Juantxo EGAÑA

Lasarteko Nazioarteko auto zirkuitua, 1928an

Jaio zenetik argazkigintzaren erronka handienetako bat mugimendua izoztea izan da. Eadweard Muybridgek 1870eko hamarkadan egin zituen horren inguruko lehen ikerketak. XX. mendearen hasieran, aldizkari ilustratu nagusiek kirolarekin lotutako mota guztietako irudiak eskaintzen zituzten.

Goian ageri den irudiaren egileak, Ricardo Martinek, bere makina gero eta arinagoekin jaso zituen horrelako argazkiak, “La Esfera”, “El Heraldo Deportivo” edo “As” bezalako aldizkari eta egunkarietan argitaratuz, besteak beste. Martinen argazkia Lasarteko nazioarteko auto zirkuituan jasotakoa da, Europako zirkuitu garrantzitsuenetakoa bere garaian. Lasarten, Hernanin, Urnietan eta Andoainen barna 17 kilometroko ibilbidea osatzen zuen zirkuituak. Proba bat egiten zen bakoitzean jendez leporaino betetzen zen ibilbide osoa, sortzen zuen ikusminaren seinale. Bertan une hartako lasterketa-talde garrantzitsuenak lehiatu ziren, Bugatti, Delage eta Mercedes, besteak beste.

1928an egindako argazkiak Henri Lartigue frantziarrarenak gogorarazten ditu, mugimendu sentsazioagatik eta gurpil obalatuen ikuspegiagatik. Martinek Lartigueren antzeko sistema bat aplikatzen zuen, pertsiana biribilgarri motako plano fokaleko obturadore bat zuen kamera bat erabiliz.