Ramon Sola

2020, pandemia urtea... eta Legebiltzarrik gabea

2020. hau, 1918ko hura bezalaxe, gu guztion gogoan zein historia liburuetan pandemia urte gisa geratuko da. Baina Euskal Herrian horren isla politikoa aztertu nahi izango duen historiagileak zulo beltza topatuko du Gasteizen, eta ez covid-19aren erruz, erabaki politiko adierazgarri batzuen ondorioz baizik. Izan ere, pandemia urtea EAEko Legebiltzarrik gabea ere izan da orain arte, eta nekez konponduko da auzia falta diren hilabeteetan. Inork gutxik erreparatu dion arren, jadanik 2020. honen 30. astean garelarik, aste bakar batean izan du jarduera normala Ganbarak.

Otsailaren 3tik 10ra izan zen, ez besterik; urtarrileko ohiko etenalditik Iñigo Urkulluk hauteskundeak deitu eta legealdia amaitutzat eman zuen arte, hain zuzen ere. Zortzi egun haietan batzordeak bildu ziren. Aurretik eta ondoren, Diputazio Iraunkorra delakoa baino ez, eta oso noizbehinka, Gobernuaren lana kontrolatzeko edota behar-beharrezko erabaki potoloak adosteko gaitasunik gabe.

Urteko gauzarik deigarriena ez den arren, urtarrileko “oporraldiak” ere aipamentxo bat merezi du, bide batez. Ia hamarkada oso bat pasa da Nafarroako Legebiltzarrak etenaldi bitxi hori zaharkitutzat jo eta ezabatzeko erabakia hartu zuenetik. 2011n araudia berritu zuenean kendu zuen eta 2012tik normaltasunez jardun du nafar Ganbarak urteko lehenengo hilabetean. EAEk ez du bide bera hartu. Kasualitatea ala ez, 2012tik dugu Urkullu lehendakari. Kasualitatea ala ez, aurreko legealdian inoiz baino lege gutxiago onartu dira legebiltzar horretan: zortzi baino ez (aurrekontuak alde batera utzita), urtean bi beraz, marka da gero.

Gerokoa jakina da. Apirilaren 5ean egitekoak ziren hauteskundeak ezin izan ziren gauzatu. Gobernua kontrolatu ahal izateko bideak eskatu zituzten oposizioko taldeek, baina eskuak libre izatea nahiago izan du Lakuak, uztailaren 12ra arte. Hauteskundeak igaro ostean udako oporraldia datorrela-eta, ez dirudi inbestidura saioa abuztu bukaera edo irail hasiera arte egingo denik. Bateraezintasunen gaineko osoko bilkura etorriko da gero. Legebiltzarraren jarduera arruntaren berreskuratzea urrira atzeratuko da seguruenik.

Horiek horrela, pandemiari buruzko kudeaketan eragiteko aukerarik ez du izan Legebiltzarraren gehiengoak (gutxiengoan ari ziren EAJ eta PSE); hau da, EH Bilduko edota Unidas Podemoseko ordezkariek Madrilgo Kongresuan izan duten parte hartzea, alarma egoerei buruzko osoko bilkuretan edota Berreraikuntzarako Batzordean, ez da Gasteizen ematerik izan.

Ez da hori bakarrik. Urri aldera-edo Legebiltzarraren lanak berrabiatzean, ia urtebete igarota izango da “De Miguel auziko” epaia eman zenetik, EAJri lotutako ustelkeria sare ikaragarria azaleraziz; bada, oraindik Legebiltzarrean jorratu gabeko gaia da. Eta zortzi hilabete izango dira Zaldibarko hondamendia jazo zenetik; aurrekoarekin ez bezala, egia da Diputazio Iraunkorrak horri buruzko saioa berezia egin zuela otsailaren 18an, baina jakina da ostean zabortegiari buruzko datu berri asko agertu direla, legebiltzar baten interesekoak. Bistan da EAJ eta PSE zorretan direla EAEko Legebiltzarrarekin. Garden jokatu nahiko balute, ordea, aukerarik ez da faltako, Zaldibarri buruzko ikerketa batzordeari bide emanez, “De Miguel auziari” berandu baino lehen helduz edota covid-19aren herriz herriko datuak berriro egunero-egunero jakinaraziz kasu. Egingo al dute? •