2020/09/12

Erreportajea
BOTERETIK SEZESIORA
Tigray Etiopiako eskualdeak joateko desafioarekin erantzun dio baztertzeari

Etiopia komunistaren aurkako borrokan lehen lerro armatuan egoteagatik boterean izan dira tigraytar politikariak Addis Abeban 1991tik. 2018an lehen ministro kargua hartu zuen Abiy Ahmedek baztertu egin ditu, prozesu demokratikoa egin gainerako etniekin eta Eritrearekin bakea sinatu ahal izateko. Haserre, Tigrayk independentziaren bidearekin mehatxatzen du.

Dabid LAZKANOITURBURU
Etiopia1

Etiopiako diplomazian aritu da 24 urtez Wondimu Asamnew, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) enbaxadore izateraino, eta mundu osoan bere herrialdea goratzen aritu izan da.

Egun, ordea, haren hizkera guztiz aldatu da. Bere garaian hainbeste goraipatu zuen Gobernu Federala «gidari mozkorra» baino ez da bere esanetan, herrialdea «anarkiara» eramaten ari dena.

Irudi hori gero eta hedatuago dago bere jaioterrian, Tigray eskualdean, Etiopiako iparraldean. Afrikako bigarren herrialde populatuenean –Nigeriaren atzetik– biztanleen %6 baino ez diren arren, tigraytarrak Etiopiako politikan jaun eta jabe izan dira luzaroan, 2018an Abiy Ahmed lehen ministroa, 2019ko Bakearen Nobel saria jaso zuena, boterera iritsi zen arte.

Abiy Ahmed Etiopiaren historiako lehen lehen ministro oromoa da. Herrialdeko lehen talde etnikoa da Oromoena eta Oromiako hiriburua da Etiopiarena, Addis Abeba.

Ordura arte eta Etiopiaren eta Eritrearen arteko gerra 1991n amaitu zenetik, Tigray Herriaren Askapenerako Fronteak (TPLF, ingelesez) agintzen zuen politikan, bera baitzen gobernu koalizioko, Etiopiako Herriaren Fronte Demokratiko Iraultzaileko (EPRDF), lehen indarra. Fronte horrek etnia desberdinen alderdiak biltzen ditu bere barnean.

Komunisten aurka borrokan

Tigray Herriaren Askapenerako Frontea armekin borrokatu zen Derg-en Etiopiako erregimen komunistaren aurka. Junta militar hori erori zenean, egoera profitatu eta boterea bere eskuetan izan du Gobernuaren aurkako manifestazioek Abiy boterera eraman zuten arte.

Boterearen muinetik alboratu zituzten Tigrayko politikarien haserrea asteazkenean azaleratu zen. Iparraldeko eskualdeko agintariek Tigrayko Mekele hiriburuko parlamenturako 190 eserleku aukeratzeko hauteskundeak presio guztien gainetik mantentzea erabaki zutenean.

Addis Abebako agintariek legez kanpokotzat jo dute hauteskunde deialdia. Etiopian aurten ziren egitekoak hauteskunde orokorrak eta eskualde guztietakoak. Koronabirusaren pandemia zela eta, hasieran abuztura arte atzeratu zituzten eta orain, berriz, bertan behera utzi dituzte.

2018ko apirilean lehen ministro kargua hartu zuen Eritrearekin bakea sinatu –horregatik eman zioten Nobel saria– eta hainbat erreforma bultzatu dituen Abiy Ahmeden onarpenaren test bezala aurreikusten ziren hauteskunde horiek.

Etiopiako Senatuak diputatuen agintaldia –Abiyrena tartean– hauteskundeak egin arte luzatzea erabaki zuen. Hauteskunde horiek covid-19a dagoeneko mehatxua ez dela iragartzen denetik 9-12 hilabetetara egin beharko dira.

TPLFk iraintzat jo du luzapena eta Abiy Ahmedek boterean nola edo hala jarraitu nahi duela salatu du.

«Gerra deklarazioa»

Ezertarako ez dute balio izan Hauteskunde Batzordearen eta Senatuaren mehatxuek –hauteskundeak Konstituzioaren aurkakoak direla eta ez dituztela emaitzak onartuko– eta Tigrayko Gobernuak berean jarraitu du. Are gehiago, hauteskundeak bertan behera utziko balituzte, «gerra deklaraziotzat hartuko genuke», ohartarazi dute Mekeletik.

TPLFk ez ditu begi onez ikusi Abiyren hainbat erreforma, batez ere giza eskubideen aurkako gehiegikeriekin eta talde armatuekin adiskidetzearekin lotutakoak. Frontearen hainbat agintariri gehiegikerietan eta gerra kontuetan buru belarri sartuta zeudela leporatuta, Gobernu berriak karguetatik bota ditu eta horiek «sorgin ehiza» salatu dute.

Behin betiko haustura, azkenean, lehen ministroak 2019ko amaieran Oparotasunaren Alderdia sortu zuenean gertatu zen. Alderdi horrekin EPRDF frontea amaitutzat jo zuen. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiek onartu zuten aldaketa, ez, ordea, tigraytarren TPLFk. Horrela, bada, Gobernu Federalaren erabakietatik kanpo geratu dira.

Estatua balitz bezala

Horrek hautsak harrotu ditu eta Tigrayko agintariak estatu independente bat balira bezala aritzea ekarri du, ez soilik hauteskundeak deitzeagatik.

Tigrayk, Etiopiarekin alderatuta, koronabirusaren aurkako neurri zorrotzagoak ezarri ditu eta bertara joaten den bisitari orok berrogeialdia egin behar du.

Are gehiago, Saudi Arabiako atxilotze zentroetan dauden etiopiar etorkinak hartzeko proposamena egin dio Riadi, Addis Abebak ahaztu egin dituela salatuz.

Independentziarako grina hori Wondimu AEBetan enbaxadore izandakoaren bilakaeran ere atzematen da.

Urte hasieran, erretiroa utzi eta lanera itzuli da Wondimu, baina Tigrayko bulego diplomatikoa abian jartzeko. Kanpoko gobernu, merkataritza ganbera eta kultura erakundeekin harremanak egiteko.

Diplomazialariak onartzen duenez, egitasmo horrekin Tigrayk mundura zabaltzeko asmoa du, Abiyren prozesu demokratikotik aldentzeko. Wondimuren hitzetan, «prozesu horrek komunitateen arteko liskarrak bultzatzen dituelako, herrialdeko gainerako lekuetan anabasa nagusitzen den bitartean, gure erakundeek (Tigrayn) funtzionatzen dute» aldarrikatzen du harrotasunez. «Lasai esan dezakezu gu lasaitasunezko uharte bat garela ur nahasien erdian», adierazi digu.

TPLF frontea ez da sekula publikoki Tigrayren sezesioaren alde agertu, baina abertzale asko jarri ditu hauteskunde zerrendan. Izan ere, beti aldarrikatu du autodeterminazio eskubidearekiko errespetua.

Bide batez, bere aukerak baliatzeko, aurpegi berriak aurkeztu ditu, orain arte TPLFrekin inolako harremanik ez zuten heziketa oneko gazte teknokratak eta enpresa gizonak zerrendatan sartuz.

«Tigraytarren artean jarrera politikoa zeharo aldatu da. TPLF berrantolatu eta berrasmatu egin da», adierazi du Kjetil Tronvollek, Etiopiako politikan adituak.

Aurpegi berriak

Hori gutxi balitz, Tigrayren Independentziarako Alderdia (TIP) ere aurkeztu da –izenak dena adierazten du–, eskualdearentzat autonomia handiagoa eta bere lurraldetasuna eta kultura babestea eskatzen duten beste bi alderdiekin batera –Salsay Woyane Tigray eta Baytona–.

«Sezesioaren ideiak gero eta oihartzun handiagoa du hautesleen artean», dio TIP alderdiko buruzagiak, Girmay Berhek. «Etiopiari berari buruz galdetzen hasi dira eta gero eta adosago daude gure analisiarekin», gaineratu du.

Abraham Gebremedhin tigraytar abeslari famatua Etiopiaren batasunaren alde agertu da beti. Eta errua Gobernu Federalarena dela argi du. Tigraytarrak «hainbeste estutu ditu, sezesioa ezinbesteko bihurtzen ari baita», kexu da.

Eritrea

Oraindik ikusteko dago Tigrayko hauteskundeen desafioaren aurrean nola erantzuten duen Addis Abebako Gobernu Federalak.

Tigray iparraldean dago, Eritrearekiko mugan. Beraz, hango agintariekin ondo eramatea ezinbestekoa da Abiyk eta Eritreako presidente Isaias Afewerkik sinatu zuten bake akordioa gauzatzeko. Akordioaren xehetasunak sekretuak dira, baina jakina da Etiopiako lehen ministroak konpromisoa hartu zuela 2000. urtean bi herrialdeen artean adostutako Badmeko hiriaren banaketa onartzeko. Badme egun Tigrayn dago; beraz, hango gobernuaren adostasuna beharko litzateke. Egia da, halere, duela bi urte akordio berria adostu zutela eta gaia ez dela oraindik mugitu.

Urduritasuna nagusi

Nolanahi ere, Addis Abeba urduri dagoela begi bistakoa da. Mekelera hauteskundeen berri ematera zihoazen hamar bat kazetari atxilotu zituzten aste hasieran. Kanpoko Kazetarien Elkarteak salatu duenez, ez zieten utzi hegazkinera igotzen eta material guztia kendu zieten, sakelako eta ordenagailuak tartean. Horrez gain, aurreko astean Emankizunen Etiopiako Aginteak, dei egin zien kanpoko hainbat kazetariri, lehen ministroak aginduta, hauteskundeen berri ez emateko «Gobernu Federalak ez baititu aintzat hartzen».

Kazetarien elkarteak dei egin dio Gobernu Federalari «ez ditzan azken urteetan prentsa askatasunaren arloan egindako aurrerapausoak bertan behera utz eta atzera egin. Hauteskundeen berri emateak ez du esan nahi haiek babestea, dagokigun lana betetzea baizik», adierazi du.

Azkenean, litekeena da Tigrayko politikariek Abiy lehen ministroak sortu zituen esperantzak suntsitzea, edo gutxienez ahultzea.

 

Tigraykoa ez da Etiopiako lurralde arazo bakarra: hor daude Oromia, Sidama. Wolaita... eta Eritrea?

Tigrayko auziak Etiopiak bizi duen zatiketa politiko eta etnikoa agerian uzten du. Horrek eta horren ondoriozko indarkeriak Abiy Ahmeden herrialdea demokratizatzeko asmoa ahultzen dute.

Liskarrak Oromian

Lehen ministroa oromiarra da, baina horrek ez du esan nahi Oromiako herrialdean babes osoa duenik. Bertako abertzaleen ustez, Abiyk ez du nahikoa egin pairatzen duten marjinazio politikoa eta ekonomikoa gainditzeko.

Giza eskubideen aldeko erakundeek Armadari errepresioaren bidea hautatzea egotzi diote, batez ere Oromiarren Askatasunerako Armada (OLA) erakunde armatuaren aurka. OLAk hilketak, atentatuak, bankuetan lapurretak eta bahiketak egiten ditu.

Joan den ekainaren bukaeran, Hachalu Hundessa oromiar abeslari ospetsua hil zuen Gobernuaren gerra zikinak. Ondorengo protestetan 178-239 pertsona artean (iturri desberdinen arabera) hil zituen poliziak.

Gatazkan 9.000 pertsona hil dira jadanik, tartean oposizioko buruzagietako bat, Jawar Mohammed, kazetariak ahaztu gabe.

Hegoaldea, zatituta

Hegoaldeko herri eta nazionalitateak izeneko eskualdea (SNNPR) osatzen duten talde etnikoek autonomia gehiago eskatzen dute. 1990etik bi estatutan eta bederatzi eskualdetan dago banatuta Etiopia. Hegoaldeko hamar taldek erregio bana eratzea eskatu dute Abiyren iritsiera aprobetxatuz eta Konstituzioak baimentzen duela kontuan hartuta. Horien artean Sidama etniakoak daude eta azaroan erreferendum bat egiteko asmoa dute.

Larriagoa da Wolaita eskualdeko egoera. Wolaitek sidamek eskatzen duten gauza berbera nahi dute, baina Addis Abebaren erantzuna desberdina izan da.

Gutxienez 17 pertsona hil dira azken egunetan wolaiten agintari politiko bat atxilotu eta Poliziak ondorengo manifestazioen aurka egin duenean.

Giza Eskubideen aldeko Etiopiako Batzordeak, erakunde ofiziala izanda ere, deia egin die agintari politiko guztiei, bertakoei eta Addis Abebakoei, «lidergoa erakuts dezaten eta autonomia gehiago eskatzen duten aldarrikapen horiei irtenbide egokia eta lasaia eman diezaioten».

Tigrayk hauteskundeak egin ditu aste honetan, Gobernu Federalaren debekuari muzin eginez. Eta Addis Abebatik aldentzen ari da, baita ere pandemiari emandako erantzunean

Abiy Ahmedek tigraytar politikariak alboratu zituen giza eskubideen aurkako gehiegikerietan aritzeagatik. Gainerako etniekin adiskidetzea ere ez zuten begi onez ikusten