2020/08/01

IRUNE COSTUMERO
Alabaren zaintza lortzeko borrokan
«Makineria guztia nire kontra jarri dela sentitzen dut. Fokua niregan jarri dute»
Amagoia Mujika Telleria
0801_irune
Aritz LOIOLA | FOKU

Abuztuaren 4an beteko dira hiru urte. «Nire bizitzan pasatu zaidan gauzarik txarrena da. Bere azalean sufritu ez duenak ezin du jakin zer den bortxaz zure alaba besoetatik kentzea. Nire parte bat galtzearen parekoa izan zen. Indarkeria bortitza erabili zuten. Trikimailuak erabiliz eta azalpenik eman gabe deitu ninduten eta Poliziaren laguntzarekin eta sekulako indarkeria erabiliz kendu zidaten bost urteko alaba Bizkaiko Foru Aldundiko Umeen Zerbitzukoek». 2017ko abuztuaren 4a zen. Geroztik, «hilda bizirik» dagoela sentitzen du Irune Costumerok.

Borroka latza egiten ari da alaba berriz bere ondora ekartzeko. Borroka latza bezain luzea, hiru urte ez direlako alferrik joan. Haurrak orain zortzi urte dauzka. Bizkaiko Aldundiak dauka behin-behineko zaintza eta aitak, behin-behineko egonaldia. Amak orduka ikusten du eta duela gutxira arte beste norbaiten zaintzapean, «ezin nuen ezta komunera joan alabarekin bakarrik». Hiru urteotan amak eta alabak ez dute pasatu gau bakar bat elkarrekin, ez astebururik ez oporrik.

Costumeroren borrokak eman du fruiturik. Bizkaiko Aldundiko Umeen Zerbitzuko lau langile inputatuta daude prebarikazioa, tratu txarrak eta lesio psikikoak leporatuta. Gizarte Ekintzako diputatua, Sergio Murillo, da inputatuetako bat. Inputazio autoak jasotzen duenez, Costumerori alaba besoetatik kendu zion foru aginduak ez ditu bete «proportzionaltasun irizpideak», «indarkeriaz» aritu dira, Aldundiaren txostena «ez dator errealitatearekin bat» eta haurrarengan «ondorio larriak» sor ditzake egoera horrek guztiak. Era berean, autoak zehazten du Gurasoen Alienazio Sindromea erabili dela eta emakumeen eta haurren kontrako eskubideen kontrako eraso garbia dela hori.

Arazoa da prozesu penalaren parean prozesu administratiboa dagoela martxan. Tramite administratiboa askoz luzeagoa da, asko luzatu daiteke gainera, administrazioak berak luzatu dezakeelako. Judiziala azkarrago joaten da. Costumeroren kasuan, tramite judiziala geratuta dago. Zerbitzu sozialen esku hartzea egon zenez, tramite judiziala geratu egin zen, administratiboa ebatzi zain. Baina epaiketa datarik ez dagoenez, prozesu administratiboa ez da ebazten. Ondorioz, hiru urte daramatza epaiketa penal baten zain. «Epaiketan inputatuak daudenek txostenak egiten jarraitzen dute Bizkaiko Aldundiko Umeen Zerbitzuan, pentsa. Nire epaiketan inputatuak dauden horiek nire bisiten eta zaintzarako baldintzen inguruko erabakiak hartzen jarraitzen dute. Nola izan daiteke hori?», salatu du haserre Costumerok.

Costumeroren eta bere alabaren bizitzak ertz oso mingarriak dauzka. Egoera gogorrak sufritzea egokitu zaie. «Alabak 17 hilabete zituenean aitak bahitu egin zuen eta hiru hilabete egon nintzen haurra ikusi gabe, bizirik edo hilda zegoen jakin gabe. Ondoren epaiketa bat egon zen eta epaileak zaintza partekatua ematea erabaki zuen, astebete guraso bakoitzarekin. Haurra guraso batetik bestera pasatzeko tokia topagune bat izatea ere erabaki zuen eta aste tartean bisitak zehaztu zituen. Haurrak bi urte bete baino lehen zaintza partekatua erabaki zuen, beraz, epaile batek».

Aurretik Irune Costumerok bere bikotekidea zenaren kontrako tratu txarren salaketa jarria zuen. «Frogak banituen, baina lekukorik ez. Etxean biok bakarrik geundela gertatu zen eta epaileak ebatzi zuen ezin zela frogatu».

Haurra oso txikia zenetik hasi zen esaten ez zuela aitarekin joan nahi. «Haurra oso hiztuna izan da betidanik eta oso txikitatik hasi zen gauzak kontatzen. Aitak ematen zion tratua ez zela ona esaten zuen eta sekulako amesgaiztoak izaten zituen gauetan. Astea aitarekin pasatzetik etortzen zenean, bizpahiru egun behar izaten zituen lasaitzeko. Gaizki lo egiten zuen, botaka egiten zuen... eta pixka bat lasaitzen eta baretzen hasten zenerako, astea pasatu eta berriz joan behar zuen aitarekin. Haurrari asko kostatu zitzaion egoerara egokitzea. Nik uste dut zaintza partekatua egokia dela bi gurasoen artean gutxieneko ulermen maila bat dagoenean. Baina ez dagoenean harremanik...».

Testuinguru horretan eman zen zaintza partekatua haurrak bi urte zituenetik bost urte zituenera arte. «Tarte horretan haurra hirutan etorri zen elkargunera ubeldurekin. Topagunearen barruan, hango langileen aurrean, haurrak esan zuen aitak jo egin zuela. Oso triste zegoen eta behin eta berriz aipatzen zuen aitarekin gertatutakoa. Erietxera joan nintzen. Egoera azaldu nuen eta tratu txarren protokoloa martxan jarri zuten. Forentseak guardiako epaileari abisua eman zion, baina epaileak erabaki zuen ez zela hain larria izan eta aitarekin bueltatzeko arazorik ez zegoela». Egoera horiek behin eta berriz errepikatu dira eta hirutan aktibatu dute erietxean tratu txarren protokoloa kasu honetan.

Fokua, emakumeengan eta haurrarengan

Haurraren aita epaitua izan zen tratu txarren susmopean. «Harrigarria da epaileek izan duten jarrera. Eta guztiak emakumeak izan dira. Berehala fokua niregan eta haurrarengan jarri dute. ‘Haurra gezurtia al da?’, ‘haurra irudimentsua al da?’ eta era horretako galderak egin zizkioten epaiketa horietan aitari. Osakidetzak zabaldutako txostenak aitak tratu txarrak ematearen beldurra azaleratu arren, epaitegietan susmo horri buelta eman eta niregan eta haurrarengan jartzen zuten fokua. Gu ginen gezurtiak eta asmatzaileak».

«Haurraren pediatrak, jaioz geroztik artatu duenak, txosten garbia egin zuen haur hori tratu txarrak jasaten ari zen susmoak azalduz. Osakidetzan ere primeran artatu gaituzte eta ez dute zalantzarik izan. Haurraren kontaketa garbia izan da beti. Baina epaitegietan beste norabide bat hartu izan dute salaketek».

Egoera gero eta gogorrago jarri, haurrak orduan eta ozenago esaten zuen ez zuela aitarekin joan nahi. «Elkargunera eramaten nuenean, aitarekin astea pasatzeko, haurrak bere beharrak gainean egiten zituen eta garbi adierazten zuen ez zuela aitarekin joan nahi. Elkarguneko langileen mezua honakoa zen: ‘Haurrak lasai joan behar du aitarekin. Zuk ikusi zer egiten duzun’. Orduak eman izan ditut umea lasaitu nahian, baina alferrik. Maiz anbulantzia bati deitzeko zorian egon izan naiz, sekulako antsietate krisiak izaten zituelako. Azkenean, haurra hartu eta etxera bueltatzen nintzen, ezin nuelako egoera hartan utzi». Egoera hori gertatzen zen aldiro, aitak salaketa bat jartzen zuen.

«Bizkaiko Audientzia Probintzialak auto irmo bat egin zuen esanez nik, amak, zaintzaren akordioa betetzen nuela, haurra elkargunera eramaten nuelako. Amak bere egitekoa betetzen zuela. Autoak dio haurra zela egoera horretan jartzen zena eta ikertu egin behar zela zergatik».

Baina auto irmo hori kaleratu baino lehen indarrez kendu zioten alaba Bizkaiko Aldundiko Umeen Zerbitzutik. Ordurako Gurasoen Alienazio Sindromearen itzala jarria zuen sorbalda gainean eta amaren eta haurraren jokaera guztiak iragazki horretatik ikusten zituen Aldundiak: ama gezurtia da, haurra irudimentsua eta amak manipulatu egiten du. Amak buruan sartzen dizkion gezurrak esaten ditu haurrak aitaren kontra.

Berez Gurasoen Alienazio Sindromea ez da existitzen, inongo erakunde zientifikok ez du zilegi jotzen eta bere horretan ezin da erabili. Baina beste izen batzuekin mozorrotzen dute. «Euskal Herrian Balora da haurren babesgabetasuna neurtzeko erabiltzen den tresna. Balora horren baitan jasotzen da ‘gatazkan dauden guraso-figuren instrumentalizatzea’. Hau da, Gurasoen Alienazio Sindromea izendatzeko beste modu bat. Hori aplikatzen dutenean gertatzen da haurra bortxaz kentzea. Existitzen ez den sindrome bat erabiltzen dute. Niri hori leporatu zidaten, foru agindu baten bitartez. Nik horri kontra egin nion eta prozesu bat dago zabalik bide zibilean. Horrez gain, bide penalean ere salatu dut egoera».

Prozesu administratiboa eta prozesu penala noiz ebatziko zain, Costumerok hiru urte daramatza alabaren zaintza izan gabe. «Dena behin-behinekoa da. Baina, bitartean hiru urte joan dira eta nire alaba ez dago nirekin».

Amak egiten duen guztia, epaitua

Bitartean Bizkaiko Audientzia Probintzialak hiru auto irmo eman ditu Costumeroren alde eta Aldundiko arduradunen kontra, 2017an, 2018an eta 2019an. Baina, lehen aipatu bezala, prozesu administratiboa konpondu arte, prozesu penala geratuta dago.

«Oso susmagarria da hiru urtez epaiketaren zain egotea. Premiazko neurriak ere eskatu nituen 2019ko urrian. Edozein abokatuk esango dizu normalean hilabete batean ebazten direla eskaerok. Nire kasuan oraindik ez dut erantzunik. Normalena litzateke epaiketaren zain gauden artean haurra nirekin egotea. Forentseak txosten garbia egin du haurrari egin zaion kalte psikiko, psikologiko eta fisikoaren inguruan. Forentseak garbi esan du umea txarto dagoela. Baina, hala ere, astean bitan bakarrik ikusten dut eta duela gutxira arte, erabat zaindutako bisitak izaten ziren».

Gurasoen Alienazio Sindromea aplikatzen den kasuetan –dena delako izenarekin–, oso norabide interesatua izaten du amarengan eta haurrarengan jartzen den fokuak. Amak egiten duen edozer gauza epaitua izaten da. «Adibidez, pentsa haurrak gazta daukala meriendatzeko, baino amari esaten dio ez duela gazta nahi. Amak ogitartekoa aldatu eta txokolatea jartzen badio, hezitzaileak txostenean jasotzen du amak amore ematen duela haurraren xantaia emozionalaren aurrean. Hori ez da hezkuntza ona. Beraz, ondorioztatzen du ama ez dagoela prestatuta haurrari behar duen hezkuntza emateko».

Duela aste batzuk Irune Costumeroren alabak lagun batzuei aipatu die, jolasean zebiltzan bitartean, aitak eta aitona-amonek jokabide desegokiak dituztela berekin. Aitak Aldundira deitu eta gertatutakoa kontatu zuen. «Aldundiko arduradunek foru agindu bat atera dute esanez ez didatela bisita gehiago emango, ez delako onuragarria alabarentzat nirekin egotea».

Gurasoen Alienazio Sindromearen itzalpean, horrela gertatzen dira gauzak; amak edota umeak esandakoak ez dauka inolako baliorik. «Sentitzen dut nik bizitzen nuen egoera bati izena jarri nionean –eta nahiago dut ez erabili hitz batzuk–, makineria guztia nire eta nire haurraren kontra jarri zela. Fokua amarengan eta haurrarengan jartzen dute eta horrek gertatzen ari dena erabat desitxuratzen du».

Berez haurraren ongizatea eta babesgabetasuna ziurtatzeko sortuak omen diren tresnak kontrako eragina dute kasuotan. «Kontraesan handia da. Amak babesten duen haurrak garbi esaten du ez duela aitarekin egon nahi, eta zer egiten dute? Bada, aitari zaintza eman eta aitarekin bidali. Haurraren hitzari balioa kentzen diote eta zigortu egiten dute».

Alabarekin bisita egin ondoren hitz egin du GAUR8rekin. «Haurra etsituta ikusten dut eta izugarria da zortzi urteko haur bat horrela ikustea. Baina nik itxaropena daukat, froga garbiak ditut eta alaba nirekin ekartzea lortuko dudala espero dut. Ez daukat hori sinestea beste erremediorik. Denbora asko daukagu berreskuratzeko eta zauriak sendatu behar ditugu. Dena kendu didate, jota nago, baina, hala ere, egunero indarra atera behar dut borrokan jarraitzeko. Nola demontre errendituko naiz?».

«Harrigarria da epaileek izan duten jarrera. Eta guztiak emakumeak izan dira. Berehala fokua niregan eta haurrarengan jarri dute. ‘Haurra gezurtia al da?’, ‘haurra irudimentsua al da?’ eta era horretako galderak egin zizkioten aitari epaiketan»