2020/08/08

Imanol alvarez varela
Jakinmin elkarteko presidentea

Hezkuntzan hausnarketa etiko eta filosofikoa bultzatzeko manifestu bat bultzatu du Jakinmin elkarteak beste hainbat eragilerekin. Filosofiak geletan espazioa berreskuratzea dute helburu.

«Pentsamendu konplexua haurtzarotik lantzen hastea aldarrikatzen ari gara, eta eskola ibilbide osoan hausnartzeko espazio bat ematea»
Nerea GOTI
0808_imanol2

Hezkuntzan, hausnarketa etiko eta filosofikoaren defentsan” izenburua du hainbat elkartek, adituk eta izen ezagunek plazaratu duten manifestuak. Hezkuntza lege organiko berrira begira filosofiak geletan espazioa berreskuratzea eskatzen du. «Hausnarketa etikoak derrigorrezko hezkuntza formaleko ikasmaila guztietan presente egon behar» duela planteatzen ari dira hainbat eragile, arlo pertsonalean eta kolektiboan dituen onurei erreparatuta. Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkartea horien artean dago. Imanol Alvarez Varelaren ustez, filosofia ikasi eta praktikan jarri behar da. Dioenez, elkarrizketa filosofikoa txikitatik lantzen da, eta lanketa horrek eremu zehatz bat izan behar du eskola ibilbide osoan. Horren onurak baieztatzen dituzten azterketak daude, baita materiala eta metodologia ere.

Pentsatzen irakastearen garrantzia nabarmentzen duzue. Nola irakasten da pentsatzen?

Ez da erraza, baina, batez ere, gure buruari galderak egiten erakusten egiten da, eta galdera horiei buruz hausnartzen ikasten, eredu bat emanez baina batez ere tresnak jarriz. Guk planteatzen dugun metodologian irakaslearen edo gidariaren papera izango litzateke tresna bat, erantzunak eman beharrean galderak egiten erakustea, ikasleei beraien buruari galderak egiten erakustea. Abiapuntu gisa ariketa bat erabiltzen dugu edo abiapuntu ludikoagoak izan daitezkeenak: ipuin bat, bideo bat… filosofikoki interesgarria dena edo hausnartzeko bidea ematen duena. Guk “disparadore” hitza erabiltzen dugu askotan, pentsamenduaren “disparadore” bat izan daitekeena. Hori kudeatuta, horrela pizten da pentsamendua.

Unibertsitatera sartzeko proben harira esan duzue hezkuntza sistema bera ere ebaluatu beharko litzatekeela. Zergatik?

Nik neuk filosofia ikasi nuen eta, gero, irakasle ikasketak egin nituen. Oso paradojikoa zen irakasletza bezalako karrera batean irakasleak eredu magistrala atzean utzi dugula esatea. Ez da egia, teoria hutsa da, izan ere, azken finean, selektibitatea oraindik guztiz magistrala da, institutuetan klase gehienak magistralak dira; ikasleei erakusten zaie erantzun zuzen batzuk daudela eta horiek eman behar dituztela azterketaren egunean, baita sarri filosofia bezalako ikasgai batean ere. Selektibitatean argi ikusten da hori: bilatzen dena da ikasleak erakustea liburuan jartzen duena errepikatzeko gai dela. Hortaz ari gara, eta ez bakarrik filosofian, ikasgai guztietan hausnarketaren lanketa askoz handiagoa izan beharko litzateke.

Egungo hezkuntzari begiratuta, badirudi pentsatzeko tarte gehiago ematen dela hasierako etapetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan baino. Hau da, hausnarketa lantzeko gaitasuna handiagoa izan daitekeenean.

Guk sinisten dugu hausnartzeko gaitasun hori ez dela bakarrik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ematen, baizik eta txikitatik hasten dela. Hiru urterekin, umeak inork baino gehiago bere buruari planteatzen dizkio galderak, eta ulertzeko saiakera dago. Jakin-mina berezkoa da umeengan. Egia da aurrera joan ahala hezkuntza sisteman jakin-min horrek espazioa galtzen duela. Curriculuma gero eta potenteago agertzen da, eta ikaslearen jakin-mina edo elkarrizketarako, eztabaidarako, hausnartzeko gaitasun hori apur bat alde batera uzten da, oso gauza puntualetarako; ez da hezkuntzaren ardatz moduan erabiltzen eta, gure ustez, hezkuntzaren ardatza hori izan beharko litzateke. Jakinmin Elkartetik eta haur filosofia edo filosofia elkarte askotatik aldarrikatzen duguna da haurtzarotik hastea dagoeneko pentsamendu konplexua lantzen, eta bigarren hezkuntzan horri espazio bat ematea, denbora bat eskaintzea.

Edukiak pilatzen diren heinean, eztabaidarako tarteak ezabatzen joaten dira, ezta?

Uste dut askotan oker gaudela eta lotzen dugula edukien izate hori ikasgai “serioekin”, “garrantzitsuekin”. Orduan, familiek, hezkuntza sistemak eta irakasleek eurek ere askotan aldarrikatzen dute “edukiak” gero eta lehenago sartu behar direla; ondorioz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gero eta “eduki” gehiago eta elkarrizketarako eta hausnarketarako gero eta tarte gutxiago izaten da. Gero eta lehenago sartzen dira “edukiak” hezkuntza sisteman, Lehen Hezkuntzan bertan: etxeko lanak, “edukien” lanketa… Ez dut esaten hori ez denik egin behar, baina, agian, hori parte bat izan behar da eta beste parte bat izan behar da elkarrizketa lantzeko. “Eztabaida” hitza baino gustukoago dugu “elkarrizketa” hitza. Elkarrizketon bitartez ez dugulako bilatzen ez irabazle bat ez arrazoia duen ikaslea ateratzea, baizik eta geletan hausnarketarako espazio bat izatea.

Horrek eragin positiboak ekarriko lituzke norberarentzat eta kolektiboki?

Guk baietz sinisten dugu. Erabiltzen dugun metodologia “haur filosofia” deitzen da; hiru urtetik aurrera mugarik gabe egiten den filosofia ulertzeko modu bat da. Filosofia egitea da gehiago filosofia ikastea baino; eta bai, guk sinisten dugu horrek badaukala eragin positibo bat bai pertsonarengan bai gizartearengan. Zenbat eta pertsona gehiagok izan pentsamendu konplexua eta elkarrizketarako gaitasuna, horrek eragin positiboa du bai norberarengan, norberaren erabakiak hartzeko momentuan, hausnartzeko unean, bai gizartearengan. Matthew Lipman eta Ann Sharp duela mende erdi baino gehiago hasi ziren metodologia honekin, eta beraien proposamenaren oinarrietako bat gizarte hobekuntza zen. Beraiek ikusten zuten horren eragin positiboa gizartean eta maila pertsonalean, hazkunde pertsonalean. Sinisten dugu indibiduo moduan pentsatzen dugula, baina taldean hobeto pentsatzen dugula. Alegia, inori ezer inposatu barik, besteen pentsamendu bat entzunez aberastu egiten gara, eta, beraz, taldean pentsatzearena oso inportantea da gure ustez.

Geletan nola aplikatu daiteke hori haurtzarotik?

Elkarrizketa filosofikoa planteatzen dugu. Egin izan dugu eta egiten dugu. Oraintxe bertan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari naiz, baina Haur Hezkuntzan ere lan egin izan dut eta erabili izan dut hiru urtetik aurrera.

Adibide praktiko bat?

Abiapuntu moduan lehen aipatutako “disparadorea”, jolas bat, ipuin bat edo bideo bat izan daiteke. Material pila bat dago horretarako espresuki sortua. Bide ematen dute eta hortik abiatuta hausnarketa filosofikoa egiten da. Buruan dut orain dela urte batzuk lau urteko umeen gela batean erabili nuen ariketa bat. “Nahi dudana egingo dut” jolasa planteatu nuen. Ikasleak, harrituta hasieran, nahi zutena egiten hasi ziren. Noski, bi minutura baneuzkan bizpahiru ume «honek jostailua kendu dit» esanez... Nahi zutena egiteko jolasa zenez, «egin zuk nahi duzuna» esan nien. Desmadratzen hasi zenean moztu nuen jolasa; borobil batean eseri eta galderekin hasi nintzen beraien pentsamendua martxan jartzen. Beraiek bizitako bizipen bat zen, filosofikoki interesgarria dena. Galdetu nien zelan sentitu ziren, zer gustatu zitzaien eta zer ez, zer bota zuten faltan… Hortik abiatuta, askatasunari buruz hitz egin genuen, arauei buruz... Normalean inposatu zaizkien eta ulertzen ez dituzten kontuak ulertarazteko saiakera izan zen, edo horien gaineko hausnarketa bultzatzekoa.

Pentsamendu kritikoa bultzatzeak bestelako gaitasun batzuk garatzen ditu, enpatia, tolerantzia…

Ez nuke esango soilik pentsamendu kritikoak duen eragina denik. Hiru pentsamendu mota nagusi lantzen direla planteatu zuen Lipmanek: pentsamendu kritikoa, pentsamendu autonomoa eta besteak kontuan hartzen dituen pentsamendua. Pentsamendu kritikoa gauzak zalantzan jartzeko gaitasunarekin lotuta dago; pentsamendu autonomoa gure ideia propioak sortzearekin, eta, besteak kontuan hartzen dituen pentsamendua, enpatiaren, tolerantziaren... lanketarekin. Esango nuke lotuago dagoela metodologiarekin berarekin pentsatzen diren gauzekin baino. Batzuetan esaten da filosofiak tolerantzia garatzen laguntzen duela; ez nago ados, filosofiak pentsamendua garatzen laguntzen du, eta gero pentsamenduak eramango du pertsona bakoitza ideia batzuk edo beste batzuk hartzera, jarrera batzuk edo beste batzuk izatera. Kasu batzuetan hurbildu egingo gaitu, eta, beste batzuetan, urrundu, baina beti izango da lagungarria norberak ideiak argiago izan eta bestearenak hobeto ulertzeko. Batzuetan konturatuko gara hurbil ez gaudela, baina hori bera ere bada elkarbizitzaren garapen bat, tolerantzia azken batean. Haur filosofia lantzen den moduagatik beragatik, denak zirkuluan eserita, txandak errespetatu egin behar dira, ikasleek irakasleak baino askoz gehiago parte hartzen dute... Modu horretan ohitura demokratiko sano bat barneratzen da: besteen ideiak entzun behar dira, ez dira ideiak inposatzen... Hor bada bizikidetza eta tolerantzia lantzeko bide interesgarri bat.

Zelan artikulatu beharko lirateke filosofia eta etika hezkuntza sisteman?

Irailetik aurrera Espainiako Kongresura eraman nahi dugun manifestuan aipatzen dira hezkuntza lege organiko berriak ekarriko dituen bi berrikuntza, eta horien alde gaude, baina beste lau puntu ere aldarrikatzen ditugu. Babesten ditugun bi berrikuntzak dira Filosofia ikasgaia Batxilergora bueltatzea eta Balio Etikoak ikasgaia Erlijioaren alternatiba ez izatea, baizik eta ikasle guztiek ematea. Guk pentsamenduaren lanketa hori, hausnarketaren lanketa, Haur Hezkuntzatik hastea planteatzen dugu, oso zaila baita hamabi urteko ikasle bati hausnartzen irakastea edo elkarrizketak izaten irakastea gaia txikitatik landu ez bada. Egin daiteke, baina txikitatik hasita errazagoa da. Beste alde batetik, lanketa irakasleen formakuntzan sartzea ere planteatzen dugu, bai urtero beraien lan baldintzen barruan eskainitako trebakuntza orduetan bai Irakasle Eskolan bertan. Ereduak badaude, zenbait hezkuntza sistematan txertatu izan dira horrelako ekimenak, eta azterketek demostratu dute hausnartzeko gaitasuna bultzatzen edo handitzen dutela eta eragin positiboak dituztela ikasleen bizitza eremu guztietan, akademikoan barne. Aipatuko nuke Frantzian orain dela urte batzuk eskola publikoetan egin zuten programa bat eta sortu zuten dokumentala: “Ce n’est qu’un début” (“Solo es el principio”). Oso interesgarria da, haur filosofiari buruzko lan bat da eta, bertan, bi urtez haur filosofia erabiltzen duen Haur Hezkuntzako zentro baten jarraipena egiten da. Esperientziak, material didaktikoa, programak, azterketak... badaude.

«Pentsatzen irakasten dugu; gure buruari galderak egiten erakusten eta galdera horiei buruz hausnartzen ikasten egiten dugu»

«Abiapuntua ariketa bat, ipuin bat edo bideo bat izan daiteke; ‘disparadore’ hitza erabiltzen dugu, pentsamenduaren ‘disparadoreak’ direlako»

«Haur filosofia lantzen den moduagatik beragatik, txandak errespetatu egin behar dira, ikasleek irakasleak baino gehiago parte hartzen dute, besteen ideiak entzun behar dira... Hor bada bizikidetza eta tolerantzia lantzeko bide interesgarri bat»