo Lula presidenteak oztopo handirik gabe kargugabetu izana. Gerra Hotzeko deabruak deitu zitzaketen, nahi beste aldiz, nahieran, haien alde lerratu zitezen.

Zoaz orain Jakartara eta parte hartu, edo saiatu parte hartzen, 1965eko gertakariak argitzeko ikertzaileen batzar batean. Komunismoa berpizten saiatzeagatik salatuko zaituzte –50 urte geroago oraindik ere legez kanpokoa da– eta jende andana bat “komunistak bizirik erre” garrasika azalduko zaizu, ikara hezurretaraino sartuz.

Kointzidentziarik ez

Indonesia eta Brasilen arteko antzekotasun horiek ez dira kointzidentzia hutsa, 1960ko hamarkadako haustura traumatikoetan dituzte sustraiak.

Izan ere, Indonesian komunista izateak bizi osorako markatzen zaitu, deabrua bazina bezala, eta, sarri, “gaitz” hori seme-alabengana pasatzen dela pentsatzen da, anomalia genetiko baten ondorioa balitz bezala. Komunisten seme-alabak torturatuak izan ziren. Emakume batzuk haientzat umezurtz-etxeak antolatzeagatik epaitu zituzten. Sarraskia gertatu eta urteetara, enpresaburu indonesiar ospetsu batek berriki hau esan du: «Erantzun militar sendo bat behar da, komunisten seme-alabak hazten ari baitira». Egin kontu.