2020/08/01

Mikel Zubimendi Berastegi
Maskaren kontrakoak eta «antimaskaren» kontrakoak

Narratiba ezaguna da: kontrol sozialerako operazio hutsa da, nahita ari dira irabaziak eta boterea handitzeko, gortinaren atzean den eskuak mugitzen duen txotxongiloak gara...

Baikorrek errepikatzen duten mantra da pandemia honetatik hobeak izanda irtengo garela, gure bertsio onena aterako dela sinetsita daude. «Elkartasuna da bide bakarra», horrela diote munduko borondate onenarekin. Baina hori al da kaleetan, sare sozialetan, komunikabideetan ikusten duguna? Ala kontrakoa agian? Polemikak, arrakalak, zalapartak eta pentsamendu konspiratiboak ez ote dira gailentzen ari?

Pandemiak ez du soilik sare sozialen eta komunikabide digitalen erabileraren eztanda ekarri, bertan garatzen diren talken zabalkundea ere ekarri du. Pertsonaren araberako algoritmoek funtzionatzen dutenez, ustez modu lagunkoi eta intuitiboan, gustatzen zaigula erakutsi dugun horrekin lotzera bideratzen gaituzte. Ez dizkigute beste bideak ixten, baina normalean ez ditugu urratzen.

Pandemia honetan izugarri ugaritu dira arduradunak eta etsaiak markatzeko eztabaidak eta posizioak. Konfinamenduaren kontrakoak, maskaren kontrakoak, txertoen kontrakoak, birusa existitzen ez dela diotenak, dena 5G teknologiaren errua dela uste dutenak, edo George Sorosena, edo Bill Gatesena, edo Munduko Ordena Berriarena… Gero eta ikusgarriago egin dira sareetan, eta baita kaleetan ere. Narratiba ezaguna da: kontrol sozialerako operazio bat dago, ilunpeko taldeak nahita ari dira gertakariak xaxatzen irabaziak eta boterea handitzeko, gortinaren atzean esku bat dago txotxongiloak lez gu guztiok mugiarazi nahi gaituena...

Polemika piztuta eta puztuta dabil. Sinplifikatzeko lizentzia hartuta, agian larregi sinplifikatuz, maskaren kontrakoak daude batetik eta “antimaskaren” kontrakoak bestetik. Baina kendu maskara eta jarri txertoa, berdin. Eta kendu txertoa eta jarri 5G teknologia, eta berdin baita ere. Iruzkinak, memeak, bideoak etengabe dabiltza gora eta behera, norbere posizioa partekatzen baino, besteena egurtzeko bitartekoak eskainiz.

Motibazio ezberdinak dituzten pertsonak eta taldeak arrakalarik gabeko bloke homogeneo gisa aurkezten dira. Zu zer zara, bloke honetakoa ala horretakoa? Eta taldeon inguruan are gehiago polemizatzen da, alde edo kontra egon behar da, bai ala bai. Maskaren aurkakoak insolidario eta arduragabeak dira, zientziaren kontrarioak. “Antimaskaren” kontrakoek, berriz, ez dute errealitatea ikusi nahi; gobernuaren aginduen aurrean otzan eta isilik geratzen direnen artaldea besterik ez dira. Maskaren aurkakoak indibidualista hutsak, ero irrazionalak dira. “Antimaskaren” kontrakoak, aldiz, askatasun pertsonalen kontrakoak. Eta, bien bitartean, burbuila algoritmikoek alde bakoitzaren posizioak indartzen dituzte, “etsaia” borrokatzeko armak eman, zeregin horretan arreta galtzeke, erlatibizatzeke, grisak eta ñabardurak daudela ulertzeke.

Gaur, denbora gehiago konektatuta gauden arren, informazio gehiago dugun arren, “etsai” berriak egiteko, gure sentimenduak, frustrazioak eta arrazoibideak mobilizatzeko aukera gehiago sortzen zaizkigu, “besteen” aurrean “gu” indartzeko. Behartu gabe, posizio berriak hartzera gonbidatzen gaituzten dikotomia eta balorazioak ugaldu egin dira. Zenbateraino gara aske ikusten dugun eta partekatzen dugun horretan? Gureak ez diren kanpai hotsak entzuteko prest al gaude? Gaur arrakala horiek dira. Bihar, segur aski, beste batzuk izango dira. Zoritxarrez. •