2020/07/18

Erreportajea
AL-ASSADTARREN PATUA
Siriako presidenteak 20 urte bete ditu agintean; 9, gerra gordin-gordinean

2000ko uztailean hartu behar izan zuen Siriako presidente kargua Baxar al-Assadek, bere aita beste oinordekorik gabe hil zenean. Botereari eutsi dio 20 urteotan, Hafez al-Assaden irakasgai autoritarioari jarraituz, baina 9. urtea hasi berri duen gerrak utzitako ondorioak larri ordainduta. Assadtarren patua.

Dabid Lazkanoiturburu
Assad1

Boterean 20 urte bete ditu iragan astean Baxar al-Assadek. Egungo Siriako presidenteak bere aita, dinastiaren sortzailea, hildakoan hartu behar izan zuen kargua.

Herrialdearen irekiera demokratikoarekiko itxaropen guztiak zapuztuta, 9. urtea du herrialde arabiarrak gerran. Krisi ekonomikoa eta politikoa puri-purian dira.

Britainia Handian hazia eta ikasia, eta oftalmologia ikasketak burututa, ez zuen agian sekula pentsatuko, baina Siriako presidente bilakatu zen Baxar Al-Assad 2000. urteko uztailaren 10ean, bere aita eta dinastia eratu zuena, Hafez al-Assad, ekainaren 10ean, 69 urte zituela, zendu eta hilabetera.

Hogei urte geroago, hain justu datorren abuztuan, bederatzi urte beteko dituen Siriako gerrari eusten jarraitzen du Baxar al-Assadek, nahiz eta askok 2011. urte hartan (eta batez ere 2012ko udan) Siriako erregimena agortutzat eman zuten, edo genuen.

Gerrari eutsi bai, baina Siriak eta siriarrek ordaindu duten prezioa izugarria izan da eta izaten jarraitzen du. Arlo guztietan, humanitariotik hasita eta herrialdea pairatzen ari den krisialdi politikoa –erregimenaren barne liskarrak– ahaztu gabe, krisi ekonomikoa barne.

34 urte besterik ez zituen Baxarrek bere aita hil zenean eta inork gutxik (berak ere ez ziur asko) pentsatuko zuen sekula boterera iritsiko zenik. Harik eta Hafez al-Assad gaixo zegoela –bihotzeko baten ondorioz hilzorian egon zen aurretik – Baxar gaztearen anaia zaharrena eta oinordekoa, Bassel, 1994an auto istripu batean hil zen arte.

Damaskoko udaberria

Baxar al-Assadek erreformista irudia zuen eta askok espero zuten ekonomia arloan liberalizazioa eta askatasun politikoa ekarriko zituela.

Bere aita hil eta hilabetera, plebiszitu batean botoen %97rekin presidente hautatu zuten.

Boterera horrela iritsita, «urduritasuna zen nagusi egun haietan, Siriak ez baitzuen aspaldi trantsizio baketsurik ezagutu», gogoratu du Center for Global Policy hausnarketa zentroko adituak.

«Hala ere, kezka hori berehala baztertu zen, Baxarrek boterera iritsi eta gaztetasunaren eta modernitatearen irudia ematen zuela ikusita».

Urtebete lehenago, 2010ean, errege gazteek hartu zuten oinordekotza Jordanian eta Marokon, eta nolabaiteko aldaketa-itxaropena hedatu zen herrialde osoan.

Sirian aditua den Georgetown Unibertsitateko Daniel Neep ere bat dator: Baxar al-Assad «erregimeneko beste ordezkari batzuekin alderatuta guztiz bestelakoa zen, gaztea, atzerrian ikasia…».

Gauzak horrela, hurrengo hilabeteetan, Siriako intelektual, abokatu eta irakasleak topaketa politikoak antolatzen hasi ziren eta erreformen aldeko komunikatuak idazteari eta banatzeari ekin zioten. «Damaskoko udaberria», 40 urte beldurrez eta isilik eman ostean, parentesi pentsaezina bilakatu zen ordura arte salbuespen egoeran bizi zen herrialdean.

Ez zuen asko iraun parentesiak, ordea.

Oposizioa berehala jazarri eta atxilotu zuen erregimenak. Liberalizazio ekonomikoarekin bai, horrekin jarraitu zuen, baina bere erara. Horrela, aberastasunak eskuratzeko «hil ala biziko lehia hasi zen Baxarren zirkuluan», kontatu du Faysal Itanik.

«Berdintasun falta eta desoreka areagotu egin ziren arlo ekonomiko eta sozialean, eta klase ertaina eta nekazaritza mundua izugarri pobretu ziren», azaldu du adituak.

Haserrea piztu zuen horrek eta haserre horrek 2011ko udaberrian eztanda egin eta Udaberri Arabiarra ekarri zuen; aurreko urteko lehorteak eta politikarienganako jendearen nazkak ere lagundu zuten.

Aitaren itzala

Teoria asko zabaldu dira Baxar al-Assadek sortu zuen itxaropena nola zapuztu zen azaltzeko. Beldurrak, inertziak, erregimenaren oreka zail eta tirabiratsuak mantendu beharra... Hala ere, guztiek Hafez al-Assad bere aitaren itzal handira garamatzate, erregimenaren muinera, hain zuzen.

30 hamar urte luzez gogor eutsi zion botereari Hafez al-Assadek, 1970eko azaroaren 16an, Defentsa ministro zela, estatu- kolpe batekin Noureddine Atassi presidentea kargutik bota ondoren.

Hiru egun lehenago, gauza bera egina zuen «Berreskuratze Mugimenduaren» izenean Assad jeneralak bere etsai guztiekin, tartean Baaz alderdiko ordezkari nagusia zen Salah Jedid-ekin.

1971eko martxoaren 12an hartu zuen presidente kargua Hafez al-Assadek erreferendum baten bitartez, bere semeak 30 urte beranduago lortuko zituen antzeko emaitzekin (%100 alde, boto-emaile bat edo bi salbu). Biztanleriaren %10 osatzen duten alauien komunitatetik sortutako lehen agintaria zen (Sirian gehiengoa sunita da, eta alauiak xiitak dira).

Siriako agintari goren berria Israelen aurkako gerrarekin estreinatu zen. Egiptorekin batera, bi herrialde arabiarrek 1967ko Sei Eguneko Gerran galdu zituzten lurraldeak berreskuratzeko erasoaldiari ekin zioten 1973ko urrian, Suezko kanalaren mendebaldean eta Golaneko goi-lautadaren ekialdean. Kostata, eta galera asko jasan eta gero (6.000 soldadu hil ziren), Israelek erasoaldiari aurre egitea lortu zuen, arabiarren artean 8.500 hildako eraginez.

Yom Kippur Gerrak (juduek emandako izena) edo Ramadaneko Gerrak (arabiarren izena) eragin handia izan zuen herrialdean eta mundu osoan.

Gerra berehala amaitu eta bi aldeek gauzak zeuden bezala mantentzeko akordioak sinatu bazituzten ere, orduko Sobietar Batasunak eskaini zien laguntza militarrak Errusiaren alde bultzatu zituen gobernu arabiarrak; Israel garaiezina zelako mitoa hautsi zen eta AEBen eta Israelen arteko lotura are estuagoa bihurtu zen.

Hala ere, Hafez al-Assadek txanpon guztiak Moskuren alde jokatu zituela uste duena oker dabil. Henry Kissingerren parte- hartzea ezinbestekoa izan zen gerra eteteko eta hurrengo urtean, 1974an, Richard Nixon AEBetako presidentea Damaskora joan eta bi herrialdeen arteko harremanak berreskuratu zituen.

1976. urteko ekainean, Siriako Armada, AEBen bedeinkapenarekin, Libanoko gerran buru-belarri sartu zen, 15 hilabeteko liskarren ondoren palestinarren aurka galtzear zeuden kristau maronitei laguntzeko.

Behin Libano kontrolpean zuela, Damaskok hautsi egin zuen maronitekin ituna eta 30 urteko okupazio militarrari eta aginte politikoari hasiera eman zion.

Siriak Irakekin zituen harremanak ere ez ziren batere onak, bi herrialdeetan Baath alderdiak agintean zeuden arren (edo daudelako).

Saddam Husseinek 1979an boterera iritsi eta berehala bera kargutik botatzeko saiakera egin izana leporatu zion Al-Assadi.

Irango gerran Teheranen alde egin zuen Damaskok eta Irakek harreman guztiak hautsi zituen Siriarekin. 1990-1991 bitartean bi herrialde arabiarren arteko tirabirak handitu egin ziren. Ohiko pragmatismoa erabiliz, Sobietar Batasunaren desegitearen ostean, Al-Assadek Washingtonekin harremanak estutu zituen.

Gobernu panarabiarren artean, Siria izan zen Irak Kuwaiten indarrez sartu ondoren AEBen inbasioarekin bat egin zuen bakarrenetakoa.

Hala ere, kanpora begirako pragmatismoarekin batera, barnera begirako errepresioa zen Al-Assaden erregimenaren muina; Mujarabat polizia politikoak eta, beharrezkoa zenean, Armadako talde bereziek gauzatzen zuten errepresio hori.

1982ko otsailean, erregimenak islamisten matxinada suntsitu zuen Hama hirian, Siria erdialdean. 10.000-40.000 hildako inguru utzi zituen hilabete luze batez al-Assaden anaia Rifaat-ek gidatzen zituen Defentsarako Brigaden eliteko talde militarraren errepresioak.

Hiru urte lehenago, 1979an, Alepo hirian (iparraldeko hiriburu ekonomikoan) 80 kadete alaui hil ziren akademia militar baten aurkako atentatuaren ostean, erregimenak gogor ekin zion Anaia Musulmanen aurka, erasoa mugimendu islamiar sunitari egotzi ondoren.

Egia da garai hartan mundu arabiar osoan Anaia Musulmanen sektore batzuek borroka armatua defendatzen zuen estrategiarekin bat egin zutela. Egia da, halaber, Al-Assad eta enparauak baliabide guztiak erabiltzeko prest zeudela gehiengo sunitaren eta islamaren izenean boterea aldarrikatzen zuen edonori aurre egiteko.

Rifaat berea eskatzen

1983ko azaroan, Al-Assad presidentea, bihotzekoak jota, hilzorian egon zen hainbat orduz Damaskoko ospitale batean.

Bere anaia Rifaat, Haman eskaini zituen zerbitzuak aldarrikatu eta boterea eskuratzen saiatu zen.

Apustua gaizki atera zitzaion eta, erregimenaren zutabeetako bat izanik ere, Siriatik alde egin behar izan zuen hurrengo urtean.

Gaitza eta barne-krisia gaindituta, Hafez al-Assadek Mendebaldearekiko harremanak lantzen jarraitu zuen. 1994ko urrian Bill Clinton AEBetako presidentea Damaskon izan zen.

1998ko uztailean, Hafez al-Assad bera izan zen Parisera iritsi zena, Mendebaldeko herrialde batera 23 urtean egindako lehen bisita ofizialean. Jacques Chirac presidente frantsesak harrera beroa egin zion.

Al-Assadtarren dinastiaren sortzaileak ez zuen, ordea, gaitza gaindituta, eta 2000. urteko ekainaren 10ean, 69 urterekin, hil egin zen. Chirac da Damaskon haren hiletan izan zen agintari bakarra.

Bassel bere oinordeko naturala hilda, eta erregimenaren barnean tirabirak itxi gabe, Baxar al-Assad izan zen hautatua, sistema horri segida eman eta bizirik jarrai zezan.

Patuaren indarra

«Damaskoko udaberriaren» desengainuaren ondoren, Baxar al-Assad gaztea nazioartean bere aitak lortu zuen arrakastari eusten saiatu zen. 2008an Uztailaren 14ko Parisko desfilera gonbidatu zuen Nicolas Sarkozy presidente frantsesak.

2011ko Udaberri Arabiarra gogor zapaldu zuen, Hafez al-Assaden irakaspenei jarraituz. Baina errepresio horrek eragin zuen gerra zibilak sekulako lurrikara sortu zuen, eskualdean eta munduan. Mendebaldea Assaden burua eskatzen zutenen ondoan jarri zen eta AEBek eta Europar Batasunak zigor ekonomikoak ezarri zizkioten Damaskori.

Gerra hasi zenetik bederatzi urte igaro dira eta Baxar al-Assadek boterean jarraitzen du, eta hori ez da gutxi. Gerra ia guztiz irabazia du, eta Idleb probintzian eta inguruan dauden Alepoko eta Hamako eskualdeetako herri batzuetan baino ez du aurka matxinada armaturik. Matxinoen artean gehienak, gainera, elkarren artean tiroka ari diren jihadistak dira.

Irango Armadari eta bere agindupean borrokatzen diren xiiten miliziei, eta batez ere Errusiari zor die, ordea, Damaskok, garaipena.

Hori gutxi balitz, Errusiak Turkia neotomandarraren aldarrikapenak izan behar ditu kontuan eta Ankarak mugaz bestaldeko lur eremu siriar handia kontrolpean du.

Kurduek ere Rojavako eta Siriako basamortuko hainbat lurralde dituzte, AEBetako Armadaren laguntzarekin. Siria zatituta dago eta potentzien gudu-zelai bilakatu da.

Estatu Islamikoa Europan erasotzen hasi zenean, Mendebaldeak ontzat eman zuen Al-Assadtarren erregimena eta alde horretatik lasai egon daitezke Baxar eta enparauak.

Donald Trump AEBetako presidenteak ezarri berri dizkion zigor ekonomikoek siriarrei egingo diete kalte, ez erregimenari.

Hala ere, ekonomikoki hondoa jo duen Siriarentzat azken kolpea izan liteke.

Libanok bizi duen muturreko krisialdiaren eraginez, eta 9 urteko gerraren ondorioengatik, Siriako monetak ez du baliorik. Idleb probintzia «matxinatuan» lira turkiarra erabiltzen ari dira; Rojava kurduarrean, AEBetako dolarrak. Damaskok aurten esperantza bakarra du, gari uzta oparoa izatea. Oparoa bai, baina gerra hasi aurrekoaren ia-ia erdia. Eta gaitz erdi, bestela askok ogirik ere ez lukete izango.

Al-Assad aitaren agindupean herrialdea txiroa zen eta Siria, Estatu poliziala, baina politikoki egonkorra zen eta eskualdean pisu handia zuen.

Libano kontrolpean zuen eta Hezbullah indar armatua erabiltzen zuen Israelen aurka egiteko. Orain, Jainkoaren Alderdi xiita ez dago Damaskoren esanetara. Aitzitik, Siriako gerran utzi dituen milaka hildakoen ordaina exijitzen du Hezbullah-k, Iranek bezala. Errusiaren begiradapean.

Baxar al-Assadek gerra irabazi du –irabazarazi diote, hobeto esanda–. Baina itxura guztien arabera bakea galdu du. «Baxar edo kaosa» zioten gerra garaiko leloek. Biak hor daude, Sirian.

MAJLOUF lehengusuarekin liskarrean

Al-Assad aitak bere anaia Rifaatekin auzia izan zuen bezala, Al-Assad semeak bere lehengusua eta Siriako pertsonarik aberatsena den Rami Majloufekin ditu tirabirak. Besteak beste, SyriaTel telefonia konpainiaren jabe da Baxar al-Assaden amaren anaiaren semea; ustelkeria egotzi diote eta Gobernuak bere enpresen kontu guztiak izoztu ditu, ordaindu gabeko 235 milioi euro exijitzen dizkiolako. Bide batez, lehengusuak zuen milizia eta alderdi parafaxista, Alderdi Sozial-Nazionalista Siriarra, desegin egin du.

Majloufek harreman ezin hobeak ditu Libanoko Hezbullarekin eta Iranekin. Bere aita, Mohamed Majlouf, Moskun bizi da eta Baxar al-Assaden irudia, eta batez ere honen emazte Asmarena (sunita) zikintzen aritu da.

Ez da bi familien arteko lehen liskarra. 2005ean majlouftarrek bost hilabetez Dubaira ihes egin behar zuten.

Aitak bere anaia Rifaat erbestera bidali zuen barne-tirabirak izan ondoren. Semeak bere lehengusu Majlouf aberats eta handinahikoarekin dauka auzia

Hafez al-Assadek matxinada islamista sunita suntsitu zuen 1982an eta ohean hil zen. Baxarrek Udaberri Arabiarra gerra bihurtu, eta irabazteko bidean da, kosta ahala kosta