2020/09/12

Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa
Goldfinger

Ados egongo gara: gaizkilearen karismak egiten du film bat handi. Heroiak, superheroiak, espiak, detektibeak… parez pare duen antagonistaren mailara iristea da protagonista ororen helburua, hura garaitzea, tramari dagokionez lehenik baina baita presentziari eta karismari dagokienez ere. Lehenengoa ia beti lortzen dute, kanon klasikoak hala dio-eta; bigarrena… ez horrenbeste. Nahiko luke Batmanek Penguin edo Jokerren maila, edo James Bondek bere antagonista zerrenda luzearena, edo Sandra Bullock eta Keanu Reevesek Dennis Hopperrena –bai, “Speed”, ez nazazue epaitu–.

Sortzaileek gertuko ezagunengana jotzen dute maiz inspirazio bila eta hala egin zuen antza Ian Flemingek James Bonden antagonista zen Auric Goldfinger asmatu zuenean. Gustura geratuko zen Fleming pertsonaiarekin, liburuari gaizkilearen izena jartzea erabaki bazuen.

“Goldfinger” 1958an idatzi zuen Ian Fleming londrestar petoak, hiria izugarri azkar aldatzen ari zen garai batean. Bigarren Mundu Gerra amaituta, berreraikuntza garaia zen eta hiria ulertzeko modua ez zen gerra aurreko berbera. Baldintzak (ekonomikoak, sozialak, teknikoak, politikoak) ezberdinak ziren eta, halabeharrez, emaitza ere bai. Bogan zeuden mugimendu modernoa –zehazki, haren aldaera brutalista–, eta paisaia viktoriar idilikoan hormigoizko eraikin andana hasi zen azaltzen pixkanaka, etenik gabe 80eko hamarkada iritsi arte. O, Thatcher.

Eraikin hauek ez ziren denen gustukoak eta ez ziren, garbi dago, Flemingen gustukoak. Urte batzuk lehenago, 1939an, arkitekto gazte batek hiru etxebizitzako bloke moderno bat eraiki zuen idazleak gaztaroa pasa zuen Hampstead auzoan, Londres iparraldean. Materialek eta eskalak bai, baina formek eta lengoaiak ez zuten zerikusirik inguruan ordura arte eraikitako arkitekturarekin. Gehiegitxo, Fleming kontserbadorearen iduriko.

Diotenez, Flemingi golfean ari zela aipatu zioten arkitekto hungariar judutar komunista gazte hura, gerra bukatu eta berehala Britania Handiko Alderdi Komunistaren egoitza eraiki zuen marxista, haur eskolak aurrefabrikatutako hormigoiarekin egitera ausartu zena. Ian Fleming 1964an hil zen eta eskerrak, gaizkileak ez baitzuen bere modus operandi-a aldatu: 1967an Balfron Tower dorre brutalista eraiki zuen eta 1972an bere obra famatuena bilakatu den Trellick Tower, Londres brutalistaren ikur nagusietakoa. Eraiki zituen etxebizitzak, dendak, eskolak, unibertsitateak, dorreak, bai eta aitortza publikoa jaso ere, bere lanagatik.

1974an Hapsteadeko etxebizitza ondare historiko izendatu zuten, 1996an Balfron, eta, bi urte geroago, 1998an, Trellick. Flemingi falta zitzaiona, onarpen sozialdun gaizkilea. Bera zen Goldfinger, Erno Goldfinger. •