2020/09/12

Xabier Izaga Gonzalez
Konponbide azkarra

Gaur zutabe demagogikoaren txanda dela uste izango du batek baino gehiagok deskuiduan, okertuta, lerrook irakurtzen baditu. Neuk ere ez ote den zalantza egin dut. Moriako hondamenaz ari naiz.

Batzuei, askori, irakurriko balute, hala irudituko litzaieke, ordea, horrexegatik ez da demagogikoa, badakidalako horrelako idatziek ez dutela jendearen, herritarren, masen konfiantza erakartzen. Eta horrexegatik da demagogikoa diskurtso xenofoboa. Gogora datorkit Javier Marotok Gasteizen udal hauteskundeetan erabili zuena jendearen, herritarren, masen konfiantza lortze aldera, hain justu ere.

Arazo konplexua dira errefuxiatuak, arazo konplexua immigrazioa oro har, baina kausarik eta konponbiderik gabekoa balitz bezala, beren larrutan sufritzen dutenen alde egiten duenari demagogo esaten zaio maiz.

Moriako jendeak ezer gabe atera behar izan omen zuen kanpalekutik bizia salbatzeko. Erraza zuten, ezer ez zeukatenez gero. Ezer gabe iritsi ziren eta ezer gabe zirauten han, infernuan, iritsi zirenean benetako infernua zela susmatzen ez zuten hartan. Zaporeak proiektuak aurreikusita zuen hango egoera lehertu egingo zela, baina ez zen eztandarik izan, sutea baizik. Oker zeuden Mugarik Gabeko Medikuak ere, kanpalekua erloju bonba bat zela esanda. Demagogoak denak, nonbait.

Europako erakundeek berehala erreakzionatu zuten, konponbide azkar bat aginduz. Konponbide azkarra, suteari, garren ondorioei, baina ez urteetan konponbide zain dagoen infernuari, duela hainbat urte konponbide azkarra behar zuenari.

Benetan uste dute hango egoeraren erruduna covid-19a izan dela? •