Unai Garcia
Ingurumen Teknikaria (Grunver Sostenibilidad)

Plastikoa, tetrabrika edo lata: zein da ura kontsumitzeko erarik jasangarriena?

Plastikoz betetako ozeanoen irudiek kontzientzia handia piztu dute. Kontsumitzaileek gero eta gehiago baztertzen dituzte plastikoa duten produktuak, eta, ondorioz, material alternatiboak erabiltzen dituzten hainbat marka azaldu dira merkatuan azken urteotan. Lehen plastikozko botilan erosten zen ura orain jasangarriagoak diruditen tetrabrik ontzietan eta aluminiozko latetan ere eskuratu daiteke. Benetan dira ingurunerako hobeak? Edo plastikoa kentzeak jasangarritasun sentsazioa ematea bakarrik bilatzen du?

Plastikoen ekoizpen eta erabilera hazkorrak planetako txoko guztiak mehatxatzen ditu, bereziki urtero 12 milioi zabor-tonen helmuga diren itsaso eta ozeanoak. Plastikoaren degradazio-prozesu motelak eta sakabanatze errazak itsas espezieetan hondamena eragiten du. Hala ere, 2020an material horren 500 milioi tona ekoitziko dira, duela 40 urte baino %900 gehiago.

Jadanik argi dugu plastikoaren erabilera eutsezina dela. Oihalezko poltsak eramaten ditugu erosketak egitera, txosnetara gure edalontzi berrerabilgarria zintzilik dugula joaten gara eta ontziratu gabeko produktuak erosten saiatzen gara noizean behin. Datorren urtetik aurrera plastikozko erabilera bakarreko gai batzuk debekatu egingo dira, eta beste material batzuetako lasto, ontzi eta mahai-tresnak eskuratu beharko ditugu. Pixkanaka gero eta plastiko gutxiago kontsumitzen badugu, agian sektorea ekoizpena murriztera bultza dezakegu.

Euren produktuak saltzeko plastikoa erabiltzen duten enpresak konturatu dira material horren irudia ingurumenaren suntsiketarekin lotzen dugula, eta, ondorioz, beste ontziratze aukera batzuk bilatzen dihardute buru-belarri. Batzuek euren produktuen plastiko birziklatu ehunekoa igotzeko esfortzuak egin dituzte. Beste batzuek zuzenean baztertu dute aurreko aukera eta fama hobea duten materialak erabiltzera igaro dira jardunbide jasangarriagoak exijitzen dituzten kontsumitzaileen eskaria asetzeko.

Azken estrategia aplikatu duen produktu esanguratsuenetako bat ur botilatua da. «Kaxa batean erositako ura hobea da ingurunerako», dio ura tetrabrik ontzietan saltzen duen marka batek bere iragarkian. «Erosi ura merkatuko ontzirik jasangarrienean», adierazten du horretarako aluminiozko lata erabiltzen duen beste batek.

Ura tetrabrik ontzietan eta aluminiozko latetan saltzen dituzten enpresak areagotzen ari dira, eta produktu horiek ospea azkar irabazi dute kontsumitzaile kontzientziatuen artean. Hainbat dira, gainera, jada ura plastikorik gabeko ontzi horietan eskaintzen duten jatetxe eta bestelako zerbitzuak.

Ez dago zalantzarik marketin estrategiak funtzionatu duela. Ontzi horiek plastikozkoak baino jasangarriagoak direla uste dugu denok.

Goazen egia den ikustera.

Ura PET plastikozko botilan

Litro bateko PET botila batek 30 gramo inguru pisatzen ditu. Bost urte barru mota honetako ontzien lehengai birziklatu kopuruak %25ekoa izan beharko du. Beraz, aztertutako botilak baldintza hori betetzen duela suposatuko dugu. Tapoia (bi gramo) dentsitate handiko polietilenozkoa da (HDPE).

Bi plastiko mota horiek %100ean birziklagarriak dira. Espainian merkaturatuko ontzien %30 inguru bakarrik birziklatu ahal izaten dira, hondakinak nahastuta heltzen direlako tratamendu instalazioetara. Hala ere, botila guk ondo bereizi eta fabrikan era egokian kudeatzen dela suposatuko dugu.

Ura aluminiozko latan

33 cl-ko lata batek 15 gramo aluminio inguru ditu, eta litro bat ur aztertzeko hiru lata behar direla hartuko dugu kontuan. Aurreko kasuan gertatzen den bezala, aluminioa %100ean birziklagarria denez, bidean gertatu daitezkeen eragozpenak baztertu eta osorik birziklatzen dela suposatuko dugu.

Ura tetrabrik ontzian

Tetrabrik ontziak kartoia dirudi, baina horren %25 aluminio eta plastikoz osatutako nahaste bat da, edariak kanpoko kartoia ez apurtzeko eta eguzki-argiak barruko produktua ez hondatzeko erabiltzen dena. Kanpoko kapa birziklagarria da, baina ez da existitzen barruko nahastea banandu eta birziklatzeko gai den teknologiarik. Beraz, litro bat ur biltzeko 26 gramo pisatzen dituen tetrabrik baten 19,5 gramo birziklatzen dira, eta gainontzekoa erraustu egiten da.

Emaitzak eta ondorioak

Egindako kalkuluen arabera, hiru aukeren artean karbono aztarnarik baxuena PET plastikozko botilak duela lortzen dugu (0,176 g CO2 bal.). Birziklatu ezin daitekeen tetrabrik kaxaren atalak aurrekoak baino aztarna handiagoa izatea eragiten dio (0,237 g CO2 bal.), eta, lataren kasuan, aluminioaren ekoizpen prozesuaren kaltea da aukera hau azken postura bidaltzen duen faktorea (0,477 g CO2 bal.).

Ur aztarna kontuan hartzen badugu, aldiz, tetrabrik kaxa da bizi ziklo osoan ur gutxien kontsumitzen duena (0,72 L ur bal.), hurbiletik PET plastikozko botilak jarraituta (0,98 L ur bal.). Aluminiozko lata, berriz, hirugarren postuan geratzen da (2,83 L ur bal.).

Azterketa sakon bat burutzeko ontzien bizi ziklo osoen datu zehatzak beharko genituzke, baina lehen ikerketa batek adierazten digu beste materialetako aleak ez direla zertan ingurunerako hobeak izan. Plastikoa ez erabiltzeak ez du esan nahi beste ingurumen arlo batzuetan kalterik eragiten ez denik (aldaketa klimatikoa edo baliabide naturalen kontsumoa). Beraz, plastikoaren erabilera saihestu behar den arren, konponbidea ezin da erabilera bakarreko material alternatiboak erabiltzea izan. Ontziratze beharrik ez duen txorrotako ura eskatzea da ura kontsumitzeko erarik jasangarriena.

Datuak

Karbono aztarna kalkulatzeko metodoa: IPCC 2013 GWP 100a.

Ur aztarna kalkulatzeko metodoa: Hoekstra, et. al. 2012 (WS/).

Ontzien datuak: neurketa zuzena.