2020/09/12

Erreportajea
DESINFORMAZIOA
Covid-19ari buruzko desinformazioak eragin masiboa du iturria sinesgarria denean

Covid-19 gaixotasuna dutenentzat ibuprofenoa erabiltzeak dituen ondorio kaltegarriei buruzko albiste faltsuaren bizitza digitala aztertu dute, tartean frantses ministro batek egindako tuit bat eta haren eragina. Ikerketaren ondorioa argia da: sinesgarritasuna duten iturriek albistearen hedapenean parte hartzen dutenean, masiboa da desinformazioaren eragina.

Augustin Lopez
0912_uoc1

Martxoan, koronabirusaren pandemia Europan hasi zenean, Olivier Veran Frantziako Elkartasun eta Osasun ministroaren tuit batek ibuprofenoa ez hartzeko gomendatu zien covid-19 gaixotasuna zuten pazienteei. Gainera, ohartarazi zuen ezaugarri analgesiko eta antipiretikoak dituen botika antiinflamatorio hori hartzeak gaixoen heriotza tasa handitu egiten zuela, nahiz eta hori frogatzen zuen ebidentzia zientifikorik ez egon. Informazio horrek albiste faltsu bati bide eman zion, eta hura hainbat herrialdetan zabaldu zen. Sergi Xaudiera Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) doktoregaiak eta Ana Sofia Cardenal UOCk Zuzenbideko eta Zientzia Politikoko Ikasketetako ikerlariak Alemanian, Estatu frantsesean eta espainolean, Herbehereetan eta Italian egiaztatu gabeko informazio horren ibilbide digitala aztertu dute Twitter bidez. Emaitzen arabera, desinformazioaren eragina masiboa da iturri sinesgarriek albistearen hedapenean parte hartzen dutenean. Kataluniaren kasua aztertu duen lanak, halaber, tokiko kanalek desinformazioa zabaltzeko edo desaktibatzeko duten garrantzia nabarmendu du; izan ere, azterlanaren ondorioen arabera, eskualdeko kanalek dute eragin handiena lurraldez lurralde.

Harvard Unibertsitateko “The Harvard Kennedy School (HKS) Misinformation Review” aldizkarian argitaratu zen ikerketa hori, eta Sergi Xaudieraren doktore tesiaren parte da. Tesi horrek larrialdi egoeretako desinformazio kasuak aztertzen ditu. «Orain arte, desinformazio kanpaina gehienak erabiltzaile arruntek edo hedabide alderdikoiek gidatzen zituzten, baina kasu honen garrantzia da ordezkari politikoak, hala nola Frantziako Osasun ministroa, eta hedabide errespetagarriak izatea istorio engainagarri horren bozgorailuak eta audientzia handitzen dutenak», azaldu du ikertzaileak.

Ahots mezu batetik...

Frantziako ministroaren Twitterreko mezuak eragin zuen ibuprofenoari buruzko albiste engainagarria, baina UOCko ikertzaileek mezuaren ibilbide publikoa arakatu, eta Alemanian bidalitako Whatsappeko ahots mezu bateraino iritsi dira. Ondoren, mikroblogen plataformako aztarna digitaletik abiatuta, aztertu dute nola zabaldu zen istorioa bi astez jatorrizko herrialdetik Herbehereetako, Estatu frantseseko eta, azkenik, Estatu espainoleko eta Italiako erabiltzaileetaraino, bai eta iturri sinesgarriek, hala nola ordezkari politikoek eta errespetatutako komunikabideek, desinformazioaren sustatzaile gisa izan zuten zeregina ere.

Estatu frantsesean eta Alemanian informazioa hedatzeko moduaren desberdintasunean ikusten da iturri ofizialen garrantzia. «Mezua Alemanian sortu bazen ere, ez zuen arrakasta handirik izan: ahots mezua hainbat erabiltzaileri bidali zitzaien, baina ezin izan zenez egilea identifikatu, sinesgarritasuna galdu zuen eta elkarrizketa globala, funtsean, hari sona kentzea eta gaiaren gaineko txantxak egitea izan zen», nabarmendu dute ikerketaren egileek. Estatu frantsesean, aldiz, iturri sinesgarri batek sustatu zuen mezua eta desinformazioak han izan zuen eraginik handiena aztertutako herrialdeen artean. Horrez gain, ia ez dago informazioa gezurtatzen duen elkarrizketarik. Izan ere, azterlanak erakusten duenez, ministroaren tuitaren ondoren beste iturri fidagarri batzuek, hala nola hedabideek, albistearen inolako egiaztapenik egin gabe errepikatu zuten, eta horrek informazioa are gehiago zabaltzen lagundu zuen.

«Bereziki da arriskutsua iturri fidagarriek eragindako desinformazioa, konfiantzazko iturriak direnez, jendeak gogoeta gutxiago egiten baitu, eta gomendioak sinestera jotzen baitu, zalantzan jarri gabe. Gainera, larrialdi egoeretan kontu handiz ibili behar da horrelako ekintzekin, okerreko tratamendu batek ondorio atzeraezinak izan baititzake», nabarmendu du ikertzaileak.

Aztertutako gainerako lurraldeak muturreko bi kasu horien artean daude, eta albiste engainagarria errepikatzen duten mezuak eta egiazkoa dela ukatzen duten beste batzuk konbinatzen dituzte. Estatu espainolean eta Italian, hedabideak eta kazetariak izan ziren desinformazioa salatzen lehenak, frantses ministroaren adierazpenak ezbaian jarriz. Martxoaren 18an, beste olatu bat agertu zen lurralde guztietan eta berehala baztertu zuten erabiltzaileek. Italian, ordea, berriro ibili zen indarrez martxoaren 20tik 23ra.

Dimentsio lokal handia

Informazio horren ibilbideak erakusten du zein garrantzitsua den gobernuentzat gizarte sareetan presentzia aktiboa izatea. «Larrialdien kudeaketari buruzko elkarrizketak detektatzeko entzute aktiboa praktikatzeak azkar jarduteko aukera ematen du, egiazkoa ez den informazioak agerikotasun maila jakin bat lortzen duenean», azaldu du. Gainera, ikertzaileek ikusi zutenez, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Sendagaien Europako Agentziak informazioaren egiazkotasuna baztertzen zuten arren, informazio hori zabaltzeko abiadura ez zen murriztu eskualde bakoitzeko kanal ofizialek gezurtatu arte. Horrek, egileen arabera, adierazten du informazioaren hedapenean eskualdeak dimentsio sendoa duela.

Tokiko iturri ofizialek albiste faltsuak agerian uzteko duten eragina ebaluatzeko, ikertzaileek Kataluniaren kasua aztertu zuten. Emaitzek erakusten dute egiaztatu gabeko informazioa zabaltzen lagundu zuten katalan erabiltzaile gehienek ez zutela iturri ofizialik erabiltzen hura argitaratzean. Bestetik, desinformazioa agerian uzten laguntzen zuten mezuak partekatu zituzten pertsona gehien-gehienak kanal ofizialen jarraitzaileak ziren.

«Desinformazioari eremu lokaletik egin behar zaio aurre. Narratiba faltsu bat eskualde batean dabilenean, tokiko erakundeek informazioa egiaztatzen eta gezurtatzen lagundu behar dute, hala behar denean. Ikusi dugu tokiko kanal ofizialei jarraitzeak eragin positiboa duela, baina kanal horiek informazio faltsua sustatzen dutenean, lurralde horretako herritarrentzat informazio arduratsua ikusezin bihur daiteke», azaldu du ikertzaileak. Alde horretatik, sare sozialen eginkizuna bereziki zaila da horrelako kasuetan. «Plataforma sozialek –kasu honetan, Twitterrek– gehiago egin dezakete eta egin behar dute, haien ekosistemetan informazio faltsua ibil ez dadin, baina aztertutako kasua bereziki kritikoa da, kanal sinesgarriak eta plataformak egiaztatuak baitira behar ez den informazioa ematen dutenak», azaldu du.

Ibuprofenoaren kasuan bezalako desinformazio egoeretan, ikertzaileek gomendatzen dute iturri ofizialak erabiltzea, jasotzen dugun informazioari buruzko jarrera kritikoa izatea eta, ahal den guztietan, beste jatorri bateko eta geografikoki urrun dagoen iturri batean baino gehiagotan egiaztatzea. Horrez gain, erakundeetan zibersegurtasun esparrua planteatzen dute, informazioan eta komunikazioan oinarritutako ikuspegitik. «Orain arte, ikuspuntu teknologikotik baino ez da aztertu zibersegurtasuna, baina kasu horiek erakusten dute mehatxuak teknologiatik harago doan dimentsioa duela, eta alderdi sozialak ere aztertu behar direla», dio Sergi Xaudierak.

Emaitzen arabera, tokiko iturriek garrantzi eta eraginkortasun handia dute albiste engainagarrien zabalkundean eta haien aurkako borrokan

Jasotzen dugun informazioarekiko jarrera kritikoa izatea eta iturri batean baino gehiagotan egiaztatzea gomendatzen dute ikertzaileek, ahal dela jatorri desberdinekoetan