Karlos ZURUTUZA
«LONDRESEKO BOSTAK» ETA BAT GEHIAGO

Balutxistango gerrillarekin bat egin zuten Pakistango ikasleen bidaia harrigarria

1970eko hamarkadan, Londresen ikasten ari ziren bost gaztek bat egin zuten balutx gerrillarekin eta, bidean, beste bat batu zitzaien. Herri ahaztu honen errespetua eta miresmena irabazi zuten sozialista iraultzaileok.

Ahmedek nekez hitz egiten du gerrillari izan zen garaiaz. Afganistango eta Pakistango gerrak hobekien ezagutzen dituen kazetaria da egun, ez da harritzekoa, beraz, “Taliban” bere liburuaren milioi eta erdi kopia saldu izana, ez eta munduko egunkari handienek bere sinadura eskatzea analista gisa. Nolanahi, ospe hori guztia jaso aurretik, Ahmedek hamar urte eman zituen balutxekin gerlari. Ahmed Rashidez ari gara.

Aipatu dugu gutxitan hitz egiten duela pasarte horretaz. Bere umiltasunagatik izan liteke, baina arrazoi gehiago omen daude bere isiltasunaren atzean. Diotenez, Pakistango Gobernuak Lahore bere jaioterrian bizitzen uzten dio baldintza bakar batekin: balutxen auzia ez jorratzea bere liburu nahiz zutabeetan.

Iran, Pakistan eta Afganistango mugek zatikatzen dute balutxen lurraldea. Herrialde haietako eskualde txiroenak izan arren, gas erreserba itzelak daude bertan, bai eta petrolioa, uranioa edota urrea ere. Bere kokapen estrategikoa ere ez da makala: Asia erdialdeko bidegurutze batean dago eta Pertsiar golkoaren atearen albo-alboan mila kilometroko kostaldea du. Ohi legez, beren sandalien azpiko aberastasunak miseria gorria baino ez die ekartzen bere jabeei. Rashidek ederki asko daki, gertutik eta bertatik ezagutu baitzuen errealitate hori.

70eko hamarkadan, Londresen ikasten zuten 25 pakistandar ikaslek talde komunista bat sortu zuten. Besteak beste, hilabetekari bat argitaratzen zuten, “Pakistan Zindabad”, non gobernuaren politika autoritarioak eta herrialdeko egoera gorria salatzen zuten. Etxetik urrun egon arren, euren herrikideek baino informazio gehiago jasotzen zuten Pakistango egoeraz eta bertako giza eskubideen urraketez. “Pakistan Zindabad”-ek nazio eskubideen gaia gogotik jorratzen zuen eta, aldi berean, oso kritikoa zen Islamabaden burututako errepresio politikekin Ekialdeko Pakistanen (Bangladesh). Taldeak, alabaina, ez zekien deus Balutxistango egoeraz.

Aldizkariaren aleak Londres, Manchester eta Birminghamen banatzen ziren, baina batzuk Pakistanera iritsi ziren klandestinoki. Bat Khair Bux Marri balutx buruzagiaren eskuetan erori zen. Marri klanaren gizon gorenak Mohamed Bhaba izeneko ordezkari bat bidali zuen Londresera eskaintza batekin: gazteek beren ideia iraultzaileak teoriatik praktikara eraman nahi bazituzten, Marritarrek lagunduko zieten.

Iraultza zer den

Londreseko gazteek asanblada bat deitu zuten erabaki bat hartzeko. Haietako zazpik balutxekin bat egitea erabaki zuten. Azken momentuan, baina, bik atzera egin zuten. Aurki, “Londreseko bostak” deituriko taldeko kideak Karatxirantz (Pakistango hegoaldea) abiatuko ziren; handik mendira jo eta Marri matxinoekin egingo zuten topo. Iritsi berriek ez zekiten balutxeraz, ezta menditarrek urduz. Itzultzaile baten laguntza ezinbestekoa izan zen lehen hilabeteetan. Marritarrentzat zaila izango zen ulertzea etorri berriak punjabi sozialista eta iraultzaileak zirela. Sind eskualdean denbora luzez bizi izandako balutxak zirela esan zitzaien, hizkuntza galdutakoak. Asko dira eta.

Miopea eta oin zapala zenez, Rashidek ohi baino gehiago sufritu omen zuen koiuntura berrira egokitu arte. Bestalde, Bangladeshko hausturaren ostean, Pakistaneko Armadak eraso bortitza bideratu zuen balutxen kontra. Herrialdearen zatiketa berri bat saihestea obsesio bilakatu zen Islamabadentzat eta beldurraren armari eutsi zion armadak: emakume asko bahitu eta sexu esklabo bihurtu zituzten; gizonezkoak, aldiz, helikopteroetatik botatzen zituzten, basamortu erdian edo euren jatorriko herrien gainean. Nekez bila liteke modu eraginkorragorik gainontzeko herrikideei mezu bat helarazteko. Aparagailu haietako batzuk Iran bizilagunaren opariak ziren. Teheran ere beldur zen Pakistango balutxen altxamendua mugaz gaindi zabalduko ote zen.

Londreseko boskoteari iritsi berri bat batu zitzaion. Mohamed Ali Talpur zuen izena, eta Sind eskualdeko balutx familia ospetsu bateko semea zen. Antza, Talpurtarrak XVII. mendean migratu zuten Balutxistandik, eta Sind eskualdeko agintariak bilakatu ziren, 100 urtez, britaniar okupatzaileak iritsi ziren arte.

«Londreseko taldearekin lotu izan naute beti, baina ez nuen haietako bakar bat ere ezagutzen. Gainera, ez naiz inoiz Londresen izan», dio Talpurrek telefonoz, Hyderabadeko (Sind) bere etxetik. Marritarrekin bat egin baino lehen, Kazetaritzan lizentziatu berri zen gazteak denboraldi bat pasa zuen ospitale batean. Senide batek lan egiten zuen bertan, eta harengandik jaso zuen medikuntzaren oinarrizko ezagutza. Talpur balutx gerrillaren “medikua” izango zen, hain zen handia taldearen eskasia. Rashidez galdetu diogu eta zera gogoratu du gizonak: «Gure kanpamenduaren egunerokoa idaztea agindu zioten, baina letra izugarri txarra zuen. Pakistandarren beste ofentsiba bat izan zela eta, koadernoak ezkutatu genituen kobazulo batean eta ospa egin genuen jarraian. Rashidi adarra jotzen genion beti; soldaduak bere bila zebiltzala esaten genion, bera zelako koadernoan idatzitakoa deszifratzeko gai zen pertsona bakarra munduan!». Azken erasoaldi bortitzak taldea zatitu zuen. Talpur eta Rashidek batera jo zuten Sind eskualdera, hango nekazarien artean babesteko asmoz.

Afganistan aterpe

Gerrak 1977ra arte iraun zuen. Urte hartan, Muhamed Zia ul Haq jeneralak boterea hartu zuen eta, geroxeago, lege martziala jarri zuen indarrean: balutx buruzagiek eta euren jarraitzaileek etxera bueltatzeko aukera eta baimena zuten. Oso gutxi bueltatu ziren. Afganistanen milaka eta milaka errefuxiatu zeuden, Marri tribukoak gehienak, eta Londreseko boskotea bertan elkartu zen berriz. Sasoi hartako gobernu komunistaren babesa zeukaten balutxek, Pakistan erabat lerratuta baitzegoen Ameriketako Estatu Batuekin. Irandik ere balutx ugari erbesteratu ziren Afganistanen, Teheranen Jomeinik boterea eskuratu ostean. Talpur, Rashid eta gainontzeko guztiek, irakasle, mediku, gerlari, sukaldari eta behar ziren esparru orotan jardun zuten.

Nobat Marri izan zen erbesteratuen seme-alabetako bat. Afganistango Helmand eskualdean jaio zen, 1982an, eta Talpurren ikasleetako bat izan zen ia hamar urtez. «Ia denetarik irakatsi zigun, ingelesa tartean. Oraindik gogoan dut alde egin zueneko tristura», dio egun Londresen bizi den balutxak. Marrik urte haietako eskasia biziki gogoratzen du oraindik –«ia oinarrizko guztiaren eza»–, bai eta talibanen presioa Afganistanen nagusitu zirenean. «Pakistanen jasandako bera pairatu genuen Helmand eta Kandahar artean bizi ginen balutxok», azpimarratu du Marrik. Amesgaiztoa, alabaina, ez da amaitu. Londresera 2011n heldu bezain laster, Faiz Mohamed bere anaiaren gorpua mutilatuta aurkitu zuten Balutxistanen. Ordurako bost hilabete zeramatzan desagertuta, eta segurutzat ematen zen Pakistango zerbitzu sekretuek bahitu zutela. Khudadad bere beste anaia ere modu berean agertu zen 2013ko ekainean, Bijjar bere lehengusuarekin batera. Zerrenda amaigabea da. Desagertu Balutxen Ahotsa (VBMP) elkarteak 20.000 laguneko desagertuen errolda osatu du.

Gazteon haurtzaroa gogorra izan zen oso Afganistango errefuxiatu kanpamenduetan. Klandestinitatean hamar urte eman ostean, malariak, hepatitisak eta, batez ere, nekeak jota, Rashidek Lahoreko bere etxera bueltatzea erabaki zuen. Orduantxe eta handik ekin zion idazteari. Nekez asmatu zitekeen bere lanek geroan izango zuten arrakasta: “The New York Times”, “The Washington Post” eta munduko beste egunkari handiek bere sinadura eskatzen dute, egun ere, kazetariak Afganistan eta Pakistango errealitate korapilatsuak zutabe batean aska ditzan. Rashid makina bat sari eta aitorpen jasotakoa da, baina umila eta gertukoa izaten jarraitzen du. Badira hamar bat urte berarekin lehendabiziko aldiz kontaktua egin nuenetik, eta prest agertu da beti nire galderei erantzuteko. Bere analisi zuhurrak egunkari honetan ere agertu dira hainbatetan.

Talpurrez antzeko esan liteke. Sindeko balutxak hogei urte pasa zituen han-hemenka, 1991n etxera bueltatu zen arte. Makina bat artikulu eta iritzi zutabe idazteaz gain, egun 75 urte dituen gizonak estuki jarraitzen du balutx mugimenduarekin lotuta. Argazkiak gurekin partekatzea ote zuen galdetu diogu eta sorta eder bat bidali digu. Erraz bereizten dugu gizona, taldeko altuena baita beti.

Erretratu batzuek antzinakoak dirudite oso. Sepia koloreak baino, bertan agertzen direnen janzkerak eta itxurak despistatzen gaitu: 11 metro dituzten Marritarren turbanteak, Asia erdialdean hegemonikoak diren galtza eta alkandora zabalak… Fusilengatik ez balitz, XIX. mendeko erretratuak direla pentsa liteke; baita lehenagokoak ere, baina, jakina, ezin liteke izan argazkigintza sortu aurretiko argazkirik.

Talpurrek bidalitako beste argazki batzuk gertuago daude denboran. Oraingoan ere erraz identifikatu dugu gizona Quetta eta Islamabad oinez lotu zituen martxan, 2013 eta 2014 artean. Desagertuen auzia salatzeko 2.000 kilometro izan ziren (Karatxitik ere igaro zen martxa) eta 106 egun behar izan zituzten ibiltariek ibilbidea osorik egiteko. Talpurrek 26 egun egin zituen oinez.

Talpurrek ez du etsi. Elkarrizketaren bukaeran, esaldi bakar batez laburtu du bere bizitzan egindako ibilbidea: «Era batera edo bestera, beti egon naiz mugimenduari lotuta».