Zergatik ez ordainketa elektronikoko sistema publikoa?

Bankiak eta La Caixak iragarri zuten elkarren arteko fusioa aztertzen ari direla. Komentarista guztiek oso balorazio positiboa egin zuten. Oso handia izango dela izan da iritzi hori justifikatzeko erabili duten funtsezko arrazoia. Itotzekotan, ur handitan. Ziurrenik, fusio horren beste ekarpen bat langileak kanporatzea izango da, baina hori hobe ez aipatzea. Eta azkena, bat-egitearen ondorioz sortutako erakundearen egoitza, orain bezala, Valentzian mantenduko da. Katalanak ez dira jada fidagarriak.

Banketxeen fusioek ez dute etenik. Handitasunak ez du zerbitzuaren kalitatea hobetu. Kutxabankeko bulegoen atarian ohikoak dira ilarak. Hori bai, komisioak kobratzeko artista bihurtu dira. Ezohikoa den edozein eragiketa egiteko, komisioa eskatzen du edozein bankuk. Kobratzen dute, esate baterako, transferentzia bat beste banketxe bateko kontu batera egiteagatik. Eta ordainketa diruz egiten bada leihatilan, kontzeptua idazteagatik kobratzen dute. Txartela edukitzeagatik komisio bat; erabiltzen duzun bakoitzean komisioa saltzaileari kobratzen diote eta abar.

Eta gehien harritu ninduena izan zen online egoitza elektronikoaren bidez udal bateko ordainagiri bat ordaintzerakoan, Kutxabankeko –ordainketak kudeatzen zituen banketxea– txartelekin egin zitekeela bakarrik. Egoera udaletxeko arduradunekin komentatu ondoren, berehala aldatu zuten. Pentsatzen dut beste banketxe bateko txartelak onartzeagatik udalari kobratzen zion tarifa ere aldatuko zuela Kutxabankek. Edonola ere, harrigarria da zerbitzu publiko bat eskaintzea eta kudeatzaileak aukerak mugatzea, ordainketaren monopolioa ezarriz. Ematen du Erdi Aroan bezala bukatuko dugula: edozein zubi gurutzatzeko, aurretik bidesaria ordaindu beharko dugu.

Bankuen gehiegikeriak dira araua. Espainiako Bankuak, ikuskatzaile teorikoak, ez du ezer egiten. Ziur aski horregatik dago 2014tik oinarrizko ordainketa-kontuei buruzko Europako zuzentaraua. Oinarrizko ordainketa-kontu bat da edonork nomina kobratzeko bankuan duen kontu hori. Zuzentarauaren arabera, barnean hartzen du erosketetarako txartel bat, kutxazainean dirua ateratzeko aukera, transferentziak eta argindarraren, uraren, komunitatearen ordainagiriak ordaintzeko aukera, urtean 120 eragiketara arte. 2017an Estatu espainoleko ordenamendura gehitu zen arau hori, baina beste bi urte behar izan ditu Gobernu espainolak oinarrizko kontu horrengatik banketxeek urtean kobratu dezaketen gehienezko komisioa finkatzeko: 36 euro. Bada dirua, bereziki estu eta larri dabiltzan pentsiodun, guraso bakarreko familia, langabetu eta abarrentzat.

Harrigarriena da ordaindu behar izatea oinarrizko eragiketa horien truke. Zergatik ez ditu Estatuak (Ogasunak) ordainketa elektroniko horiek antolatzen? Ez al ditu Estatuak billete eta txanponak jaulkitzen? Ezin al ditu Estatuak eskudirutan egin daitezkeen ordainketak mugatu? Iruzurrari aurre egiteko, ez al dago interesatua ahalik eta eragiketa gehien modu elektronikoan egin daitezen? Orduan zergatik ordaindu behar dugu herritarrok? Eta zergatik enpresa pribatu bati? Estatuak dirua jaulkitzen du kobratu gabe, bere ardura baita. Eta ordainketa elektronikoak ez? •